Kontzeptua

Oparigintza Euskal Mitologian

Besteak beste kultura indoeuroparretan nagusi den eredu honen arabera, gizakiak jainkozkoen menpeko edo zordun dira, eta egiten dizkieten opariak menpekotasun edo zorduntasun horrek sortutako obligazioaz egiten dira. Mitologia eskandinaviarreko testu pare batez eta indiarreko beste baten bitartez ilustratuko dugu esandakoa. Lehenengoan, Upsal-eko ospakizunez mintzatzen dira:

"Iturri gehienetatik ondorioztatzen denez Othin-ek eratu zituen. Izan ere, esaera da lurraldearen jabegoa eskuratu zuenean, bertan tenplu bat eraiki eta As-en modura (jainkoen modura esan nahi du) sakrifikatu zuela" (Hartsuaga, 1987).

Hurrengo testuak zehazten duenez jendeak bere zergak ordaintzen omen zizkion begiko izan zitzan eta uzta onak eman ziezaien:

"Othin-ek legeak egin zituen bere herrientzako, aurretik As-en artean lortu zituen legeak. Neguaren hasieran urtea ona izateko opariak egin behar ziren, neguaren erdian uzta ona izateko, eta udaberrian, paratutako kanpaina militarretan garaipena izateko. Sudur bakoitzak(sic) lurraldean zehar zerga ordaintzen zion, gerra garaian herria zain zezan eta urte ona segurta ziezaien" (Hartsuaga, 1987).

Testuak ez du adierazten "jainkoen moduan" sakrifikatzea zer den, baina oparigintza honen gainerako ezaugarriak jakinda eta ordainean oinarritutakoarekin erkatzen dugunean, sortuko da esaldi horren argigarri izan daitekeen proposamen bat. Dena den, testu azterketan nabarmentzen lehen gauzetako bat oparia eta zerga terminoen erabilpena da, elkarren sinonimo modura. Ez da kasualitatea. Izan ere, jainkoei sakrifikatzeko legea Othin-ek ezartzen du lurraldea konkistatzearen ondorio modura. Beraz indarrez ezarria da eta derrigorrezkoa. Ordainetan oparigileek armadaren babesa eta Othin-ek eragindako eguraldi ona eskuratzen dute, indoeuroparren artean jainko nagusiaren esku baitago Naturaren antzutasuna eragitea gizakiak jainkoen aurka altxatzen badira.

Indiar mitologiako hurrengo testuan ageri denez berriz, jainkoei opariak egiteko obligazioa gizakien sortze beretik eratzen da:

"Veda-etako Vivasvat kontraesan batek definitzen du: gizon,- gizadiaren arbaso-, eta jainko da,- Aditya jainko nagusietako zortzigarrena-,aldi berean. Bigarren nortasun hori RV,X,72,8 eta 9an aipatua, zenbait Brahmana-etan garatzen da, Aditya jainko nagusien ama den Aditi-ren nolabaiteko "jatorrizko bekatu" baten ondorioa balitz bezala ulertaraziz. Honek benetako sei Adityak binaka ekarri zituen mundura,- Mitra eta Varuna eta gero hauen bina laguntzaile-, aurretik Sadhya lehen jainkoei eskainitako haragi egosien kondarrak zintzo eta apalki janez. Baina laugarren aldian, onura handiagoa izango zelakoan, berak jan zuen lehenik, jainkoei eskaini aurretik. Ondorioa hauxe izan zen, alegia, bi haurretako bat, Indra, Zerurantz harro altxatu eta Adityengana bildu zen (bera izango da "zazpigarren Aditya"), bestea "arrautza hilaren" itxurapean jauzi zen bitartean. Aditya-en esku-hartzeari esker eman zitzaion bizitza eta itxura: hori izan zen Vivasvat. Baina laguntza ez zioten dohainik eman. Baldintza bat bete behar zuen: bera eta berarengandik sortuko liratekeenak "haientzako izango ziren", sakrifizioa eskainiko zieten" (Hartsuaga, 1987).

Bertsio honetan jainkoei opariak eskaintzeko obligazioa ez da sortzen beraz konkista baten ondorioz, gizakien sortze une beretik baizik, jainkoek eman baitzioten bizitza hil hurren zegoen gizaki guztien arbasoa den Vivasvat erdi jainko erdi gizakiari. Zioa bata edo beste dela ere, oparigintza hau derrigorrezkotasunean eta gizakiak betirako morroi bihurtzen dituen aspaldiko gertakari mitiko batean oinarritzen da. Testu hauetan ageri ez bada ere, esan behar da oparigintza mota honetan bitartekari espezializatuak egon ohi direla beti gizakien opariak jaso eta "jainkoen moduak" eskatzen dituen erritoen arabera eskaintzeko. Bitartekari espezializatu horiek noski opariaren zati bat eskuratu ohi dute bere lanaren sari.