Kontzeptua

Oparigintza Euskal Mitologian

Aurreko bietan ikusi dugunez, jainkozko guztiak ez dira berdinak. Indoeuropar jainkoek gizakiak morroi-neskame hartzea gustuko dute. Lurralde bat konkistatu eta zergapeko bihurtzen dituzte, betirako zordun. Edo gizaki guztien arbasoa eta haren ondorengo guztiak zorpetu egiten dituzte hura salbatu izanagatik, anaia dutela jakiteak eskuzabalago egiten ez dituelarik. Euskal jainkozko batzuk berriz ez dute gizakiekin aurrekoen antzeko harreman mota bera, ezta gutxiagorik ere. Hartu-emanean bizi dira gizakiekin, hauei mesedeak eginez eta hauen esker oneko opariak jasoz, egunero errepikatzen den zerbitzu-trukean. Jainkoak nola, oparigintza hala.

Euskal mitologian badago halere Basajauna edo lamiña ez bezalako beste jainkozko mota: Mari. Mari aspaldiko pertsonai mitikoa da, eta bere ibilbide luzean testuinguru berriek eragindako aldaketak pairatu ditu. Horregatik Mariren inguruko oparigintza anitza eta konplexua da. Baina Mariren alderdirik jatorrena bere nortasunik eza da. Mari ez da berez jainkosa bat, Naturaren indar bortitzak bereak dituen arren, ez dituelako erabiltzen asmo hau edo bestea burutzeko. Maririk jatorrenak ez du eredu bat gizakiei proposatu eta inposatzeko, ez die gizakiei esaten nolakoak izan behar diren eta zer egin behar duten, eta beraz ez du naturaren indarra erabiltzen batzuk zigortu eta besteak saritzeko. Maririk jatorrena Naturaren indarren irudikapen bat baino ez da. Eta Natura den heinean, eta ez Jainkosa, bere inguruko oparigintza aurretik ikusi ditugunak ez bezalakoa izan behar da ezinbestean.

Euskal mitologiaren eredurik jatorrenek, alde batetik bestera etengabe aldatuz dabilen Mari bat erakusten digute mendiz mendi, zuloz zulo, haren joan etorrien arrazoia inoiz argitu gabe, noski zer argitu ez dagoelako. Kontakizun hauek ez dira Mariren une gozo eta haserrealdien bilduma, hainbat eguraldi ezaupideren adierazpen mitikoa baizik. Halako tokitan dagoenean eguraldia ona da, eta bestelako hartan dagoenean, bihurri eta gaiztoa. Ez dago horri loturiko Mariren umorearen interpretazio saiorik (Marik ez baitu umorerik, ez onik eta ez txarrik), esperientzian eta behaketan oinarrituriko baieztapen multzoa baizik. Baldintza hauetan zer oparigintza mota era daiteke Mariren inguruan? Noski, honelako "jainkozko" baten inguruko oparigintza ezin da ez ezarkerian ez eta ordainean eta zerbitzu trukaketan oinarritu, Marik gogo edo borondate propiorik ez izateak ezinezko bihurtzen baititu aurreko bi bideok. Gizakiek Marirekin izan dezaketen harreman bota bakarra, Naturaren gainerako agerkariekin duena baino ezin daiteke izan: kontrolatzen eta euren probetxura bideratzen saiatzea. Mariren inguruko kultuaren albisteetan bi harreman motaren oroitzapena gorde da: gizakiak haren hainbat egoitza atarira egindako erromeriena eta haren beste hainbat egoitza konjuruen indar magikoaz ixteko saioak. Aurrenekoetan badirudi helburua egoitza inguruan festa giroa jartzea dela, eta beraz pentsa daiteke azken finean Mari bertan gustura sentitzea nahi dela, dagoen horretan jarrai dezan bertatik mugitu gabe. Helburu bera ikusten dugu konjuruen kasuan ere. Makila eta azenarioaren politikaren antzera, bide guztiak saiatzen dira helburu nagusia lortze aldera, hots, Mari, gizakiei komeni zaien lekuan geratzea. Ez da erraza dialektika bikoitz hau hasieratik honelakoa ote zen, ala garai batean erromeriak baino ez ziren (azenarioa) eta konjuruak (makila) kristautasunaren hedapenaz geroztikoa ote diren erabakitzea. Baina Mariren gogo eta borondaterik ezak zilegi eta teologikoki bidezko eta ahalezko bihurtzen ditu gizakien ekimen eta saioak hura kontrolatzen ahalegintzeko, eta beraz ez litzateke harrigarria jatorri beretik etorritakoa izatea dialektika bikoitz hori. Mariren antzeko den Vettore mendiko Sibyllaren kasuan esate baterako, bi aspektuok aurki daitezke baita ere: Erdi Aroko albisteen arabera koba zulotik irteten dira uztak hondatzen dituzten ekaitzak, eta horrelakoetan erromeriak egitea komeni dela esaten da; eta XIX. mendeko bidaiari batek kontatzen digunez kobazuloko sarrera harri handi batez itxirik dago, barruko biztanleak kanpora ez daitezen. Onez edo txarrez eguraldiaren gorabeherak kontrolatu egin behar dituzte gizakiek, euren lanaren emaitzak gal ez daitezen. Gizakien ekimen horren baitan ospatzen diren erromerietan Mariri opariak egiten bazaizkio, beita-opariak dira. Hura "engainatzeko" edo egindakoak. Ez dira indoeuropar jainkozkoen ezarkeriazko opariak bezalakoak, Naturarekiko harremanean ezarkeri puntua beti dagoen arren, helburu eta borondaterik ezak harreman mota hori bestelakoa bihurtzen duelako. Ekimena ez dator jainkoen aldetik, gizakien aldetik baino. Ez dira jainkoen exijentzia euren morroi-neskameei egindakoa. Gizaki askeen ekimenezko saioak dira, Natura kontrolpean eta euren komenientziaren arabera bideratuta edukitzeko. Beita-opariak dira.

Oparigintza moten azterketa eta komentarioa ezin da testuen planoan mugatu. Oparigintzaren oinarri ideologikoa zehazteko, testuinguruak ematen digu sarritan, testuak ematen dituenak adinako garrantzia duten argibideak. Hein honetan, bitartekaritza eta oparien kontsumo fisiko erreala dira aintzat hartu beharreko datu nagusiak. Testuek ezarkerian oinarrituriko oparigintza iradokitzen dutenean, testuinguruak opariak fisikoki kontsumitzen dituzten bitartekari espiritualak azalduko digu. Aitzitik, testuetan ordainaren kontzeptua ageri denean testuinguruak ez du bitartekaritzarik erakutsiko, ez eta oparigilea ez den beste inor oparikia kontsumitzen. Izan ere, ez baita berdina hurrengo goizean norberak edango duen gopor esnea gauez sukaldeko leihoan uztea lamiñek sinbolikoki edan dezaten (haren indarra xurga dezaten), eta norberaren arkumea fraideei ematea,- Jainkoari edo Amabirjinari opari egiteko aitzakiapean, haiek jan dezaten. Arrunt diferentea da. Eskandinaviar testuko "jainkoen modura" sakrifikatzea eta bertan egiten den oparigintza eta zergaren arteko identifikazioa agian auzi honekin loturik egon liteke. Hein honetan, ekarpen bitxi eta interesgarria egiten du, Prometeo greziar titanaren pasadizo batek. Prometeo hau, esan bezala, titan bat da,- jentilen antzeko izaki bat, eta gizakien laguna. Ikusita jainkoek opari gehiegi exijitzen dizkietela gizakiei eta hauek gero beraientzako behar adina jakirik gabe goseak egon ohi direla, errukiturik amarru bat prestatzen du eta Zeus jainko nagusia bertan erorrarazi: sakrifikaturiko zezen baten puskekin bi zorro prestatzen ditu. Batean haragi mami onenak batzen ditu eta larruazal puska itsusi batez bildu. Bestean berriz haziendaren azal-hezurrak batzen ditu, eta gantza mintz dotore batez bildu. Zeusek itxurari erreparatu eta azal dotoreko zorroa hautatzen du, eta horregatik geroztik greziarrek azal-hezurrak baino ez dizkiete eskaini behar jainkoei eta haragi-mamiak beraientzat gorde ditzakete. Zalantzarik gabe, modu batean ala bestean sakrifikatzea tentsio eta liskar sorburu izan bide da indoeuroparren eta haien aurreko nekazarien artean.

Mariren egoitzetara egindako erromerien zantzuetan badirudi ez dagoela inolako bitartekaritzarik eta Mariri sinbolikoki egin bide zitzaizkion opariak oparigileak berak kontsumitzen bide zituela pentsa dezakegu.