Kontzeptua

Txuntxuneroa

Hala ere, ez dirudi XIX. mendean zehar gure txuntxuneroaren gizarte maila gehiegi igo denik. Moda bukolikoa eta ilustratuen interesa utzita, badirudi gure musika-tresnen irudia okertu zela, zaharkiturik eta interes gutxikotzat hartuta, beste garaietako boterearekin loturik ez bazegoen. Beste musika-tresna batzuk, akordeoiak eta pianolak kasu, Euskal Herriratu ziren bere kromatismo erraza eta soinu distiratsuarekin, eta lehen musika bandak osatzen ari ziren. Orain gure musikarien errepertorioa hobeki ezagutzen dugu, eta kromatismo horiek eta soinua altuagoa bilatzen zirela badakigu, instrumentuen baliabideak apur bat bortxatuz.

Txuntxuneroen maila musikala, mundu eruditoarekin lotuta, hobetu egin zen, eta gutxienez hiri handietako udal karguak hartzeko goi altuko oposaketak egin ziren non aurkeztu direnek, jo izateaz gain, duoak egiten, inprobisatzen eta konposatzen ere jakin behar zuten. Errepertorioan pieza batzuek zailtasun oso altuak zituzten, benetako birtuosismoa erakutsiz. XIX. mendeko ohiko errepertorioko piezek, Iztuetak gomendatzen ez zituenak hain zuzen, osatzen zuten batez ere errepertorio hori: balseak, habanerak, zortzikoak, kontradantzak eta fandangoak bereziki.

XIX. mendeko azken laurdenean batez ere foruen galerak beste giro bat sortu zuen Euskal Herrian. Pixkanaka, arrisku gorrian ikusten ziren usadio euskaldunak mantentzeko joera gero eta garrantzitsuago bat sortu zen bereziki hirietan. Usadio horien artean, jakina, dantza onestoa eta txuntxuneroen izaera ere oso inportanteak ziren eta gogoz defendatzen ziren, adibidez, akordeoi eta musika banden kontra, dantza lotua erakartzen zirenak ikuspuntu horretatik.

Pentsamendu horren adierazle oso egokia izan zen Arturo Kanpionen gaztelaniaz idatzitako ipuintxo bat, El último tamborilero de Erraondo (1917). Pedro Fermin Izkok berrogeita hamar urte pasa izan ditu Argentinan artzain, beste euskaldun batzuen zerbitzuan. Bere herrira, Erraondora, itzultzeko gogoa dut, eta hara, Nafarroako Erdialdera, abiatzen da: hurbildu ahala, dena arrotz egiten zaio: paisaia erabat ezberdin, zuhaitzak moztuak eta horixka dena. Baina hori ez da ezuste bakarra. Herria hurbiltzerakoan hasten da, bere gaztedi denboran bezala, txistua eta danbolina jotzen. Baina jendea ez doa, berak espero duen moduan, berarekin topatzera.

Azkenean inguratzen dute, baina ez dantzatzera, kuxkuxeatzera baizik. Rañondoko, eta ez Erraondoko, biztanleek ikusten dutena ez da dantzatzeko musika-tresna, zikiratzaileen txilibitua baizik, eta, jakina, ez dute euskara ulertzen. Pedro Fermin azkenean herrikoa delaz jabetzen direnean, jota basati bat kantatzen diote. Herriko gazteek oso ongi tratatzen dute, meriendatzera gonbidatuz, baina berak herri horretakoa ez dela sentitzen du, eta badoa. Bidean haritz batekin topatzen da. Zaharra da, baina kimu txiki bat sortu berria du. Beraren aurrean bere gogoko doinu zahar guztiak azken aldiz jotzen ditu. Malkoek itsuturik, mendia jesten da, danbolinaren barnean ez bakarrik bere arima, Rañondorena eta bere eskualderena ere eramanez.

Gure azken txuntxuneroa da, momentu horretan galtzen ari zen kultur baten adierazle eta ikurra ezin hobea. Galtzen ari zena, baina artean erabat galdu gabe era beraz berreskuragarria. Berreskuratzea hain zuzen helburutzat hartuko dute elkarte batzuek, hala nola Euskara Elkartea, edo Euskal-Erria Elkartea. Aldizkariak argitaratzea eta lore-jokuak antolatzea izan ziren haien ekintza garrantzitsuenetariko batzuk eta bai bata bai bestea iturri ezinbestekoak dira garai honetako danbolinteroei buruzko argibidea izateko. Euskal lore-joku horietan, kasu, bai txistularien bai gure instrumentuendako errepertorio berriko konposaketa lehiaketak egin ziren. Lehiaketa hauetan bereziki argi agertzen da talde hauen asmoa ez zela bakarrik gure musikariak bizirik mantentzea, horiengan esku hartzea ere baizik.

Euskal berpizkunde kultural honen asmoak oso puristak ziren, eta horregatik lehiaketa hauetan beti azpimarratzen zen musika bakarrik euskalduna izan behar zela, nahiz eta kasu batzuk horrela hartzea nekez egingo genituzkeen gaur egun, hala nola San Ignazio Martxa edo Cristóbal Oudrid Extremadurako musikagileren Subizako errotaria zarzuelako. jota. Hasiera batean, izan ere, jota errepertorio euskaldunaren barruan ikusten zen, baina laister, ikur aragoiar eta espainartzat hartuta, iritzi hau aldatu egin zen. Salboespen gisa, errepertorio klasikoa, hots, Klasizismo musikalekoa, hain arrunta tradizio txistularian, onartzen zen. Edozein kasutan, testu hauetan argi gelditzen da danboliña musika-tresnarik euskaldunena zela jende guztiarentzat.

Hala ere, ideia foruzale hauek nazionalismo politiko bihurtu zen Sabino Arana eta EAJren esku. Euskal nazionalismo politikorako ere, txuntxuneroak euskal arrazaren adierazle oso egokiak ziren, dudarik gabe horien artean agote eta ijitoen agerpena nabaria alde batera utzita, eta beraien errepertorioko doinu bat, Durangoko Merinaldeko Dantzari-dantzaren martxa, hartu zuten Sabinok berak idatzitako hizkiekin euskal ereserki nazionala, Gora eta gora Euzkadi egiteko. Gure musikarien paper ezinbestekoa euskal dantza onestoak mantentzeko azpimarratzen zen, eta, beste euskal ekintzak baino errezagoa zela jakinda, bereziki zonalde ez euskaldunetan, txistua jotzen ikastea bereziki alderdiko adar gaztek, EGIk, garatu zuen ekintza bat zen, batzokietan klaseak emanez.

Euskal nazionalismorako bereziki, une horretan gertatzen ziren aldaketa kulturalak borroka moduan interpretatzen ziren: ohitura berri eta arrotzak zeuden batetik, eta euskal usadio zaharrak, atzerakadan zeudela eta horregatik zaindu behar zirenak bestetik. Autobabes gisa aurkezturik, boluntarismoa oso handia adierazten zuen, euskal kulturaren une horretan zeukaten ezagutza baino handiagoa. Dantza lotuaren aurkako borrokak gurutzadaren dimentsioak hartu zituen, eta, propangandaren garrantziaz jabeak, ez da harritzekoa Alderdiko ekintza gehienetan tradiziozko euskal dantza erakustaldiak eta txuntxuneroen agerpena ere izatea, dianak joz eta erromerietako dantzak interpretatuz. Eta Alderdiko egunkarietan eraso bortitzak agertu ziren dantza lotuaren arduraduntzat jotzen zirenentzat, akordeoia eta musika bandak bereziki.

Gauzak, hala ere, ez ziren hain argiak momentu hauetan, eta euskal musika, beti bezala, beste leku batzuetatik etorri diren musikekin nahasten ari zen. Adibide argienak momentu horietan izan zitezkeen hain euskalduntzat hartzen ziren fandango eta arin-arinak, edota garaiko zortzikoak, haien alde euskaldun bakarra, hainbeste egilek azpimarratu zuten bezala, erritmoa baitzen. Gaskuek (1920:95), adibidez, azpimarratzen zuen txuntxuneroak zirela Euskal Herrian toreatzaile eta harroputz moduko jotak, polkak, balseak, habanerak eta pasodobleak sartzeko baliabide nagusiak. Eta, gaia ongi aztertu gabe badago ere, elementuak ditugu pentsatzeko musika bandak eta txuntxuneroak errealitatean ez zirela hain etsaiak; askotan, adibidez, udal danbolinteruek bandetan beste musika-tresna batzuk jotzen zituzten, eta hori bandaren sortzaileak edo bultzatzaileak ez zirenean.

Alabaina, euskal berpizkunde kulturala sendotu ahala, bere interesa musika eruditoan, eta bereziki euskal nazionalismo musikalean zentratu zen. 1902 urtetik txuntxuneroen lehiaketa hauek Euskalerriaren alde aldizkarian Fiestas Éuskaras, Juegos Florales y Concursos de agricultura y ganadería. Intereses agrícolas epigrafearen pean agertu ziren, eta ez Musika sailan, Usandizaga eta Guridi bezalako musikagile, interprete eta kontzertuek betetzen zutena. 1913tik aurrera konposaketa lehiaketak desagertu ziren haien helburuak -doinu berriak eta dotoreak, ohikeria zaharretatik urruntzen ziren harmoniak, hori bai, jo behar duten musika-tresna xumeendako desegokiak diren fintasun teknikoak erabili gabe- (Euskalerriaren Alde 1913: 426) ez zirela betetzen ikusita. Eta hori urte askotan Luis Urteagaren maila musikala zuen musikagile batek irabazi zuen arren. Badirudi urte horretan herri kultura ez zela aski euskal kulturarekin interesa zuten gizarte klaseentzat.

Horrek ez du esan nahi, jakina, kultur herrikoia eta gure musikariak berarekin batera ez zirela euskal kulturaren oinarritzat hartzen. 1918an, adibidez, lau aldundien babesaz Eusko Ikaskuntza sortu zen. Bere lehen kongresuko ondorioen artean euskal musika zabaltzeko gizakia egokituen artean txistu batzuk oparitzea erabaki izan zen. Hala ere, pentsatzekoa da propaganda nazionalistak arrakasta handiagoa lortu zuela txistuaren hedapenean elkarte hauen saierek baino. Euzkadi (1935-7-2) egunkarian gerra zibila baino lehentxeago agertu zen bezala, txistu baten doinuak arrazoibideak baino urrunago heltzen dira bihotzean.

Orokorrean, une honetan -XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera- prozesu folkloristiko batzuk gertatu ziren Euskal Herrian, horietako batzuk gure interpreteengan zentraturik. Josep Martík (1996) deskribaturiko faseen arabera, elementu kultural apropos bat hartzen da (kasu honetan, euskal berpizkunde kulturaleko joerek ez zuten oso urrun bilatu behar), elementu hori finkatzen da, aldaketak egiteko ahalmena kenduz (hala nola, kasu honetan, euskalduntzat hartzen ez zen errepertorioa, interpretatu behar ez zena) eta esparru bat -geografikoa, gizartekoa edo funtzionala- esleitzen zaio. Aita Donostiaren (1934:300) hitzetan esanda, euskal ondare osoa euskaldun guztiona izan dadila nahia, praktikan esan nahi zuen normalean une horretan zonalde euskaldunen usadioak saiatu behar zirela zabaltzen Euskal Herri osoan, eta hori izan zitekeen batzuetan txistuaren kasua, aspalditik, eta kasu batzuetan agian inoiz jo ez zen leku batzuetara eramana izan zena.