Kontzeptua

Kontraiantza

Edozein kasutan, Hegoalden kontradantzak duen garrantzia ezin da dantzaren inguruko polemiketara eta Iztuetaren liburura mugatu. Esate baterako, argi dago Gipuzkoako brokel-dantzako doinu asko, bereziki, tresnak baliatuta egiten diren jokuak edo jokoak dantzetakoak, 6/8 edo 2/4 konpaseko kontradantzez osatzen direla. Are argiagoa da XIX. mendeko hiri giro burgesean sortutako kontradantzen kasua (ziur aski hartako koreografia-elementuz hornitua). Ziur aski agintarientzat nahiz burgesiarentzat ezmoral ziren edozein elementu lapurtu bazitzaizkien ere, bereziki interesgarriak dira Donostiako Inauterietako konpartsentzat sortutakoak, musikari arras ezagunen eskutik sortuak, besteak beste, Pedro Albeniz, Jose Juan Santesteban edo Raimundo Sarriegi. Horri buruzko xehetasun gehiago ikus daitezke J. A. Quijeraren artikulu luzean (2004).

Edozein kasutan, kontradantza musika erudituaren parametroetan sartzen da erabat, izan ere, 2/4 eta 6/8 konpas arras arruntak eta fraseatze karratua barneratzen ditu; horrenbestez, zaila da doinu jakin batzuen jatorria ziurtatzea. Gigarekin dituen antzekotasunak aipatu ditugu, baina horren ezaguna ez den beste dantza batekin ere badu antzekotasunik, hain zuzen, rigodoiarekin. Dantza hori oso ezaguna izan zen XVII. eta XVIII. mendeetan eta, gehienetan, alla breve erako biko konpasean idazten bazen ere, 6/8 erako aldaerak ere bazituen (Little, datarik gabe). Kontradantzaren adibide argienetako bat ziur aski 6/8 konpaseko doinu arras ezagun bat da, izan ere, mendebaldeko Europako leku askotan doinu bera topa daiteke, bereziki, Okzitanian. Baskonian bi abesti herrikoiren bidez ezagutzen da doinu hori: Gabonetako Olentzero, buru handia... eta are ezagunagoa dena, San Fermin jaietan gaztelaniaz abesten den Uno de enero, dos de febrero...

Generoak eragin nabaria izan du musikalki (zehazten zaila bada ere, aurrez aipatu ditugun arrazoiak direla medio), baina bikoteen heltze eta askatzean eta haien arteko konbinazio ugarietan oinarritutako koreografia-eredua alboratu egin zuten beste dantza berri batzuek, besteak beste, balsak, habanerak, polkak, mazurkak edota ezkotixak. Horietan bikotearen autonomia erabatekoa zen ia. Halaxe da, XIX. mendeko lehen laurdenetik aurrera kontradantza alboratu egin zuten dantza horiek. Lehenengo burgesiaren eta aristokraziaren aretoetan eman zen aldaketa eta, ondoren , herriko plazetara eraman zen. Baskoniari dagokionez, une honetan halako koreografiak Iparralden baino ezin dira ikusi, eta ez litzateke gehiegikeria izango Luzaidera mugatu direla esatea. Zalantzarik gabe herri hori da euskal dantza eta musika tradizionaleko harribitxiak ondoen zaindu dituenetako bat. Edozelan ere, Herrialdean generoak izan duen garrantzia ukaezina da.