Kontzeptua

Kontraiantza

Arestian esan dugunez, euskal dantzaren moraltasunaren aurkako polemika gehienak (besteak beste, Bidador 2005) soka-dantzaren amaieran kokatzen dira. Wilhelm von Humboldt berak, bere egunerokoan (1923:207) era guztietako zatarkeria, salto eta mugimendu itxuragabe modura deskribatu zituen, estimuluaren sentsualitatea falta dutenak. Gaur egun ohituta gaude amaiera horretan fandango, arin-arin eta biribilketaz osatutako zikloa ikustera, izan ere, jai-giroaren parte dira eta protokoloak desagertu egiten dira. Dena den, garaiko iturriei so, fandangoa salbuetsita, hainbat izendapen agertzen dira haien inguruan eta deskribapenak zehaztugabeak dira erabat. Esate baterako, Larramendik (1882:272) fuga arinak izendatu zituen. Beste iturri batzuetan (sarritan debeku-zerrendetan) jiga-eroaldi, tafeta doinua edo tapatan joa, alboka edo unzurrunzanketan izenak aurki ditzakegu. Azkenik, Iztuetak (1824:168) arin-arinka izendatu zituen momentu jakin batean eta Fray Bartolome de Santa Teresak (1816:137) arin aringa, nahiz eta ez dagoen argi izendapen hori dantza izendatzeko erabiltzen ote zuen. Humboldtek, ordea, aurrez aipatu dugun egunerokoan (1923:207) adierazi zuenez, soka-dantza amaitzean, fandangoaren ondotik, Ingalaterrako kontradantza moduko bat dantzatzen zen, itxura batean 6/8 erako konpasean.

Horren harira, Iztuetak bere liburuaren hasieran uneko genero ohikoenak izendatu zituen bere erara (48. or.) eta bi kontradantza mota bereizten ditu konpasaren arabera: jatorrizkoarekin gertatzen den moduan, badirudi Baskonian (behinik behin hegoaldean) Iztuetaren garaian 6/8 erako (bera da saltarintxoak izenez izendatzen dituen bakarra) eta 2/4 erako kontradantzak dantzatzen zirela; azken horiek bizkai soiñuak izendatu zituen (horrenbestez, gure ondare tradizionalarekiko lotura argiagoa da hemen), izan ere, (230. or.) dantza mota hori ohikoa zen Bizkaian, non, usadioz, fandango modura dantzatzen zuten 2/4 erako kontradantzan. Bere doinu-koadernoan agertzen den adibideari beha, arin-arinarekin identifikatu behar da argi eta garbi.

Eta halaxe da, XIX. mendean orokorrean "reel erritmo" izendatzen den (Burford eta Daye, datarik gabea) 2/4 erako kontradantzaren eta egun arin-arin izenez ezagutzen dugunaren artean musikari so (eta ez koreografiari begira) dauden aldeak oso txikiak dira, bereziki, bietako fraseatze karratuan eta arin-arinak (fandangoarekin batera) izan duen bizkortze etengabean erreparatzen badugu. Ikus hemen "reel" kontradantzaren oinarrizko erritmoa:

Partitura

eta arin-arinarena:

Partitura

Danbor-jotzaileen partitura-koaderno zaharrenak XIX. mende amaierakoak dira. Horietan ez da agertzen egun horren ohikoak diren arin-arina eta porrusalda, ezta biribilketa edo kalejira ere. Baina, 2/4 eta 6/8erako kontradantzak maiz agertzen dira. Iztuetaren arabera (1824:142), musikari haiek ez zuten atsegin danbor-jotzaile izendapena. Nahiago zituzten lehen txistu, bigarren, musikari nagusi eta horrelakoak. Gainera, gustukoagoak zituzten gaztelaniazko izendapenak eta musika erudituko erabilerak. Pentsatzekoa da errepertorioarekin gauza bera gertatzea eta, horrenbestez, kontradantza izendapena nahiago izatea, batez ere, kontuan hartzen badugu dantza horrek, itxura batean, ez zuela izendapen zehatzik. Ikus dezagun XIX. mendeko danbor-jotzaileen koaderno horietako batetik (Ansorena Miner 1990:4446) hartutako adibide bat. Kortxeaerdi ugari ageri dira, horrek zera iradokitzen du, denbora motelagoa zela egun ohikoa denarekin alderatuta:

Partitura

Are ahulagoa da 6/8erako kontradantzaren eta egun biribilketa izendatzen dugunaren arteko muga, izan ere, bietan 6/8 konpaseko fraseatze karratuak dira oinarri. Kasu honetan ezin dugu ahaztu Britainiako beste genero batekin duen antzekotasuna, are zaharragoa dena: jig delakoa, musika barrokoan oso arrunta dena gigue edo giga izendapenak hartuta (gogoan izan hori garaiko izendapena dela). Genero horrek ere biko erritmoa zuen zatiketa hirutar batekin. Hori aintzat hartuta, are gehiago korapilatzen da auzia edo, behinik behin, izendapen-aniztasuna justifikaturik gelditzen da. Aurreko koaderno berean adibide bat ikus dezakegu (4425. or.):

Partitura

Kontradantzaren amaiera musikalki nolakoa zen ez dago horren argi, baina harekin interpretatu ziren musika-generoetan izen-aldaketak egon zirela bai. Txistulari aldizkaria Euskal Herriko Txistulari Elkartearen organoa da eta bertan XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako hiru errepertorio kaleratu dira. Lehenengoa Fernando Ansorena Izagirrerena da eta 1885eko datarekin agertzen da (Ansorena Miner 1996). Errepertorio horretan seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira guztira. Horietatik, berrogeita bi dira 2/4 konpasean idatzitako kontradantzak, hots, errepertorio guztiaren %6,7a. Horiei dantza izen zehaztugabearekin agertzen diren beste lau pieza gaineratu ahal dizkiegu, izan ere, 2/4 konpasean eta ezaugarri berdinekin agertzen dira. Kopuruari so, bosgarren tokian (edo laugarrenean, dantzak gaineratuta) agertzen dira generoen artean. Aurretik balsak eta habanerak (horiek dira ugarienak, alde handiz), 6/8 konpaseko zortzikoak eta kontrapasak ageri dira. 6/8 konpasean guztira hogeita hemezortzi kontradantza agertzen dira, hau da, errepertorio osoaren %6a. Ondorioz, zerrenda horretan, hurrengo tokian kokatzen dira, seigarren tokian, alegia.

Beste bi koadernoak (Ansorena Miner 1990; Apezetxea Aguirre 1991) berantiarragoak dira. Horietan, orokorrean, portzentajea 12,4 puntukoa da (15 puntutik gora aurrekoen antzekoak diren bost dantza gaineratzen baditugu). Horrenbestez, zerrendan laugarren genero modura agertzen da, 5/8 konpaseko zortzikoen, balsen eta habaneren atzetik. Berriz ere 6/8 konpaseko kontradantzak ondoren agertzen dira, hots, bosgarren tokian, 8,3 puntuko portzentaje batekin.

Aitzitik, Txistulari aldizkariaren bigarren aroko lehenengo sei mila orrialdeak 1955-1998 bitartekoak dira (Agirregomezkorta eta Vesga 1998) eta horiekin alderatuta aldea nabarmena da. Zentzugabekeria litzateke izen-aldaketa horretan euskal nortasunaren susperraldiak eta, horren barruan, euskararen balioespenak garrantzirik ez zutela izan pentsatzeak. Hogei kontradantza inguru baino ez dira agertzen, ia denak 2/4 konpasean, hots, errepertorio guztiaren %0,9a baino ez, suite, rapsodia edo beste obra luzeago batzuetan barneratzen direnak kontuan hartu gabe. Aitzitik, biribilketak berrehun eta hogeita hemezortzi dira, hau da, errepertorio osoaren %10a baino gehiago, uneko genero ugariena delarik. Bestalde, arin-arin izendapenarekin, porrusaldak barne, ehun eta hirurogei eta bi pieza agertzen dira, hau da, osoaren %7a. Kopuru hori aintzat hartuta, genero hori zerrendako laugarren tokian agertzen da, biribilketen, zortzikoen eta fandangoen atzetik.