Kontzeptua

Txuntxuneroa

1927an, beste alde batetik, Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortzen da. Oso goiz hasi zen aldizkari bat argitaratzen, Txistulari, dudarik gabe gure musikariak ezagutzeko iturririk hoberena. Aldizkarian berean esaten zen bezala, izen hori harro hartzen zen beste musikari batzuk zirela adierazteko, eta ez herriko tuntuneroak, askotan karikaturizaturik, El caserío zarzuelan gertatu zen bezala. Primo de Riveraren diktaduraren garaian sorturik, lehendabiziko editorialak agintarien pean jartzeko, bereziki dantzaren onestasunari zegokionez, aprobetxatu zituzten.

Afera horrek, izan ere, lehen garrantzia hartzen zuen: batetik, euskal nazionalismorako lehen mailako asuntoa zen; diktaduraren aurrean itxura ez kaltegarria emateko ere balio zezakeen, eta gainera, txistulari horiek dantza soltearen mantenuan ikusi zuten bizirik irauteko posibilitate bakarra. Agian horregatik dantza hauek osatuko dituzte, batez ere, aldizkari horretako partitura ugariak. Elkartearen sormena ospatu zen, meza baten ondoren, ia ehun musikarik kontzertu txiki batekin horretarako espreski egindako errepertorioa joz. Inoiz ez zen halako zerbait ikusi, eta publikoaren gustokoa izan zen, formula berri eta arrakastatsu bati, txistularien alardeari, hasiera emanez.

Interpreteen kalitatea biziki igo zen, eta bai bakarlari ospetsuenak, hala nola Isidro Ansorena, Alejandro Lizaso edo Primitivo Onraita bai estandarizatzen ari ziren txistulari bandak (lehen txistua, bigarren txistua, silbote eta atabala), Donostiako, Errenteriako eta Gasteizko udal txistulari bandak adibidez, kalitate handiko interpretazioak egiten zituzten, merkatu diskografikoan sartuz. Euskal musikagile ospetsuenek ere obrak egin zituzten talde honentzat, eta aldizkarian argitaratzen ziren. Argitaraturiko errepertorio horretan, zer esanik ez, hamarkada baztuk lehenago hain ugariak ziren balse, polka, habanera, mazurkak... ez ziren inolaz ere agertzen. Dantza batzuetako bertsio ofizialak, batuak ere egin ziren, eta orokorrean badirudi txuntxuneroen mundua batu zela nolabait, beste prozesu folkloristiko bat izango balitz bezala. Eta aldizkarian beran argi islatzen da errepertorioaren berrikintzaren eta musikagile ospetsuen obren agerpenaren aldeko txistularien eskaerak.

Eta euskal agintarien sostengua argia izan zen, Nafarroan izan ezik. Izan ere, nabarrismo politiko berriak ere hartzen zuen txistua euskal ikonotzat, eta Nafarroako aldundiak, demagun, ez zion laguntzarik eman Txistularien Elkarteari, Gipuzkoak, Bizkaikoak eta Arabakoak egin zuten bezala. Bitxikeria bada ere, ikuspuntu hau gure interpreteen izenez ere adierazten zen: chistulari izena, Diario de Navarra kexu agertu zen, gaztelaniazko chunchuneroa, nabarrismo peto-petotzat joa, ordezkatzen ari zelako (Sánchez Ekiza 1996).

II. Errepublikaren garaian ere Txistularien Elkartea saiatu zen jarrera apolitiko eta profesional garatzen, nahiz eta bere bazkideen ideia politikoak batez ere nazionalistak eta karlistak zirela suposatzekoa izan. 1932n, halere, eta administrazioa Bizkaian izanik, bigarren garai bat irekitzen da aldizkarian, aleen zenbateka berriarekin, non EAJren inguruko kolaborazioak nabariagoak ziren. Hala ere, joera hauek gutxituko dira pixkanaka, eta desagertuko dira administrazio eta zuzendaritza nafarrarekin. 1936an, izan ere, gerraren bezperetan, andre batek, Paz de Zigandak, karlista eta nazionalista oso nabariek osatzen zuten Txistulari Elkarteko zuzendaritza baten burua izan zen. Baina honek ez du esan nahi tentsio politikoak ez zirela oso nabariak, eta txistularien agerpena, adibidez eskatu zuten 1932an bai Jose Antonio Agirrek euskal estatutuaren aldeko Iruñako asanbladarako, bai Errepublikako gobernuak bere urteurrena ospatzeko.

Orokorrean, alegia, euskal berpizkunde kultural bat baldin bazegoen, momentu hauetan txistularien berpizkundea ere bizi zen. Lehenak bigarrenari lagundu zion, baita ideia erromantikoek eta nazionalistek ere, baina ezinezkoa zen hori gertatzea horretaz baliatzeko gai zen gizakirik ez bazegoen. Eta txuntxuneroek mendeen zehar egindako ahaleginak orain loratu ziren, ez bakarrik folklorista edo zaleen gutxienekoaren gustuen arabera, beti aldakorrak izaten diren jendearen gustuen arabera baizik.