Kontzeptua

Serora

Hiribilduetako nahiz ermitetako serorek, alde batetik, tenpluaren mantenuari zegozkion lanak egiten zituzten. Garbiketak, argiteria, kulturako beharrezko elementuak eta bitxiak gorde eta zaintzea, eta bereziki ermiten kasuan, askotan baita tenpluaren ondasunen administrazioa ere. Aro Berrian zehar, eliz legerian (konstituzio sinodalak) kargu hauek sakristauei esleitu zitzaizkienaz geroztik, parrokietan sakristauak ugaritu ziren, bertako seroren aipatu lanak berenganatuz.

Parrokietan, batez ere heriotzari loturiko errituen testuinguruan parte hartzen zuten: etxekoandreei zegozkien arbasoen jarlekuetako argi eta ogi eskaintzen zaintzan, doneskainen errituan, gorpuen atontzean, ehorzteetan andreen taldearen gidaritzan, etab. Ezkontzetan ere izan ohi zuten parte-hartzerik neska ezkongaiaren prestaketan, eta Iparraldeko kasu batzuetan jaso izan denez, bataioetan umeen amabitxi izan ohi ziren. Zenbait lekutan (Araban, Agurainen kasu), arimen aldeko otoitzen enkarguak ere egiten zitzaizkien. Kanpaien eta eurei loturiko funtzio eta errituen kargu ere hartzen zuten askotan (batzarretara deiak, abemariak, gorpuaren segizioko kanpai-jotzeak, ekaitzen konjurua, etab.), hiribilduetan baino areago landa eremuan, sakristau gutxien zen lekuan. Lan hauek betetzearren emolumentuak edo dirusariak zegozkien, elikagaitan nahiz dirutan ordaindu ohi zirenak. Batzuetan, serorek jarlekuetako errituetan behar ziren elementuekin (argizariarekin edo zapi eta ehunekin) negozio paraleloak egin ohi zituzten, etekin garrantzitsuak lortzeaz bat, liskarren batzuek ere sortuz. Hiribilduetan nahiz ermitetan, bereziki garrantzitsuak ziren ehun eta zapiekin egindako truke eta negozioak, batez ere emakumeen arteko loturen bidez gauzatzen zirenak. Ageri ohi zaizkigu, halaber, inguruko neskatxei joskintza irakasten ere.

Santutegien zerbitzuan eta hiribilduetan bizimodu komunean bilduriko serorek ostera, parrokietako zerbitzuak betetzen zituztenek baino limosnaganako dependentzia handiagoa izan ohi zuten, jarlekuei loturiko diru-iturrien faltan. Aterpetxe eta ospitaleetako serorek berriz erromes, gaixo eta umeen zaintza eta sendakuntza ere bazituzten beraien zereginen artean, bertako eliza edo ermitan bete beharreko ohiko lanez beste.

Ermitetako -eta parrokia txikietako- serorei dagokienez, emolumentu bidezko diru eta ondasun sarrera hauek baino, seroretxeari atxikiriko lursailek eta bertako etekinek osatzen zuten oinarrizko sostengua, limosnekin bat. Ermitak eta bertako jai eta debozioek zuten jarraipenaren arabera, batzuetan limosnak ugariak izan zitezkeen, eta serorak berak ere lor zezakeen hainbat aberastasun. Baina ohikoa zen, halaber, ortuko etekinekin eta ermitaren inguruko baserritarren serora gari eta limosna gutxiarekin bizimodu kaxkarra zeraman serora ere. Edonola ere, ermitetan eta santutegietan gauzatzen ziren erlijiotasun herrikoiaren erritu eta sinesmenen gordailu izan beharra zuten serorek, tenpluaren eta errituen zaintzaren ordainsari, herritarren limosna bidezko sostengurik jasoko bazuten. Zuten autonomia ekonomikoa zela eta, izan ziren beraien aktibitateen bidez pilaturiko diruaz baliatuz seroratza ondoren ezkontzeko utzi zuten emakumeen kasuak ere.