Kontzeptua

Senidetasuna

Gizarte bateko ezkontza araua trukaketa orokorra dela esaten da, bertako edozein bi azpi-talde erlazio unibokoan direnean bata bestearekin, alegia, bata beti emazte emailea denean eta bestea berriz beti emazte hartzailea aurrekoarekiko. Noski sistema hau ez dabil gizarteak bi azpi-talde baino ez dituenean. Hiru azpi-taldeko gizartea da sistema honen formulaziorik sinpleena. Alegia, Ako gizonek Btik hartzen dute emaztea, Bko gizonek Ctik hartzen dute emaztea eta Cko gizonek Atik hartzen dute emaztea, zirkulua itxiaz honela. Emakumearen ikuspuntutik berriz, zirkulua berbera da baina ibilbidearen orientazioa alderantzizkoa. Sistema honetan, edozein azpi-talde parea, erlazio desorekatuan dago eta oreka dakarten hartu-emanak eta emazte-ordainak zirkulua ixterakoan baino ez dira gertatzen. B emazte-emaile da beti Arekiko eta A beti emazte-hartzailea da Brekiko. C emazte-emaile da beti Brekiko eta B beti emazte-hartzailea da Crekiko. A emazte-emaile da beti Crekiko eta C beti emazte-hartzailea da Arekiko.

Trukaketa orokorreko sistemetan sortzen den asimetria hau, bertan dagoen ezkontza arau nagusitik dator. Izan ere, kasu honetan, lehengusu gurutzatu guztiak ez dira ezkontide lehenetsiak. Amaren aldeko lehengusu gurutzatua baino ez da ezkontide preskribitua, alegia, amaren anaiaren alaba. Aitaren arrebaren alaba, lehengusu gurutzatua den arren, sarritan lehengusu paraleloekin batera arrebaren pare jotzen da eta harekiko ezkontza intzestu debekuz galarazia geratzen da, eta hainbesterainokoa ez den kasuetan ere, biziki gaitzetsia da beti, salbuespenik gabe. Grafikoari erreparatuta ni Ako gizonezkoa izaki, nire ama Btik ekarri zuen aitak, eta Bkoa da halaber, alaba emango didan amaren anaia. Aitaren arreba berriz, C taldeko gizon batekin ezkondu zen eta nire lehengusu gurutzatua den haren alaba ere Ckoa denez, ez dagokit niri, Cko emakumeak B taldeko gizonezkoentzat direlako.

Edozein gizonarentzat amaren anaiaren alaba emaztetzat lehenesten duen sistema honek, nahi adina azpi atal izan ditzake hirutik gora izan ezkero. Zenbat eta azpi-atal gehiago, orduan eta zirkulu handiagoa osatuko du, orduan eta exogamikoagoa izango da gizartea, orduan eta sumagaitzago izango da halaber zirkuluaren ixtea.

Trukaketa orokorra praktikatzen duten hainbat kulturetan ikusten denez, ezkontza ez da hainbeste gizabanakoen arteko kontua, azpi-taldeen artekoa baizik. Esate baterako, emakume bat alargun geratzen bada, senarra zenaren anaiaren batekin ezkonduko da, edo lehengusuren batekin, eta bakarrik azpi-taldeko inork ez badu hura berriro esposatzen itzuliko da bere gurasoen azpi-taldera. Dibortziatu nahi badu berriz, ahizparen batek hartuko du bere lekua, ahal dela. Azpi-taldeak dira ezkontzen direnak ia, senar-emazte batzuk baino.

Trukaketa orokorra Asian aurkitzen da batik bat, eta bi baldintza soziologiko berri planteatzen ditu trukaketa mugatuarekin alderatu ezkero: konfiantza eta berdintasuna. Izan ere, trukaketa mugatuan hartu-emana bi azpi-taldeen artean gertatzen da. Sinpleagoa da hartu-emana eta ordaina behar bezala gertatzen direla kontrolatzea. Trukaketa orokorrean berriz, eta azpi-atal kopuruak gora egiten duenean batez ere, konfiantza behar da azpi-atal guztien artean, hartu-emanaren katea inon ez dela etengo sinesteko. Apustua handiagoa eta itsuagoa da. Eta berdintasuna behar da halaber azpi-atal guztien artean, zeren hauen arteko ezberdintasunak baleude eta Ako emakumeak ez balu Fko emakumeak adina balioko gizarte barnean maila sozialak sortu direlako, katea eteteko arrisku larrian jarriko litzateke, ordainaren kontzeptuaren oinarrian dagoen balio oreka galduko litzatekeelako.

Aitzitik, honako paradoxa aurkitzen dugu, hots, zirkulua zenbat eta handiago, eta zirkuitoan zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta errazagoa izango da desberdintasun sozialak sortzea, mundua zenbat eta globalizatuago aberats eta pobreen arteko tartea handiagoa egin den arrazoi berberarengatik. Horregatik ez da inon dokumentatu trukaketa orokorraren adibide borobil eta hutsik gabekorik, sistema honek bere bertutean duelako halaber bere ajea. Egitura sozial handiagoak egiteko bidea ematen du, baina egitura zenbat eta handiago bilakatu, beharrezkoak dituen konfiantza eta berdintasunari eustea gero eta zailagoa gertatzen da. Horregatik munduan zehar dokumentatu diren trukaketa orokorraren eredu guztiek trukaketa mugatuaren interferentziaren bat edo beste agertu ohi dute, azken hauek mugatuagoak, hurbilekoagoak eta berdinen artekoagoak direlako.

Trukaketa mugatua eta trukaketa orokorra oso printzipio oinarrizkoak dira, eta ezkontza sistemaren eta gizarte araubidearen orientazioa nagusiki baldintzatzen dutenak. Halere, hauen aldamenean beste araubide asko aurki ditzakegu munduan zehar, eta guztien elkarrekintzetatik sortzen dira azkenean antropologoek ikertu ohi dituzten kasu zehatzak. Badira klanak, leinuak, arau exogamikoak, adin klaseak, aitaren edo amaren aldeko filiazioak (umea sinbolikoki aitaren leinukoa ala amaren leinukoa ote den), talde patrilokalak eta matrilokalak (emazte edo senarra denean hurrenez hurren bestearen tokira mugitzen dena), aurrekoen konbinaketen arabera, gizarte harmoniko eta disarmonikoak sortzen dira, seme-alabak, jaio diren ordenaren arabera sailkatu eta izenda daitezke orden horren arabera ezkontza aukerak bereizi eta mugatuz,... Munduan zehar deskribatu diren senidetasun sistema eta ezkontza araubideen atlasak izugarrizko konplexutasuna eta aberastasuna erakusten ditu, hizkuntz atlas batek egingo lukeen era berean.