Kontzeptua

Seiurteko Iraultzailea

Aurreko lerroaldeetan Seiurtekoak euskal probintzietan izan zuen dinamika politikoa deskribatzen saiatu gara. Atal honetan dinamika horretako protagonistak ezagutarazten saiatuko gara: liberalak, errepublikazaleak eta karlistak.

Euskal probintzietan alderdi liberalaren barruko joera ezberdinak elkarrekin bizi ziren, hau da, unionistak, progresistak eta demokratak. Espainia osoan eman zen bereizketa hori, baina zaila zen ezberdintasuna hautematea. Gainera, karlismoa indar nagusi modura agertu zen eta horrek are gehiago zaildu zuen bereizketa hori, izan ere, indar gailen horren aurkari politikoak batu egin ziren tradizionalismoaren mehatxuari aurre egiteko. Liberalismoaren aldarrikapen ahula eta Foruen defentsa ziren talde horien lotura ahalbidetzen zuten elementuak. Auzi eztabaidagarriak saihestu egiten zituzten desadostasunak sortu eta alderdia hautsi ez zedin. Horrela, besteak beste, saihestu egiten zuten Gobernua antolatzeko moduari buruz hitz egitea.

Talde liberaletatik abiatuta sortu zen alderdi errepublikanoa, probintzia horietako hirigune garrantzitsuenetan. Haien programa politikoa Espainiako beren kideek zutenaren antzekoa zen, Foruei buruzko erreferentziak gaineratuta, funtsezko kode demokratikotzat jotzen baitzituzten.

Alderdi karlistak gehiengoa zuen euskal politikagintzan eta osaera heterogeneoa agertzen zuen. Euskal lurraldeetan tradizionalismoaren oinarri klasikoak aipatu alderdiaren aldekoak ziren eta, horrez gain, neokatolikoak eta politika iraultzailearekin kontent ez zeuden katolikoak ere (ezegonkortasun politiko, soziala eta ekonomikoa sortu zuelakoan) karlisten alde zeuden. Haien aldarrikapen nagusiak Erlijioaren eta Foruen defentsa ziren, dinastiaren auzia alde batera utzita. Dinastiaren auzia bigarren maila batean geratu zen. Hautagaia, funtsean, gizarte tradizionalaren eredua mantentzeko konpromisoaren arabera defendatzen zuten, non liberalismoak ekarritako gaitzak ez ziren onartzen: desamortizazioa, uniformazio juridikoa, lanean pentsaera kapitalista sartzea, etab. Esan dugunez, karlismoaren barruan heterogeneotasuna gailendu zen eta horren eraginez barne-desadostasunak gero eta handiagoak ziren, hala, agerian geratu zen alderdiko kide ezberdinen arteko jatorri eta pentsamolde ezberdina.