Kontzeptua

Serora

Aro Berriak aurrera egin ahala, sakristauak parrokietan gero eta ohizkoago izateak eta klausurako komentuen hedapenak eragindako aldaketez beste, elizako nahiz alor zibileko agintarien aldetik erabakiak hartu ziren, eta legeria aldaketak garatu eta debekuak agindu ziren. Legeria hauek erlijio aldetiko azken funtsa aita santuek eta kontzilioek ordena kanonikoetako emakumezko laiko atxikiak desagerrarazteko eta beginak eta beatak klausurara behartzeko helaraziriko dekretu eta buldetan hartu zuten (Periculoso dekretua, 1298koa, Trentoko Kontzilioko XXV.en sesioko erabakiak, 1563an, Circa Pastoralis bulda, 1566koa, eta Alejandro VI. aita santuaren 1568ko klausura dekretua).

Lurralde historiko ezberdinen arabera Elizako nahiz alor zibileko instituzioen aldetik harturiko neurriek urte zehatz ezberdinetara bagaramatzate ere, funtsean, bi garai nagusi bana litezke: XVI.en mendearen bigarren erdia eta XVII.enaren lehena bitartean zedarritu liteke lehena. Garai honetan, Elizaren alorretik, neurri eta debekuok aplikazio praktikora Konstituzio Sinodaletako legeriaren bidez helduko ziren, seroren egoera gorago aipatu taldeenarekiko parekatuz. Lurralde historiko ezberdinetako instituzio zibil nagusiek, nahiz eta eurek ere seroren bizimoduak zedarritzeko neurriak hartzearen aldeko izan, hauei babes instituzionala ematearen alde egin zuten; ikertu izan denaren arabera, apezpikutza ezberdinen eta instituzio zibil nagusiagoen desagerrarazte aginduen aurrean, Hegoaldean Bizkaiko Jaurgoa (ggb., 1617-1623) eta Gipuzkoako Probintzia (ggb., 1619-1632), eta Iparraldean Nafar Estatuak (ez dugu garai zehatzaren berri) behintzat, seroren instituzioaren mantenuaren alde agertu ziren, eta instantzia judizial ezberdinen aurreko auziak izanez, seroratzen mantenua lortu zuten. Baina XVII. mendean zehar eta batez ere XVIII.ean, instituzio zibilek eurek seroren gain zuten ikuspegia ere eraldatuz joan zen, eskaintzen zieten babesarekin bat. Bitarte horretan seroren gainbehera sustatzeari ekin zioten, batez ere alor ekonomikoari zegozkien mugapen eta debekuen bidez (limosna eskaerarako debekuak, bereziki) klausurako komentuen bizi- eta ekonomia-eredua faboratuz. Azkenik, Hegoaldeko seroren kasuan 1769an heldu zen erabateko debekua, Arandako Kondeak helaraziriko Errege Dekretu batean. Dekretua, Gipuzkoako Probintziak Gorteari seroren abitua debeka zezan egindako eskaerari emaniko erantzuna izan zen, eta bertan, seroren erabateko desagerrarazteaz beste, landa eremuetako ermita guztien itxiera ere agindu zen. Herritarren eta auzotarren eskaerei jarraiki ondorengo urteetan ermitak berrirekiko ziren, baina beti ere, serorarik egon ez zedin ziurtatuz. Prozesuak Iparraldean harturiko norabidearen berri zehatzik ez izanik ere, bertan ere, gaur egun serora edo andere serora izenez ezagutzen ditugunen egoeraren aurrekariak garai hauetako neurrien bidez taxutu zirela dirudi, beraien aktibitateak batez ere ermitetara eta jada nagusiki tenpluaren zerbitzuari zegozkion esparru laikoko funtziotara mugatuz.