Kontzeptua

Txuntxuneroa

Gerra zibil espainarrak, jakina, eragin ikaragarria izan zuen joera hau, beste askorekin bezala, erabat mozteko. Leku batzuetan -Lizarra ezagunena- euskal nazionalismoarekin identifikatu zituzten gure musikariak, eta txistu guztiak emateko agindu zuen gobernadore militar berriak; baina beste batzuetan, berriz, ezinbestekoa zen aginte berriek behar zuten protokolorako, eta Donostian, kasu, udal txistulari banda berregiteko nahian frontetik ekarri zuten Secundino Martinez de Lecea erreketea. Ez zen, jakina, txistulari karlista bakarra, eta horregatik matxinoak batzuetan txistu-danboliñaren musikaz desfilatu ziren behin baino gehiagotan.

Txistulari batzuk, Alejandro Lizasoren kasua, gerratean hil ziren, eta beste batzuk erbesteratu, baina leku batzuetan, seguru asko karlismoaren eraginagatik, gure musikariei bide berriak ireki zitzaizkien. Kasu argiena Iruñakoa zen, non udal txistulari banda 1944an sortu zen. Bi urte geroago, eta Isidro Ansorenaren eraginagatik batez ere, txistulari alarde bat Zegaman egiten da... Juan Telleria, Cara al sol himnoaren musikagileari eskainita. Gure txuntxuneroek jo behar zuten abesti hori, baina gutxienez Gernikako arbola jotzea ere lortu zuten ordain moduan. Beti bezala, erregimen berriko zirrikituak profitatu zituzten gure musikariek pixkanaka pausoak aurrera egiteko, eta 1955ean berpiztu zuten Txistularien Elkartea eta Txistulari aldizkaria (Ansorena Miranda 1996).

Urte horietan eta bereziki hurrengo hamarkadan, berriro saiatu ziren dantzaren onestasunaren baza jokatzen, eta bere irudia berriro zerbait zaharkitutzat jotzen zen: dantzaldi batzuetan jendeak ere txistu egiten zuen txistulariak ixiltzeko, eta herri batzuetan, Hernaniren kasua bezala, udal txuntxuneroek dimititu egin zuten (Apezetxea Aguirre 1992). Baina frankismoaren azken garaietan eta Transizioan zegoen eferbeszentzia ikaragarriak ere eragina izan zuten gure musikariengan: txistua nonnahi agertzen zen eta jotzen zuten kopuru izugarriak ahaztarazi zituen, literalki, lehengo iskanbilak.

Beste alde batetik, Donostian bereziki, lehen Javier Hernandez Arsuagarekin eta gero Jose Inazio Ansorenarekin, instrumentuen eta musikarien eboluzio ikaragarria hasten da, musika eruditoaren munduarekiko azken mugak gainditzeko nahian: txistuaren hobekuntza teknikoak, batez ere afinazioari begira, beste musika-tresnekiko elkarrekin jotzea, benetako txistu-orkestraren sorrera eta batez ere, titulazio ofiziala, musika eruditoko beste instrumentuek duten bezala.

Gizarte mailan, halere, euskal gizarte garaikidearen aldaketak pairatu izan behar dituzte gure musikariek. Euskal ikonologia berrian txistua batzuetan zerbait zaharkitutzat jotzen da, zortziko, abesbatzak edo txapela bezala, eta beste musika batzuek -batez ere txalaparta edo trikitixa batetik eta rock, folk eta pop-etik etorritako joeren kontra bestetik- neurri batean baztertu egin dute. Momentu zehaztu batzuetan, adibidez, Euskadi de txistu y tamboril erabili izan da Machadoren España de charanga y pandereta bezala, nolabait euskal nazionalismo zaharkituena adierazle gisa.

Txistulariak, neurri handi batean, profesionalizatu egin dira gaur, eta beste tradiziozko instrumetu batzuek ez bezala, funtzionarizatu ere egin dira, bai irakasle edo bai udal txistulari moduan. Globalizazio une honetan mestizaia musikalez beterik, world-musicek ere bere eragina inposatu du euskal paisaia musikalean, arrakasta izugarria lortuz Euskal Herrian. Txistuarekin ez da hori gertatu, eta badirudi gure musikariek ez dutela haien lekua erabat aurkitzen, nahiz eta momentu honetan literalki gaur egun interpretatzen diren musika-mota guztietan sarturik egon.

Baina beste ikuspuntu batetik, txuntxuneroen mundua -eta gero eta gehiago berreskuratzen saiatzen ari dira izen hauek gure musikarien artean- inoiz baino aberatsagoa dela esan daiteke: 1993n Lehen Danbolin Jardunaldiak egin ziren Deustuko Unibertsitatean, eta 1997tik 2005era Nafarroan Txuntxuneroak izandako nazioarteko topaguneak. Txistularien Elkarteak web orrialde oso ikusita bat du, eta momentu honetan berrehun ale baino gehiago argitaratu ditu, musika zazpi mila baino gehiago orrialde betez. Gaur egun esan daiteke teknikoki inoiz baino hobeki jotzen dela eta inoiz baino hobeki ezagutzen dugula gure musikarien historia. Eta gaur egun, nahiz eta segur aski txistulariei inork ez liekeen esango, duela hogei urte euskal kutxaren iragarki batean bezala, txistularia izatea birritan euskalduna izatea dela, bide luzea dute aurrean gure txuntxuneroek zalantzarik gabe.