Kontzeptua

Kontraiantza

Badirudi kontradantza XIX. mendeko lehen hamarkadetan hasi zela Baskonian ospea hartzen (Guilcher 1984:22). Frantziako eredua gertuago zegoelako edo elizak eta gizarte zibilak sortutako aurkako polemika eta presioa ez zirelako hegoaldeko lurretan bezain indartsuak, egia esatera, dantza horiek arrakasta handiagoa izan zuten Iparralden. Musikari ezagun askoren errepertorioan oso ugariak ziren kontradantzak, esate baterako, Faustin Bentaberri (1865-1936) biolin-jotzaile eta klarinete-jotzailearenean eta baita bere iloba Jean Otheguy Lanyaburu biolin-jotzailearen errepertorioan ere, zeina 1956an hil zen. Jose Antonio Quijeraren arabera (2004:164-165), zonalde horretako igandetako dantzaldietan aurrezarritako ordena bati jarraitzen zitzaion II. Mundu Gerrara arte. Hala jauzien ostean, polka bat, ezkotix bat, mazurka bat eta bals bat interpretatzen ziren, hurrenkera horretan. Horien ondotik, gutxienez, lau kontra-iantza (hala izendatzen ziren tokiko euskalkian) dantzatzen ziren. Horiek amaitzean, berriz ere, polka batek hasiera ematen zion zikloari.

Miguel Angel Sagasetak Luzaideri buruz emandako datu batzuen arabera (1977:131), XX. mendeko bigarren erdialdean gainbehera egin zuten ia desagertzeraino. Agian horregatik, herriko zenbait gazte elkartu eta errepertorio hori, hamarkada batzuk lehenago euskal tradizioan atzerriko eta arrotz gisa ikusiko litzatekeena, berreskuratzeko ahalegina abiatu zuten. Kontua da herriko adin nagusiko batek, Perico Echeverrik, gainbegiratuta, kontra-iantzak ikasteari ekin zitzaiola. Ordutik, Luzaideko Bolantes festetan urtero interpretatzen dira jauzien ondoren. Hala ere, egile horren arabera (ibid.), liburua idatzi zuen garaian bederen, bolanteek blusa beltza janzten zuten gainetik kontradantzak dantzatzeko. Ohitura horrekin zera adierazten zen, "dantza erdi atzerritarra zela, eta jauziak eta kontradantzak gauza arras ezberdinak zirela".

Dantza horiek arrakasta izan zuten eta herriko mugetatik haratago hedatu ziren. Hala, gaur egun, Euskal Herriko dantza-taldeen errepertorioan oso ohikoak dira. Zalantzarik gabe talde horien izaera tradizionalak eragina izan du barneratze horretan, izan ere, neskek prestutasun handiagoa agertzen zuten dantzari izateko mutilek baino eta, hala ere, haien errepertorioan mutilentzako dantzak askoz ere arruntagoak izan dira neskentzako dantzak edo dantza mistoak baino.

Musikari dagokionez, kontradantza horiek martxen errepertorioan ere barneratu dira (ibid.: 23-24). Quijeraren ustez (2004:194), hori garai napoleondarreko ia martxa militar guztietan gertatu zen. Bestalde, Guilcherrek (1984: 185-190) hainbat kontradantza ezagutzen ditu izenez, esate baterako, Les Dragons edo L'assaut. Azken horren doinuan dantzatzen dira gaur egun, hainbat dantza ezagun, besteak beste, Godalet-dantza edo jauzi eskualdunak. Miguel Angel Sagasetaren liburuan (1977:135-137) egun Luzaiden interpretatzen diren kontradantzen partiturak aurki daitezke (normalean haien artean aurki daitekeen polka-pik delakoa barne). Bestalde, Quijeraren liburuan (2004:165-167) kontradantzan izan diren bilakaera arruntenen deskribapenak topa daitezke.