Kontzeptua

Migrazioak

Migrazioa eta garapenari buruzko hainbat hausnarketa garatu da eta honetaz aditu oso interesgarria Bob Sutcliffe da. Sutcliffen ustetan, migrazioa garapenaren galga dela esaten denean "burmuinen ihesa" edo "talentuaren hemorragia" bezalako tesiez hitz egiten da, zeintzuetan zoritxarreko transferentzia ezartzen den herri pobreetatik aberatsen mesederako. Egia da horrela dela sarri, mundu mailako lan merkatua bi mailatan banatzen delako: maila kualifikatuan merkatu hau nahiko libre eta globala da; ez kualifikatuan, estatu barnekoa eta oso mugatua. Baina, burmuinen ihesa galera bat den arren, tentuz ibili behar da, zeren ez da egia pertsona kualifikatuen esistentzia soilak garapena ekarriko duenik, askotan herrialde atzeratuek bere pertsona kualifikatuak modu eraginkorrean inkorporatzeko duten zailtasun edo ezintasunagatik emigratzen dute hauek eta. Batzuetan pertsona ez kualifikatuen galera da garrantzi handiagokoa, gizarte horretako nekazaritza eta beste sektore estrategiko batzuk desmantelatu egin daitezkeelako.

Beste uste batek garapenak immigrazioari galga jartzen diola dio, beraz herrialde pobreek garatuta immigrazioa berez jaitsiko litzateke. Ideia hau oso errotua dago eta migrarien jatorrizko herrialdeen garapena azkartzeko aldarriak agertzen dira. Baina herrialde bateko garapen maila eta bere migrazioaren artean koerlazio eskasa dago. Pobrezia ez da migratzeko arrazoi bakarra, garrantzi haundiagoa dute aukeren ezagutzak eta horregatik badirudi uste denaren kontrara garapenak migrazioa bultzatu egiten duela.

Migrazioak garapena sustatzen du, baina batez ere diru-bidalketen bidez. Etorkinek jatorrira bidaltzen duten dirua gainontzeko laguntzak baino kopurutsuagoa da egun. Baina ez da nahikoa, eta, batez ere, ez da bidezkoa familien diru bidalketak nazioarteko justizia eza konpontzeko bitarteko bilakatzea. Munduko errentaren erredistribuzio mugatua ekarri du diru-bidalketa honek, beraz. Kopurutsuagoa izan dadin, migratzeko askatasun osoagoa beharko litzateke.

Garapenak, esan moduan, beraz, badirudi migrazioaren sustatzea dakarrela. Nazioarteko ekonomiak ugaritzen dituen kontaktuak migrazioak txikitu ezezik, ugaritu egiten ditu, zeren behe mailetan eraikitzen diren bezalako sareak dakartza garapenak, eta ondorioz mugimendu seguruago eta kontrolatuagoak ahalbidetzen ditu sektore kualifikatuetan. Badirudi, epe laburrean garapenak migrarien gutxitzea ekar lezakeela, baina luzean normalean ugaritzea.