Egungo fluxuetan dibersifikazioa nagusitzen ari da, hala sexu, adin, ikasketa maila nola inplikatuta dauden nazionalitate kopuruaren arabera. Emakumeei dagokienean Ravensteinek zioenaren kontrara, duela gutxira arte emakumeek laguntzaileak baziren, egun bultzatzaile agertzen dira hiru lan merkaturen inguruan: etxeko lanak, pertsonen zaintza eta prostituzioa.
Bigarrenik, migrariaren profila ere aldatu egin da. Migrazio-sistema mugatuetan garatu dira duela gutxira arte fluxuak, baina gero eta herrialde gehiagotik datoz, pertsona ikasiak dira askotan, hirietatik eta ez landa guneetatik eta askotan lan azpikualifikatuak egitera behartuta ikusten badira ere titulodunak dira.
Azkenik, globalizazio prozesuak dakarren komunikazio bapatekoaren aukerak kultur- eta gizarte- integrazioak erabat kolokan jartzen ditu, transnazionalismoa hipotesi erreala bilakatu da eta. Egun etorkinari posible zaio aldiberean bi errealitate sozial eta kulturaletan bizitzea. Komunitate transnazionalen aukerak ugaritu egiten dira, hiru arrazoi direla medio: eraldaketa teknologikoak, mugimenduen merketzea eta garraioaren bizkortzea. Beraz, transnazionalismoak sortzen duen transmigranteak bi tokitatik ausente egon beharrean, bietan presente egoteko aukera du. Parametro berri hauek etorkizuneko migrazioetan eta migrariak heltokiko gizartearekiko izango duten lokarri eta leialtasun graduan zeharo eragingo du.
Hala eta guztiz ere, panorama arin honetan arazo larri batek erantzunik gabe darrai: globala den mundu baterako zein hiritartasun mota eraiki? Estatala? Mundializazioak arazo ugari ditu, baina bere gobernantza egoki batek erresidentzian oinarritutako hiritartasun bat posible izan beharko luke, baina horretarako giza-mugimenduak ez luke mugarik ezagutu beharko, eta zoritxarrez hori da egungo mundializazioaren ezaugarrietariko bat, merkantzia eta kapitalen fluxuak ez duela mugarik, gizateriarenak bai, eta zorrotza.
