Kontzeptua

Senidetasuna

Senidetasuna, gizakien artean harremanak eratzeko lehen saioa da. Senidetasuna, intzestuaren debekuari eta ezkontza arauei lotzen zaie lotura ezin estuagoaz. Amatasuna edo alabatasuna naturaren baitakoak ere badiren arren, gizakiei dagokigunez harreman sozialak dira batik bat, senidetasunaren gainerako agerkari guztiak bezalaxe. Senidetasunak lotura sozialak sorrarazten ditu, obligazioak eta debekuak. Esate baterako gurasoek umeak hazi behar dituzte, osaba-izebek "paga" eman ohi diete ilobei, eta anai-arrebak ezin dira elkarrekin ezkondu. Senidetasuna, beste edozein agerkari sozialaren antzera, kulturala da, eta beraz, anitza eta diferentea munduan zehar. Gaiari hurbiletik jarraitu ez dion edonork pentsatuko lukeena baino askoz ere anitzago eta diferenteago.

Claude Lévy-Strauss (1908-2009) antropologo frantziarra da senidetasun harremanen ikerketa zientifikoan mundu mailako erreferentzia nagusia, eta bere Les Structures élémentairesde la parenté [Senidetasunaren egitura elementalak] da, gaiari buruzko "Biblia", lehen aldiz 1947an argitaratu zen arren, eta geroztik gaiari buruzko ikerketarik faltatu ez den arren. Lévy-Straussen arabera, senidetasun egitura elemental bat zera da, edozein gizakirentzat ezkontidea nor izan daitekeen nolabait arautua duen gizartea. Gu bizi garen gizartea beraz, definizio horretatik kanpo geratzen da: gurea, senidetasun egitura konplexua deritza. Gurean araubidezko ezkontide lehenetsirik edo beharpeturik ez dagoelako eta ezkontidearen aukera, sentimenduez, aberastasunaz, edo beste nolabaiteko komenientziaz erabakitzen delako kasu bakoitzean.

Senidetasun egitura konplexuak dira munduan zabalduenak, eta sarritan horiek baino izan ez balira bezala mintzatu ohi gara guztiok. Baita jende ikasienak ere, esate baterako sexu bereko ezkontzari buruzko debateetan entzuten denaren arabera. Bada, egitura konplexu hauek planeta osoaz nagusitu badira ere, ez litzateke ahaztu behar gizakiaren historiaren %90ean gu guztion arbasoak egitura elementaletan antolatu zirela. Egunen batean hizkuntza bakarra nagusitu eta munduan 6.000 hizkuntza ezin diferenteagoak noizbait izan zirela ahaztea bezalakoa litzateke. Halere, baiezta daiteke espezialista bakar batzuen esparrutik atera ezkero, gai honi buruzko ezaguera hutsaren hurrena dela, esan bezala, baita jende ikasiaren artean ere.

Intzestuaren debekua esplikatu nahian, Lévy-Straussek teoria bitxi eta erakargarria formulatu zuen. Berak zioenez, intzestuaren debekua da munduan aldi berean naturala eta kulturala den agerkari bakarra eta horregatik intzestuaren debekuan jarri beharko litzateke gizatasunaren beraren sorrera: gizakia gizaki bihurtu zen intzestua debekatu zuen unean. Arrazoitzen zuen intzestuaren debekua kulturala zela animalietan agertzen ez delako. Baina kulturala den ezer ez da unibertsala, partikularra baizik. Hizkuntzak, janzkerak, bizimoduak, mitologiak, ohiturak, guztiak dira partikularrak, kultura bakoitzak bereak ditu. Intzestuaren debekua berriz unibertsala da, gizarte guztietan gertatzen da ongi dokumentatua dagoenaren arabera. Beraz, kulturala eta naturala da aldi berean, kultura eta natura batzen diren unea izango litzateke, gizatasuna sortzen den unea.

Ondorengo urteetan egindako hainbat ikerketek primateen artean intzestuaren debeku antzeko aztarna garbiak sumatu badituzte ere (baita beste hainbat ugaztunetan ere), eta "debeku" horien atzean arrazoi fisiologiko eta hormonalak egon daitezkeela uste den arren (ume-aroan elkarren ondoan hazitakoek nolabaiteko arbuio kimikoa edo garatuko lukete sexu erakarpenari dagokionez), begi bistako dirau intzestuaren debekuak gizartearen sorrerarekin duen lotura. Nire arreba eta nire alaba hartuko baditut emazte ez naiz kanpora aterako emazte bila, ez ditut hartu-emanak eratuko beste inorekin. Aitzitik, nire alaba edo nire arreba emaztetzat hartzea nire buruari debekatzen diodan une beretik, kanpora joan behar naiz emazte bila, hartu-emanetan jarri behar naiz beste batzuekin. Nik nire arreba emango dizut, ekarzu zuk zurea. Nik nire alaba emango dizut, ekarzu zuk zeurea. Nik nire alaba emango diot zure semeari, ekarzu zurea nire semearentzat. Nik nire arreba emango dizut eta zu zorretan geratuko zara harik eta harengandik duzun alaba nire semeari ematen diozun arte....

Hainbat herri primitiboen artean egindako inkestetatik ondorioztatzen denez, intzestua, moralki gaitzesgarria baino sozialki absurdoa da batik bat. Margaret Mead antropologo ospetsuak Ginea Berriko indigena baten hitzetan adierazten digu hau:

"Bai zera! Arrebarekin ezkondu nahi zenuke? Zer burutazio da hori? Ez duzu koinaturik izan nahi? Ez al zara ohartzen beste gizon baten arreba esposatzen baduzu eta zure arrebak beste gizon bat esposatzen badu bi koinatu izango dituzula eta aldiz zerorren arreba esposatzen baduzu bat ere ez? Norekin joango zera ehizan? Nork lagunduko dizu soroan? Norengana joango zara bisitan?" (Mead, 1935)

Gizartearen oinarria, intzestuaren debekuaren ondorioz sortutako eme-trukaketa da, eta senidetasun egitura elementalak, eme-trukaketa hori antolatu eta arautzen duten gizarte guztiak dira. Oker handirik gabe esan daiteke gutxienez Neolito aroa iritsi arte, gizaki guztiak senidetasun egitura elementaletan antolaturik zeudela.

Eme trukaketak harremanak sorrarazten ditu, zorrak eta hartzekoak. Baina ez eme-trukaketari dagokionez bakarrik: taldeen arteko senidetasun harremanak eratzen ditu, taldeak handiagotzen ditu, laguntza eta menpekotasun obligazioak ezartzen ditu. Duela hamar edo hogei mila urteko gizarteetan, eta berdin atzerago, senidetasuna ez da guk ulertzen dugun "familia kontu" hutsa. Gizartegintza da, garaiko "politika" da.

Ez dakigu gizartea sortzen hasten den une hau noiz izan zen, baina gure espeziea sortu baino aitzinakoagoa dela ematen du, sapiens sapiens baino lehenagokoa alegia. Izan ere, kantauriar ertzean aurkitutako neandertal gizakiaren hezurren ikerketa genetikoak erakutsi duenez, emeak ez ziren arren leinu berekoak, odol berekoak, kanpotik ekarri edo etorritakoak bazik; arrak leinu berekoak ziren eta leku bati loturikoak, kobazulo bati ikerketaren kasuan. Hori da genetikak erakusten duen datua. Hortik aurrera pentsa daiteke emeak bahitu egiten zituztela, baina horrek beste leinuko emeak bertan egotea ulerbideratuko lukee, soilik. Arren leinu bereko emeak ez egotea ulertzeko, hauek guztiak ere beste ar batzuk bahitu zituztela ondorioztatu beharko litzateke, eta beraz askoz errazagoa gertatzen da trukaketa praktikaren bat bazutela uste izatea. Horrek esan nahiko luke familiak eta familia arteko harremanak ere bazituztela. Neandertalen adarra eta sapiens sapiens gure adarra enbor beretik bereizten hasi zireneko unea berriz, duela miloi bat pasa urte kokatzen da.