Kontzeptua

Oparigintza Euskal Mitologian

Euskal mitologian gehien errepikatzen den oparigintza eredua da hau. Ez dago ezarpenik, ez dago gizakiak betirako morroi egiten dituen aspaldi mitikoan jazotako gertakaririk. Hartu-emana eta ordaina dira bere oinarriak. Bi adibide plazaratuko ditugu, batean Basajauna eta bestean lamiñak protagonista.

"Beste behin, baziren Ezterenzubiko bazterrean, Espainiako mugan, hiruzpalau unai, bat, mutiko gazte bat. Haien etxolara, haiek loak hartu zirenean etortzen zen Antxo Basajauna berotzera; berotu, eta haien jatekoetarik jaten zuen. Ogi bat izaten zuten unaiek beste askariekin, eta hartatik puska bat uzten zuten gau guziez, "Antxoren partea".

Gau batez, parte hura ez zela zatitzen ikustearekin, mutiko ttipi hark esaten du: - "Non duzue Antxoren partea?" Emaiok heurea nahi baduk "- ihardesten diote. Mutikoak bere partea uzten du ohizko mahaiaren gainean. Basajauna etortzen da, bere ohituraren arabera. Berotu denean jaten du mutikoaren partea. Berotu eta jan duenean partitzen da, eramaten dituelarik unaien arropa guztiak, mutiko gaztearenak salbu. Gau hartan elur bat egin zuen gaitza. Biharamun goizean, arropak falta zituzten unaiek esaten diote mutikoari: -"Habil gure arropen bila." -"Ni ez." -"Habil otoi!" -"Zer emango didazue?" Biga txar bat bazuten eta hura hitzematen diote.

Mutikoa partitzen da eta basajauna zegoen leizera heltzean oihu egiten du: -"Antxo, emazkidazu lagunen arropak!" -"Ez dituzte izanen." -"Otoi, emazkidazu, bila igorri naute." -"Zer eman dizue saritzat?" -"Biga txar bat". -"Torkik beraz, eta to ere hurritz zaharo hau. Marka ezak heure biga eta emazkiok honetaz ehun eta bat zarta, ehun eta batgarrena handiena."

Mutikoak egiten du Antxok esana,ematen dizkio ehun eta bat zartak eta denbora laburrik barnean biga hark eman zizkion ehun eta bat abelgorri eder.

Denbora haietan, Basajaunek hitz egiten zuten giristinoekin" (Cerquand, 1875-87).

Ipuinaren osagarri, ikus dezagun zertan diharduen Basajaunak eskuarki, Barandiaranen hitzetan:

"Artaldeen jainko zaindaria da. Deiadarrak botatzen ditu mendietatik erasoren bat hurbiltzerakoan, artzainek artaldeak aterpera bil ditzaten. Artegi batean edo horren inguruan dagoenean otsorik ez da hara hurbiltzen. Bere agerkundea iragartzeko ardiek orobat eragiten dituzte txintxarriak, horien soinua entzunaraziz. Orduan artzainak lasaikiro etzan daitezke lotara, bai baitakite egun horretan edo gau horretan zehar otsoa, artaldeen etsai handi hori, ez zaiela nekaraztera etorriko" (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

"Antxoren partia" ez da, bada, aspaldian gertatu eta inork ezagutu ez duen ekintza menperatzaile baten ondorioa, egunero Basajaunak egiten dituen artzainen aldeko lanen ordaina baizik.

Egindako lanaren ordaina da baita ere hurrengo legendak erakusten dituen lamiñentzako oparien oinarri ideologikoa:

"Bazterretxeko jendeek, arrats guziez, oherat joan gabe, gopor bat esnerekin artho-xigorrak eta xingar-axalak uzten zituzten, supazter xokoan, zartaineko urin ondarren gainean.

Oro lokhartu zirenean, Laminak jausten ziren su-phizkiari beheiti, eta murtxa eta murtxa, marrumaño batean jartzen ziren, supazterreko puxka-miko guziak azkeneraino jan arte. Eta, gero, ixil ixila joaiten ziren su-phizkiari goiti.

Eta, biharamunean, Bazterretxeko jendeek kausitzen zituzten ongarriak hedatuak, erreka guziak garbituak, lurrak irauliak, arthoak jorratuak.

Gau batez, gopor esnea, xingar-axalak eta artho-xigorrak supazterrean emaitea ahantzirik joan ziren guziak oherat, eta, Laminak, gaitziturik, joan ziren bertze baserri batetarat, urrun, biziki urrun, sekulan gehiago ez baitziren Bazterretxeko lanetarat agertu" (Barandiaran, 1972-73).

Hemen ere ez dago zilegitasuna aspaldi mitikoan oinarritzen duen zuribiderik. Oparigileen garaiko egunerokotasunak erakusten ditu lamiñen lanen emaitzak, eta bihurtzen ditu zilegi eta bidezko hauei opariak eskaintzea egindako lanaren ordainetan.

Begi bistakoa den hartu-emaneko loturan eta ordainaren kontzeptuan oinarritzen den oparigintza honetan ez dago bitartekari erlijioso espezializaturik. Nork bere opariak egiteko ardura eta gaitasun nahikoak baditu.