Kontzeptua

Seiurteko Iraultzailea

Euskal Herrian gerra bete-betean lehiatzen zen bitartean, Monarkak erregetza utzi eta Errepublika ezarri zen. Berriz ere, diputazio liberalek aldaketa politiko berria onartu zuten inolako kexarik gabe, errepublikazaleekin inondik identifikatzen ez baziren ere. Soilik 1868az geroztik erabiltzen zen salbuespena plazaratu zuten. Hala, agintari berriak eta gobernu aldaketa onartzen zituzten, baina horren guztiorren truke foruak mantentzea eskatuz.

Espainian planteatzen zen antolaketa berriari dagokionez, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako diputazioek bakoitzak bere kantoi edo estatu federatua egituratzea erabaki zuten, eta uko egin zioten konstituzio federalaren proiektuan proposatzen zen kantoi euskaldun-nafar bat osatzeari.

Nolanahi ere, euskaldunen bizimoduan garai hartan gailentzen zen gertakaria ez zen konstituzioaren inguruko eztabaida, baizik eta herrialdea astintzen zuen gerra zibila. Liberalak hiriburuetan babestu ziren eta karlisten oldarraldiei eusten zieten bertatik. Bigarrenek, bestalde, hiri horiek bereganatu nahi zituzten, Europako indarren artean nolabaiteko arreta eskuratzearren, izan ere, Europan muzin egiten zitzaion Espainia Errepublikar bat onartzeari.