Kontzeptua

Serora

Serorak eta beraien aktibitateak, funtsezko bi espaziotan bana ditzakegu: hiribilduetan eta ermitetan. Hiribilduetan komunitateak izaten ziren, batzuetan parrokien zerbitzuan enplegaturik, eta bestetan, besterik gabe, pietatezko elkarbizitzan, edo santutegiren baten zerbitzuan. Batez ere azken hauek bideratu ziren Aro Berrian zehar klausurako bizitzara, ordena erlijiosoenganako ezarri zitzaizkien menpekotasun eta lotura ezberdinak medio. Ermitetako serorak berriz, izaten ziren hiribilduen esparruan ere, baina ohizkoago ziren landa eremuetan. Azkenik, aterpetxe eta ospitaleetako serorak ere baziren, hiribilduetan lez landa eremuetan ere.

Zuzenean apezpikutzei loturiko komunitateez beste, lekuan lekuko instituzio ezberdinek izan ohi zituzten zegozkien espazioen gaineko patronatua eta aukeraketa eskubidea; hauek partikularrak, kontzejuarenak edo munizipalak, elizarenak edo apez eta benefiziodunenak, edo are auzokideenak ere izan zitezkeen. Apez eta benefiziodunen karguen kasuan ere gertatzen zen lez, seroren aukeraketaren inguruan aipatu eragile sozialen arteko botere borrokak izaten ziren, zenbaitetan oso liskartsuak, askotan auzitegietan erabakiak. Gainera, batzuetan patronatua eta aukeraketa eskubidea instituzio ezberdinei zegozkien, eta egoera hauek ere eman zuten buruhausterik. Sarrerarako dotea eman ohi zuten, eta etekin onak ematen zituzten parrokietan (emolumentuak baitzegozkien, apez eta benefiziodunei bezala), seroragaien arteko konpetentzian, eskaintza onenaren araua ere ohikoa izan zen.