Kontzeptua

Serora

Jatorriarena, artean oso lainotsu ageri den auzia da. Pierre De Lancrek, gaitzespenez, Antzinateko eta Goi Erdi Aroko Elizako diakonesetan ikusi zuen hauen jatorria, eta ondoren Manuel Larramendik iritzi bera jaso zuen, kasu honetan, instituzioaren antzinatasunaren laudorio egiteko asmoz. Wenworth Websterek iritzi hau gizarte baitako funtzioen konparazio bidez berretsi zuen, eta ondorengo garaietan serorak ikergai izan dituztenek, askotan lehen iritzi hau jaso izan dute. Alabaina, dokumentuen oinarriaren gain Erdi Aroaz haratagoko daturik ez da artean jaso, eta auziak Euskal Herriaren lehen kristautzearen gaiari dagozkion zalantzei loturik dirau. Bestalde, Erdi Aroan Europan zehar hedatu ziren beste emakumezkoen mugimendu erlijioso batzuek ere badira, seroren jatorri izan zitezkeenak, edo behinik behin, eraginen artean lerratu beharko liratekeenak. Europa iparraldean, Frantzian eta Espainian nahiz Amerikako kolonietan zeharreko hiribilduetan hedatu ziren beguine eta beata lez ezaguturikoek, eta landa eremuen kasuan, emparedada eta recluse zeritzenek, gizarte baitan Euskal Herriko hiribilduetako eta ermitetako seroren antzerako zereginak izan zituzten, elkarren arteko ezberdintasunak ere baziren arren. Hori gutxi balitz, ordena kanonikoetan klausuraren ezarpena gauzatu zedin aurretik, hauek beraien komunitateetan emakumezko laikoak ere onartzen zituzten (komentuez eta monasterioez kanpoko zereginetan enplegaturik, hain zuzen ere), eta hauengandik ere erator liteke instituzioaren jatorria, beraiek ere soror eta freila izenak jasotzen baitzituzten. Badira, diakonesetan baino, seroren jatorria azken instituzio hauetan ikusteari zentzudunago deritzoten ikerlariak ere.