Arkitektura

San Juan Bataiatzailearen Parrokia. Burlata

Burlatako San Joan Bataiatzailearen parrokia zaharra argazkiekin soilik berreraiki daiteke, ez baita haren arrastorik geratzen.

Erromanikoa izan zen, dorre primatiko batekin eta alboetan kontrahormaz hornitua. Hartara arestian aipatutako jauregia zegoen atxikita. Parrokiaren egungo eraikuntza modernoa da, XX. mendearen berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdekoa, eta J. Yarnoz Larrosa arkitektoak egin zuen. Gurutze latindarreko oinplanoa dauka, hiru ataleko nabe batekin. Burualde lautik gertuen dauden hiru ataletan sakontasun eskaseko kaperak lekutzen dira kontrahorma artean. Estaldura ilargixkaz hornitutako kanoi-gangaz egituratzen da eta gurutzadura ertz-gangaz estalia dago. Epistolaren aldean, lehen atalaren parean, oinplano karratua lekutzen da. Bertan kokatzen da bataiarria gordetzen duen bataio-kapera. Bataiarri hori antzinako parrokiatik ekarria da. Zilindro formako fustea du, tamaina handiko katilu galloiduna (azpian kopa esferiko batekin) eta kopa zilindriko bat. Bertan parrokiaren titularren erliebe bat antzeman daiteke, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa. Laneko korua oinean altxatzen da. Ebanjelioaren aldean sakristiaren oinplano angeluzuzena dago. Kanpoaldetik silarrixkazko fatxada bat ikusten da, alde batean lau angeluko dorrea eta oinean arkupea duena. Ezkerrean parrokia-etxea du atxikia.

Elizaren barnean parrokia bera baino zaharragoak diren hainbat pieza gordetzen dira. Horien artean dago San Joseren erretaula, gurutzaduran, Ebanjelioren aldean, kokatua. Erretaula hori Gorraitzetik (Eguesibar) ekarria da eta XVI. mendearen bigarren herenekoa da. Erretaularen oholetan pinturak ikus daitezke. Gainera, hainbat erliebe eta mukulu biribileko tailuak ditu, programa ikonografiko zabalaren erakusgarri. Gurutzaduraren alde horretako murruan Gurutziltzaketa bat (105 x 90) zintzilikatzen da, Aldunatetik ekarria. Gurutziltzaketa hori errenazentista da, XVI. mendearen bigarren herenekoa, nahiz eta polikromia eraberritua duen.

Presbiterioan dago estilo neoklasikoko erretaula nagusia, San Blasi eskainia eta Iruñeko katedraletik ekarria. Parrokiako erretaula zaharra, San Joan Bataiatzaileari eskainia, saldu egin zitzaion 1956an, beste erretaula batekin batera, Nafarroako Foru Aldundiari. Gaur egun Nafarroako Museoko aretoetan gordetzen da. San Blasi eskainitako erretaula nagusia pieza dotore bikaina da, Iruñeko pintura-tailerretik atera zena XVI. mendean. Juan del Bosque pintoreak egin zuen. Berarenak dira, era berean, San Joan Bataiatzailearen bizitza eta martiritzari, Ama Birjinaren zikloari eta Kristoren haurtzaroari buruzko istorioak islatzen dituzten oholak. Horiez gain, santu eta santen bikoteak, profetak eta ebanjelariak ere islatu zituen. Horien artean Haurtxoa duen Ama Birjinaren pintura rafaeldar bat, San Juanito atikoan eta Hirutasuna nabarmentzen dira, Alberto Dureroren estanpa batetik datozenak. Iruditerian eta zizelkatze-lanetan Esteban de Obrayk ere parte hartu zuen. Erretaula egoera onean mantentzen da.

Epistolaren aldean, gurutzaduraren murruan Sortzez Garbiaren tailu bat dago, itxura zurrunekoa, Fontellasetik (Tuterako merindadea) ekarria. Tailu horren estiloa erromanista da, 1600 ingurukoa, eta polikromia modernoa ageri du, XVIII. mendeko motiboz hornitua. Andre Maria Arrosariokoaren erretaula Artzetik ekarria da eta XVI. mendearen bigarren herenekoa da. Gurutzadura horretan bertan dago San Estebanen erretaula, estilo errenazentista duena, XVI. mendearen bigarren herenekoa.

Sakristiaren barnean urregintza-pieza adierazgarri ugari lekutzen dira. Horien artean, zilarrezko kaliza bat, 1851ekoa, eskema neoklasikoari jarraiki egindakoa. Kono-enbor formako korapiloa du, kerubinez apaindua. Koparen azpialdea mahats-adar eta gariz dago dekoratuta. J/DORADO marka, gaztelua, eta hartza eta gurbitza ditu, Madrilgo eskolari jarraituz. Bada zilarrezko krisma-ontzi bat, XIX. mendekoa, kutxatila formakoa eta S/GARCIA markarekin. Zilar urrekarako ekisaindu bat ere bai, neoklasikoa, 1818. urtekoa, Iruñeari dagozkion markekin. Santa Quiteriaren erlikia-ontzi barroko bat, haren ermitatik ekarria. Zilarrezko txilinak dituen binajera batzuk, 1851koak, erretilu obalarekin eta hostoz dekoratutako ontziekin. Haietan ere J/DORADO markak ikus daitezke. Burlatakoa da marfilezko eskultura bat, egun Iruñeko Elizbarrutiaren Museoan gordetzen dena.