Kontzeptua

Oparigintza Euskal Mitologian

Oparigintza, otoitzarekin batera, gizakiak jainkozkoekin duten harreman-bidea da. Otoitza bera ere, norberaren hitz eta gogoeten opari gisa hartzen badugu, oparigintza gizakiek jainkozkoekin duten harreman-bide bakarra dela esango genuke orduan.

Oparigintzaren oinarrian premisa ideologiko berbera dago beti: Jainkozkoak gizakiak baino ahaltsuago dira eta horregatik gizakiek opariak egiten dizkiete jainkozkoei. Baina hortxe amaitzen da adostasuna. Hortik aurrera, oinarri ideologiko arrunt diferentetan ezarrita altxatzen dira hiru oparigintza mota gurean eta gure inguru hurbilean. Jainkoekiko menpekotasunean oinarritutakoa, ordainean oinarritutakoa, eta beita-oparigintza. Izango da noski, hauetako sail batean ere borobilki sartu ezin daitekeen oparigintza erritorik, baina aipatu hirurak dira oinarrizko osagarriak, agian gero erdibideko konbinaketaren bat edo beste osa badezakete ere.