Kontzeptua

Senidetasuna

Ezkontza araurik zabalduena eta beraz uste denez, primitiboena, lehengusu gurutzatuen arteko ezkontza aholkatu, lehenetsi edo ezartzen duena da. Tokian tokiko diferentziak eta preskripzioaren intentsitatea gorabehera, bera da munduko ia bazter guztietan aurki daitekeena agerian eta zuzenean edo zeharka eta aztarna fosildu gisa. Ezkontide diren lehengusu gurutzatuak zera dira gizonezko baten ikuspuntutik : aitaren arrebaren alaba eta amaren anaiaren alaba. Lehengusu paraleloak berriz, aitaren anaiaren alaba eta amaren ahizparen alaba dira. Lehengusu gurutzatuak ezkontide lehenetsiak diren bezala, lehengusu paraleloak arrebekin parekatzen dira eta intzestu litzateke haiekin ezkontzea. Izendegi mailan berriz, sarritan senidetasun izen sailkatzaileak erabili ohi dira batzuk eta besteak bereizteko, alegia, ez senidetasun graduaren deskribatzaileak, funtzioaren arabera sailkatzen dituztenak baizik. Honela, lehengusu hitzak huts egiten du sarritan eta honen ordez aurkitzen ditugun hitzak dira emazteak/senarrak lehengusu gurutzatuak izendatzeko eta arrebak/anaiak lehengusu paraleloei deitzeko. Hein berean, sistema hauetan amaren ahizpa guztiak amak dira, ama esaten zaie, eta aitaren anaia guztiak ez dira osabak, aitak baizik. Bide batez, ohartarazi behar da hemen, gusu, lehengusu hitza maileguzko duela euskarak, latinetik hartuta, agian lehengusurik ez zelako euskal senidetasun izendegi zaharrean.

Lehengusu gurutzatuen arteko ezkontza arau honek zera erakusten du ezin argiago, berak ezartzen dituen debekuak ez daudela inola ere arrazoi biologikotan oinarrituta, odolkidetzaren ikuspuntutik lehengusu gurutzatua eta lehengusu paraleloa distantzia genetiko berbera dutelako. Aldiz, batzuk ezkontide lehenetsiak dira eta besteak berriz intzestuaren debekuak jotako hautagai ezinezkoak. Gehiegizko hurbiltasun genetikoaren ondoriozko kalteen ustea, aurre iritzi eugenesiko modernoa da, oinarri objektibo zalantzazkoa duena eta ikerketa etnografikoek erakutsi dutenaren arabera, gizaki primitiboen irudimenaz kanpokoa. Lévy-Straussek dioenez, ezin da inolaz ere postulatu intzestuaren debekuaren azpian motibazio genetiko eta eugenesikoak egon direnik. Dohaintza, trukaketa eta ordaina dira, berak dioskunez, ezkontza arauen sorrera dakartenak. Eta ezkontza araurik zabalduena lehengusu gurutzatuak preskribitu eta lehengusu paraleloak debekatzen dituena izanda, ez du ematen aurreko baieztapena zalantzan ipini daitekeenik. Zertan datza, bada, hain ulergaitz ematen duen bereizketa hau?

Lehengusu gurutzatuak ezkontide lehenetsiak dira, lehengusu paraleloak ezkontide debekatuak diren arrazoi berberarengatik: hartu-emanen zikloa belaunaldiz belaunaldi errepikatzea ahalbidetzen duelako lehenak, bigarrenak zapuztuko lukeen bezala. Eman dezagun giza talde bat bi zati exogamikoetan antolatzen dela, -A eta B-, eta talde bateko gizon batentzat bere taldeko emakume guztiak debekatuak daudela eta beste taldean aurkitu behar duela emaztea. Talde hauek patrilinealak eta patrilokalak izango dira gure adibidean, alegia, ni, nire aitaren taldekoa naiz (gure gizartean duela gutxi arte lehen deiturarekin derrigorrez gertatzen zenaren antzera), eta emakumeak dira senarraren taldera mugitzen direnak. Ni Akoa izaki, Btik hartuko dut emaztea eta hartzen dudanean A taldea zorretan geratuko da B taldearekin. Beraz, nire emaztearen anaia hartzekodun dago nirekiko, hark eman baitit emaztea, eta hurrengo belaunaldian nire alaba eskatu ahal izango dit bere semearentzat. Ematen badiot zorra kitatuta geratuko da eta bi taldeek orekan jarraituko dute. Aldiz, nire alaba ni bezalaxe A taldekoa den nire anaiaren semeari ematen badiot, zorra ez da kitatzen, eta hartu-emana eta ordainaren zikloa zapuztu egiten da. Nire amaren ahizpa berriz, B taldekoa da, nire ama bezala, eta nire ama bezala, A taldeko gizon batekin ezkondu zen, eta horregatik bere alaba A taldekoa da baita ere, neroni bezala; nire taldeko emakume guztiak nire arrebak dira; harekin ezkonduko banintz nire taldearen barnean hartuko nuke emaztea; hartu-emanen eta ordainen zikloa zapuztu egingo litzateke kasu honetan ere. Beraz, gure begietan hain harrigarri gertatzen den lehengusuen arteko bereizketa hau, erabat arrazoizko eta beharrezkoa da gizarte antolamendu dualistak ezartzen dituen hartu-eman eta ordain mekanismoek iraun dezaten eta gizaldiz gizaldi etengabe errepika daitezen. Adibide honetan talde patrilinealak eta patrilokalak aipatzen badira ere, konklusioa bera da talde matrilinealak eta matrilokalak suposatzen baditugu ere.

Belaunaldiz belaunaldi hartu-eman eta ordain bukleak nola ixten diren ohartzea lan erraza iruditzen ez bazaigu ere, ezkontza arauen inplikazio sozialak eta diakronikoak oso garbi dituzte gizarte "primitiboetan" antropologoek hainbat aldiz baieztatu dutenez. Bertako gizaki argienei ematen zaie horiei buruz ikasi eta gogoeta egiteko lana, eta diagrama bidez irudikatu ohi dituzte, zenbaitetan ziklo luze eta korapilatsuak sorrarazten dituzten ezkontza arauak, antropologoen harridura eraginez eta ustekabeko abstrakzio ahalmena erakutsiz.