Teoriak sendotu aurretik oso ezagunak dira bi ekarpen. Lehena, Ravensteinek burutu zuen, eta esperientzia enpiriko ugari bildu ondoren "migrazioen lege" erara aurkezten zituen. Interesgarriak dira, egun gertatzen direnekin gonbaratu aldera: migrazio eta distantzia ibiliaren artean harremana somatu zuen, hainbat eta distantzia luzeagoa hainbat eta migrazio kopuru txikiagokoak eta alderantziz; epeka gertatzen zirela adierazi zuen, lehenengo barnekoak; arruntagoak ziren landa guneetatik gune urbanoetatik abiatzen zirenak baino; gizonezkoenak zirela; eta beste kausa ugari egon arren, zalantza barik migrazio ekonomikoa zen erabakiorrena.
Honen ostean, mekanismo automatiko sinpleetan oinarritutako ikusmoldeak proposatu ziren, ospetsuena, push-pull faktoreei zegokiena. Ba omen daude zenbait ezaugarri gizarte bateko kideak espulsatzeko (push faktoreak) eta beste zenbait erakargile (pull faktoreak) beste gizarte batean. Muga nabarmenak ditu azalpen era honek, horregatik interesgarriagoa da beranduagokoetara jotzea.
Migrazioen inguruan teoria ugari dago, baina bitan bereizten dira oro har: edo gizakian edo gizarte-egituran oinarritzearen arabera. Hots, faktore pertsonalago edo sozialagoetatik abiatzearen arabera. Horrez gain, teoriek, alde batetik, migrazioak zergatik sortzen diren aztertzen dute eta, bestetik, nola eta zergatik mantentzen diren.
Sortzearekin hasita eta indibidualetan oinarrituta, azalpen mota honetako abiapuntuan gizaki arrazional bat dugu, eskura dituen aukera guztien aldeko eta aurkako ondorioak aztertu ondoren, aproposenaren alde egiten duena. Eragile arrazional honek ez du gizarte eraginik eta bere onura bakarrerako egokiena dena hobetsiko du. Ikuspegi hau berrikusten ari da, esaterako emigrazioaren ekonomia berriaren ikuspegitik, migrazioak indibidualetik gutxi dutela esanez eta familian, ez gizakian, erabaki-gunea jarriz. Kasu horretan aukera arrazionala familiak egingo luke, migratzailea familiarako egokiena izango den kidea aukeratu edo ia izendatuz: agian, egungo emakumezkoen migrazioetan gakoa emakumeak familiarekiko duen lotura zurrunagoan egon liteke, zailagoa baita emakumeak familiarekiko duen konpromezua apurtzea edo erremesen diru-bidalkeari uztea. Teoria biak teoria ekonomiko neoklasikloan eta ikuspegi mikroekonomikoaren baitan kokatzen dira. Lehenak, migrazio-fluxuak proiektu indibidualen metaketa gisa ikusten ditu; bigarrenak, familiek arriskuak ekiditeko hartzen dituzten erabakien metaketa modura.
Azalpen sozialagoetan, eragin-gunea gizarte-egituran jartzen da, eta perspektiba honetatik migraria ingurua kontrolpean ez duen eragile baldintzatua da. Komunikazioaren analogia bat eginez, indar eragile batzuen ondorioz -ekonomikoak, sozialak, politikoak, kulturalak,...- migrari indibiduala nonbaitetik igorria litzateke eta beste nonbaiten hartua. Kontua da nola sortu den komunikazio kanala eta baita kodea ere. Hau da, gune igorle eta hartzailearen artean ba ote dago loturarik ala migrazioak norabiderik gabekoak dira? Egotekotan, zer-nolakoa eta zeren arabera? Ikusmolde honen arabera, egitura-indarrak, migrari potentzialarentzako ikusezinak izanda ere, nagusi dira, hala hasieran -migratzeko erabakia hartzean- nola bitarte eta amaieran -gizarte berri batean kokatzean-. Egitura nagusi eta neurri batean gizakia txontxogilo, gizakiarentzako erabakiak sistema sozialak aurre-hartuak dituelako.
Ikusmolde estruktural honetan azalpenak ugariak dira, baina pare batera mugatuko gara. Oso ezaguna da lan-merkatu bikoiztuarena. Azalpen honen arabera kapitalismoak lanak kualifikazio continuum batean jartzeaz gain, bikoiztu egiten ditu bi sare paralelo eta osagarritan. Sare bat gizarte hartzailearen kideentzako litzateke; bestea, etorkinentzako. Lehenean, lan erosoenak, kualifikazio handikoak, ondo ordainduak leudeke. Bigarrenean, ostera, penagarriak, txarto ordainduak, arriskutsuak eta prekarioak. Bikoizketa honek lan-merkatuan etorkinak bizitzen duten egoera urratua erakusten du: langabezi-tasa handiagoekin, lan iragankorretan, mugikortasun ezeko sektore bereizietan kontzentratuta, eta ordutegi, baldintza eta soldata txarragoekin. Lan merkatu bikoiztu honi esker ulertzen da krisi eta langabezi garaietan ere etorkinen beharraren iraupena. Bikoizketak eta lan merkatu bereiziek oso eragin handia dute langilegoaren batasun zailduan, zeren alde batetik bikoizketa hau oso funtzionala zaio kapitalismoari eta langilegoaren baitan, klase eta infraklase bat sortuz, batasuna ezindu egiten da.
Egitura ikuspegien artean mundu-sistemaren teoria marxista daukagu ere, Wallerstein adituak garatua. Migrazioak kasu honetan kapitalismoaren garapen eta ekonomi merkatuaren hedatzeak dakartzan egitura-aldaketen emaitza dira. Aginte politikoak zeresan handia du prozesu honetan. Wallersteinen aburuz nazioarteko migrazioak ziklo historiko luze baten baitan ulertu beharra dago, XVI mendetik hedatu den mundu merkatutik. Ekonomi-harreman kapitalistak herrialde ez kapitalista periferikoetaraino sartu izanak migratzeko prest legokeen biztanlego mugikorra ekarri du. Prozesu luze honetan, enpresa kapitalistak aukera hobeak bilatzeko periferia pobreetako herrialdeetara bideratu ziren, horretarako sistema kolonialaz ere baliatu zirelarik, eta azkenik gobernu neokolonialak ere erabili zituzten. Saskia Sassen-en hitzetan mendebaldeko herrialdeetan industrien gainbeherak eta mundializazio prozesuak metropoli handiak hiri global bilakatu ditu, nazioarteko ekonomiaren estrategi gune izango direnak, eta honelako hiriek bi eratako etorkinak behar dituzte: alde batetik, kualifikazio handikoak eta kualifikaziogabeak. Batzuk zerbitzu berezietarako; besteak, aurrekoen eta dagokion gizarteko klase ertainen etxe- eta zaintza- premiak asetzeko.
Eta, zergatik mantentzen dira migrazioak? Teorizazio berri batek galdera honi erantzun gura izan dio, Massey-ren eskutik. Ikusmolde honek migrazio sareak aztertzen ditu. Migrarien sareei esker, migrariak, aspaldiko migrariak eta migrari potentzialen artean harreman sozialak sortzen dira, eta gainera hala adiskidetasun nola familia loturetan oinarrituta jatorria eta heltokia biltzen dira. Sare hauek noski migrazioaren noraeza, izua, arriskua gutxitu egiten dute eta hala informazioa nola gizarte berrian moldatzea errazten dute. Sareak erabakiorrak dira migrazioen kudeaketan, beraiei esker politika mugatzaileak gainditu daitezkeelako eta neurri oso handi batean fluxuen kopuruak kontrolatzen dituztelako. Aditu ugarik esandakoaren haritik, sareen ikuspegiak eta baita migrazioaren ekonomia berriarenak migrazioen kausak ez direla errazak eta normalean metatu egiten direla erakustera ematen du. Hori bai, behin martxan jarrita nazioarteko migrazioaren mekanismoa berez autoelikatzen da, horretan sareak eta familiak oso garrantzizkoak direlarik.
