Migrazioek gizakia sortu eta gizateriaren historia posible egin dute. Batzuetan edo ia gehienetan behartuta, beste zenbaitetan nahita, baina egungo ekosistema (ekonomikoa, soziala eta kulturala) jendarteek eremu ezberdinen aurrean burutu dituzten egokitzapenen ondorio da. Xabier Letek zioen moduan "gizonak badu inguru latz menderatzeko premia". Premia izateaz gain, salbaziobidea izan da ere. Bilakaera geldoak gizarte baldintzak eraikiz gain, gizakia bera sortu du. Ekimen honetan, lurralde joan-etorriak ekidinezinak izan dira; lurraldeak humanizatu dira eta prozesu berberean gizakiak bere izaerara inkorporatu du natura. Hori da hominizazioaren abiapuntua: beraz, migrazioen historia gizakiaren historia da. Afrikan hasita duela 1,8 milioi urte, mundu azaleko baldintza guztietara egokitu da gizakia migrazioen bidez.
Migrazioak, beraz, etengabeak dira, histori fenomenu konstantea. Garaian garaiko baldintzek ekarriko dituzte gero berezitasun ezberdinak. Administrazio ikuspuntutik immigrazioa edozein lekualdeta izan ahal delarik, epe ertain-luze eta gizarte-aldaketa luzea suposatzen duen mugimenduaz arituko gara. Gainera, egungo perspektibatik, immigraziotzat askotan bakarrik Estatuen artekoak baino ez dira ulertzen, baina Estatuen barneko migraziorik gabe ezin da esaterako industrializazio garaia ulertu. Horretarako, hurrengo lerroetan, migrazioen era historikoak, modernotasunaren baitan gertatukoak batez ere, migrazioak ulertzeko dauden teoriak eta gaur egungo gizarte kulturanitzetan integrazioaz uler genezakeenaz arituko gara.
