Kontzeptua

Senidetasuna

Trukaketa mugatua esaten zaio gizarte bat osatzen duten azpi-atalek, nahiz bi, nahiz lau, nahiz zortzi, bikoteka antolatzen direnean ezkontza arauei eta debekuei dagokienez, alegia, Akoek Btik hartuko dute emaztea beti, eta Bkoek Atik; Ckoek Dtik, eta Dkoek Ctik; eta abar. Trukaketa mugatua Australiako herri indigenen artean aurkitzen da batik bat bere forma elemental puruetan. Australiako indigenen gizarte antolaketa eta ezkontza arauei buruzko ikerketek hainbat bitxikeria agerrarazi dituzte. Esate baterako, gizarte antolaketa egiturak maileguz hartu ohi dituztela tribu batzuk besteengandik, (klanak, klaseak, azpi-atal totemikoak, e.a.) norberarenak baino hobeak edo dotoreagoak iritzita, eta zenbaitetan horrek igurtziak eta kontraesanak sorrarazi dituela gizarte antolaketa modu arrotzak eta ezkontza arau jatorren artean, emaitza gisa era askotariko hibridazioak burutu direlarik. Hizkuntzen artean ere gertatzen diren maileguak eta hibridoak gogorarazten du honek. Eta bestalde, mailegatze hauek, herri bateko egitura sozialak, ezkontza arauak eta senidetasun hiztegiaren arteko loturak trakesten dituen fenomenoa gertatzen dira, senidetasunaren hiztegiak, jadanik ordezkatuak izan diren harreman eta lotura motak deskribatzen dituelako. Honek gogoeta egitera darama, oraindik harri aroan bizi diren tribuetan senidetasunaren hiztegia eta senidetasun harremanen artean etenak baldin badaude, zeinen zaila gerta daitekeen esate baterako euskarazko senidetasun harremanen hiztegitik konklusioak ateratzea.

Australiako trukaketa mugatu sistema hauetan, lehengusu gurutzatuen ezkontzak lehenetsi daitezke deskribatu ditugun moduan, edota azpi-atalen ugaltzearen ondorioz, exogamia maila emendatu, lehen graduko lehengusu guztiak galarazien artean sailkatuz. Deskribatu diren ezkontza-sistema guztiak hamaika mota diferenteetan sailkatu ohi dira.