Kontzeptua

Serora

Parrokietan batez ere arbasoen kultuari eta heriotza errituei loturiko sinesmenen esparrua bazegokien, ermitetan, santutegietan eta aterpetxe nahiz ospitaletan gaixotasunen eta sendakuntzaren inguruko sinesmenak eta errituak sostengatzen zituzten (umeen sendakuntzarako, belarriko, buruko, hortzetako, etab.etako minetarako, babes errituetarako, etab.), batzuetan, ermitez gain, iturri, zuhaitz, harri edo koba jakinen inguruan ere egiten ziren santuen eta Amabirjinen kultu sinkretikoak ere gauzatuz. Halaber, arbasoen gurtzaren baitan jatorri paganodun elementuak ere txertatzen dira; jatorri hauek, besteren artean, jarlekuetako suaren eta ogiaren inguruko sinbologiak eta sineskerek aditzera ematen dituzte. Kanpaien inguruko sineskerak ere lotzen zitzaizkien seroren bizitzei, batez ere, kanpai-jole lez, ekaitzaren deabru edo jeinu gaizkile mitologikoei (Aidegaxto, Mari, Odei, etab.) aurre egiteko -"konjurua" egiteko- zuten paperagatik. Erlijiotasun herrikoiaren alderdi hauek, batez ere hiribilduetako serorei dagokienez, Aro Berriko erlijiotasun ofizialaren jarraibideekin elkarbizitzan mantendu ziren, euskal literaturan pietate laikoaren deboziozko obrak agertzen hasi ziren eta klausurako bizitza emakumezkoen erlijiotasun eredu bilakatu zen garaian; eragin eta lotura hauek medio, gehienetan ordena erlijiosoen abitua ere eraman ohi zuten (frantziskotarrena, domingotarrena edo karmeldarrena). Badira Erdi Aroko eta Aro Berriko heterodoxia edo desbiderapen erlijiosoen zantzu gutxi batzuk ere, Arantzazuko santutegiaren fundatzaile izan zen Arriarango Juana beataren ahalmen sendatzaileen inguruko sineskerak kasu (antzerako kasuak izan ziren Gaztelako beaten artean, Inkisizioak jazarriak), edo bere garaian serorek artaturiko Bergarako (Gipuzkoa) Murinondoko Andre Mariaren (edo San Blasen) ermitan gorde den Amabirjina irekigarria, teologoek gaitzetsiriko -eta suntsituriko- (Gerson, 1363-1425; Molanus, 1568) eta azkenik Benedikto XIV.ena aita santuak 1745ean debekaturiko trinitatearen ikonografia berezi bat mantentzen duena (ikonografia honek, debekuaren aldekoen arabera, Jainko Aita, Semea eta Izpiritu Santua, Ama Birjinaren sabelean kokatzean, interpretazio oker batera bideraturik, Amabirjina bera trinitatearen sortzaile zela sinestera bultzatu zezakeen).