Kontzeptua

Seiurteko Iraultzailea

Cadizen irailaren 17an gertatu zen altxamendua ez zen probintzia horietara heldu hil horren 30. egunera arte. Egun hartan Isabel II. erreginak alde egin zuen Espainiatik. Ordutik aurrera, Euskal Herrian jazotako gertakariek nolabaiteko berezitasuna ukan zuten karlismoaren eta foruaren garrantziak eraginda. Bi elementu horiek erabakigarriak izan ziren ondorengo bilakaera politikoan.

Espainiako beste leku batzuetan gertatu zenaren aurka, Euskal Herriko diputazioak ez ziren desegin eta bertako jarduerek funtzionamenduan jarraitu zuten. Araban eta Bizkaian Gobernu-batzorde bilakatu ziren, modu horretan, beste batzorde iraultzaile batzuen sorrera saihestuz. Horrela, orduan zegoen botereko kideek probintziako botere politikoaren gaineko kontrola galtzea ekiditen zen eta agintaritzei foru bidezko jarraipena ematen zitzaien, euskal lege zaharrek emandako legezkotasun historikoa etenik gabe mantentzeko. Modu berean, behin behineko Gobernu berriak aginduta Batzordeak desegin zirenean, diputazio bilakatu ziren ostera ere.

Hor ikus daiteke euskal lurraldetan Iraultzak izan zuen garapen berezia, izan ere, agintaritza isabeldarrak agintaritza iraultzaile bilakatu ziren, izena baino aldatu ez zutelarik. Batzorde horien planteamenduari dagokion ondorio logikoa da haren agintea sufragio unibertsalaren bidez ez berrestea, izan ere, bere legezkotasuna probintzia bakoitzeko Batzar Nagusien araberakoa zen, zeintzuk haietako ordezkari modura hautatu baitzituen, hau da, Foruaren ordezkari modura eta ez legezkotasun iraultzailearen ordezkari modura.

Batzorde horien egituran beste elementu bereizgarri bat ikus dezakegu. Bertan, aurreragoko urteetan karlista eta liberal modura lehiatu ziren pertsonak batzen ziren. Espainiako beste leku batzuetan batzordeak Batasun Liberaleko, alderdi aurrerakoiko eta alderdi demokratako kideek osatzen zituzten. Probintzia hauetan, ordea, Isabelen garaiko boterea osatzen zuten karlista eta liberalak batzordean mantendu ziren. Elementu karlisten presentzia hori (bereziki Bizkaiko Batzordean) oztopo izan zen agintari nagusiek batzorde modura aitor zitzan, izan ere, mesfidati ziren haien grina iraultzailea zela-eta.

Batzordearen zeregina ere ezberdina zen Espainiako gainerako batzordeen zereginarekin alderatuta. Haien aldarrikapenetan ez zen programa iraultzailean nagusiki agertzen ziren konturik azaltzen: sufragio unibertsalaren ezarpena eta kinten eta kontsumoen indargabetzea. Foruetan jarri zuten arreta osoa. Arabar eta bizkaitarrek hartutako lehen neurrietako bat foruak berrezartzea izan zen, Isabelen garaian jazotako kontraforu oro gaindituz, foru-baimenaren berrezarpena barne. Agintaritza nagusiak sekula berretsi ez zuen neurri horrek, beregain zekarren euskal probintzietako beto-eskubidea onartzea legegintza iraultzaile berri osoan. Foruak berrezarri zirela aintzat hartuta, Udalak kargugabetzea zen beste neurri logiko bat, udalerri bakoitzaren hautaketa-sistema tradizionalaren arabera berriz izendatzeko. Modu horretan, iraultzak barneratutako sufragio unibertsalaren printzipioa urratu egiten zen. Batzorde horien aldarrikapenetan agertzen zen beste neurri bat ordena berrezartzeko deialdiarena zen. Horri dagokionez, Euskal Herriko Batzordeak Penintsulako beste leku batzuetako batzordeen antzekoak zirela esan daiteke.