Kontzeptua

Seiurteko Iraultzailea

Aostako Dukea Espainiako errege izateko iritsi zen. Ondorioz, karlistek beste elementu bat gaineratu zuten iraultzaren eta monarkia konstituzionalaren aurkako beren aldarrikapenetan. Atzerrikotzat jotzen zuten errege bat ezartzearen aurka zeuden, Aita Sanduaren kartzelariaren semea zela zioten eta liberalismoak eta gizarte modernoak eragindako gaizkia guztien ikurra.

Aurreko altxamendu guztiek porrot egin bazuten ere, karlistek oraindik beharrezkotzat jotzen zuten Espainiako gobernua errotik aldatzea. Amadeo I iritsi zenean eta 1872ko apirileko hauteskundeetan Sagastaren Gobernuak egindako irregulartasunen ostean, are gehiago sumindu ziren eta tradizionalisten argudioak ukatu zituzten, zeintzuk bide parlamentarioa hartzearen aldekoak ziren, Candido Nocedal buru zutela. 1872ko udaberrian Baskonia eta Kataluniako altxamenduak prestatu ziren. Apirilaren 21ean abiatu zen mugimendua. Lehenengo liskarrak Nafarroako mugan gertatu ziren; Gipuzkoan partida batzuk prestatu ziren; Araban ez zen gatazka garrantzitsurik lehiatu baina indar ezberdinen mugimenduak nabaritu ziren; eta Bizkaian Arratia, Durango, Markina, Lekeitio, Gernika eta Enkarterrietan barrena hedatu ziren altxamenduak. Maiatzaren 2an Carlos VII.a Nafarroako muga zeharkatuz barneratu zen Espainian. Dena den, hiru egun beranduago, Frantziara ihes egin zuen ostera ere, hilaren 4an Orokietan izandako porrotaren ondotik. Hala eta guztiz ere, Bizkaian matxinatu zirenek borrokan jarraitu zuten hileko azken egunak iritsi arte. Maiatzaren 20tik aurrera Bizkaiko karlisten buruzagiek bake-akordio bat negoziatzeari ekin zioten Serrano jeneralarekin. Bertan matxinatuentzako indultua eskatzen zuten botere foralak mantentzeko, deialdi bat egiteko eskatzeaz bat.

Zornotzan gauzatu zen akordioa ez zuten begi onez ikusi euskal liberalek, izan ere, kaltegarri zeritzoten karlistei berriz ere barkamena onartzea, modu horretan, beste altxamendu bat prestatzeko modua eskaintzen zitzaiela uste baitzuten. Liberalek Carlosen jarraitzaileei eskarmentu eraginkorra ematea nahi zuten, udalerrietako gobernuen kontroletik kentzeaz gain. Karlismoaren zenbait sektoretan ere ez zen begi onez ikusi hitzarmen hura eta traidoretzat jo zituzten hitzarmenean parte hartu zutenak. Hala ere, Serranok egina onartua izan zen eta matxinatutako karlisten barkamena indultu batekin gauzatu zen.

Matxinatutako zenbait ez zen borrokara agertu, gainera matxinatuak hornitzeko ez zuten arma eta dirurik. Horri guztiorri, Orokietako porrota gaineratzen badiogu, erraz uler daiteke altxamenduak porrot egin izana. Hitzarmena onartu zuten karlistek, altxamendua Foruen aldeko matxinada modura aurkeztu zuten. Aitzitik, diputazio liberalek kleroaren aurkako mugimendu gisa deskribatzen zuten, euskal lege zaharrak babestearekin inolako loturarik ez zuena; eta, haien ustez, edozein kasutan, lege haien iraupena arriskuan jar zitekeen altxamenduaren bidez. Jakina denez, Gobernu liberalak ez zuen lortu beste gerra bat saihestea.

Euskal Herrian Amadeo I erregearen erregetza gerraren itzulera gisa gogoratzen da. Berez, gizartea begiratzeko bi ikuspegi ezberdin islatzen zituzten bi bloke horien arteko gatazken dinamika bati amaiera ematen zitzaion, zeintzuk pixkanaka elkarrengandik urrunduz zihoazen, modu horretan, borroka armatura bideratzen zirelarik. Gerra armatu hori, gizarte-haustura horren eta liberal eta karlisten arteko elkar urruntze gero eta nabarmenago baten ondorio logiko eta hautemangarria baino ez zen izan.

Abenduaren hastapenean lehen karlista-multzoak agertu ziren euskal mendietan eta hilaren 18an ofizialki abiatu zen mugimendua Euskal Herrian, gerra pixkanaka gogortuz. Ordutik aurrera, gerra hori izan zen Euskal Herriko bizimoduaren jazoera nagusia, dinamika politiko, sozial eta ekonomiko oro baldintzatuz. Gerra horretan zehar karlistek Euskal Herriko lur gehienak hartu zituzten mendean, hiriburuak eta hegoaldeko euskal lurraldeak izan ezik. Lurralde horretan estatuko administrazio jakin bat garatu zen, Bulegoko Idazkaritzez, Justizia Auzitegi Nagusi batez eta Monarkaren zerbitzura zegoen administrazio batez osatua. Dena den, hori guztiori probintzia ezberdinetako diputazioen nahiaren aurka zihoan. Izan ere, eskumen foralak sutsuki mantentzearen aldeko diputazio haiek beren autonomia mantendu nahi zuten.