Kontzeptua

Migrazioak

Perspektiba ekonomikoak neurri batean gizarte-integrazioa permititu edo ezintzen du. Gizarte-integrazioan arlo ekonomikoak eta hiritartasuna lortzeko bideak elkarreragiten dute. Horrela, ez da antzekoa izango ius soli-an edo gastarbeiter logikan oinarritutako moldatzea. Lehenak, dagokion estatu-lurraldean jaiotakoak bertakotzat hartuko ditu eta, bigarrenak, ordea, "langile gonbidatu" modura ikusita, ez ditu sekula berezkotzat hartuko. Beraz, immigrazio eta integrazio politikak garrantzi ezinbestekoa dute immigrariak zabalik edo itxita izango duen balizko ibilbiderako.

Kultur integrazioari dagokionean, egun ikusmolde konplexuagoak erabiltzen diren arren (kulturaniztasuna, kulturartekotasuna) eta normatiboki integrazio bera ere hartzaile eta heltzen direnen artean aldebiko elkar egokitzapen modura ulertzen bada ere, abiapuntu gisa oso interesgarria da Berry-ren eredura jotzea.

John Berry-ren akulturazio estrategien eredua
Iturria: BERRY, J.W. "Immigration, Acculturation, and Adaptation". Applied Psychology: An International Review. 46 (1), 1997. 10
Jatorrizko identitatea eta kultur berezitasunak mantentzen ditu
BaiEz
Beste talde batzuekin harremanak dituzteBaiIntegrazioaAsimilazioa
EzBanatzeaBaztertzea

Berryk lau egoera aipatzen ditu jatorrizko pautak mantendu eta beste talde kultural ezberdinekin harremana mantentzearen arauera. Errealitatean, lau egoera hauek ez dira errealitatean hain garden agertzen, nahasita baino, baina erreferentzi modura oso interesgarriak dira. Integrazioak gainontzeko taldeenganako harremanak eta norberaren identitatea mantentzea eskatuko luke, nahiz eta askotan integrazio forma honek asimilaziotik asko duen. Asimilazioak norberaren kultur-pautak ahaztu eta ordezkatzea dakar. Asimilatzen denak gizarte berriko erreferentzia hartzen du bere. Banatzea, integrazio berezi bat da, normalean elkarren ondoan bizitzea dakar, baina ez elkarrekin. Egoera oso gatazkatsuetan irtenbide bat izan daiteke, baina ez da eredu erabatekoa. Baztertzea, banatzearen erradikalizazio bat da, ez baitu eskatzen edo ez da posible gainontzeko taldeekin harremanik eta gainera ez da norberaren identitate mantentzen. Bazterketa lotura ezeko harreman mota da. Esan den moduan, ez dira errealak lau posizio hauek, eta askotan hobe da atzera edo aurrera mugitu daitekeen continuum bateko posizio gainezarri modura aztertzea.

Aipatu den moduan, asimilazioa beti dago presente gainontzeko eretan, eta gizarte hartzaile guztiek amesten duten helburu hobetsia da: kanpotik datozenek euren pautak ahanztea eta gizarte berrikoak barneratzea. Normalean, horren arabera neurtzen da pertsona eta giza-talde berrien integrazioa, baina asimilazioak ospe eskasa du eta horregatik azken bi hamarkadetan nagusi bilakatu dira, behintzat maila teorikoan, aniztasuna arautzeko eredu berriak.

Lehenengoa, kulturaniztasunarena da. Baina, hemen ere berehala arazo berri bat agertzen da, ez baita bereizten zertaz ari garen: edo errealitatea konstatatzen edo gizarte-xede berri bat proposatzen. Errealitatean beti dago talde bat baino gehiago, edozein jendarte azpitalde ugariz ezezik, kultur ezberdinez osatua dago eta faktiko eta enpirikoki zaila da eredu homogeneorik inon bilatzea. Urrats hau, kultura ezberdinen kontu hartzea, ez da nolanahikoa, baina ez du nahikotasunaren maila lortzen. Jendartea kultura ugariz osatua egotea eta kulturanizatasunean oinarritua egotea ez dira gauza bera: kontakturik gabeko ugaritasuna errez manten daiteke, nahikoa da bizikidetasunik gabe elkarren ondoan bizitzea, baina ez da erreza batetik bestera iragatea. Metropoli askotan auzo ezberdinetan bizi dira talde ezberdinak, elkarren arteko komunikaziorik gabe. Egoera hori Berryren banaketaren ereduaren baitan koka dezakegu, baina ez dakar halabeharrez integraziorik.

Kultura aniztasunaren ikusmoldea gainditze aldera, azken urteotan kulturartekotasunarena plazaratu da. Kulturartekotasunak halabeharrez kulturen arteko kontaktua eskatzen du, hori da bere oinarrizko baldintza. Kulturartekotasunak sintesi berri batera heltzea du helburu, ez baitago ezer konpartitzerik elkarren arteko harreman eta begirunerik gabe. Sintesi honek, era berean, produktu gisa parte hartzen duten kultura ezberdinen partaidetza eta lankidetzaren ondorio behar luke izan. Arazoa, nolanahi ere, honako hau da: posible ote da eredu honen eraikuntza helburu normatibo desiagarri batetik haratago? Kulturartekotasunak egingarri izan nahi badu, ezin du botere asimetrian oinarritu bere probabilitatea. Eta praktika historikoan, hori gertatzen da, pauta kulturalak oso ezberdinak direla ezaugarri ugariren arabera: normalean Estatu hartzaileko kultura dominantea da eta gainera juridikoki babestua dago, gainera erreferentziazko kultura da, ospea duena, goranzko mugikortasuna bermatzen duena, beraz, etorkinenak ezezik zaila izaten da gizarte bereko jatorrizko kulturak modu beretsuan kudeatzea. Aniztasunak errezago gainditzen dira helburu normatibo edo paperean errealitatean baino, eta abiapuntuan edo prozesuan berdindu ezin diren kultur baldintzek asimilazioan bukatzen dute, ez kulturartekotasunean.

Ezberdintasun kulturalak nolanahi ere tratamendu konplexuagoa beharko du etorkizunean, gero eta nabarmenagoa da eta Kymlicka-k dioenez jendarte berberean honako hiru errealitate kulturalak nahasi eta gainmetatuak agertzea: Estatu-nazio hartzailearena, askotan Estatu horretako gutxiengo nazional batena eta, gainera, immigrarien gizarteek dakartzatenak. Bakoitzari legozkion eskubideak eta trataerak eztabaidatzeke dago.