Konposatzaileak

Santesteban, José Juan

Konpositorea. 1809ko maitzaren 26an Donostian jaioa. 1884ko urtarrilaren 13an hil zen hiriburu berdinean.

Juan Jose Zañola, Eskoriatzako abadeak -1813an ingelesek Easo ederrari eginiko hondamendiaren ondorioz, Jose Juanen gurasoek egoitza eta ondasunak galdu zituzten eta denboraldi batez Jose Juan jaso zuen- musikarako zuen mirarizko ahalmena ikusita, lehen eskolak eman zizkion; Oñatin jarraitu zituen, Manuel Garagarza organistarekin; bederatzi urte zituen erlijio-ospakizunetan parte hartu eta bere soprano ahotsarekin ospea eskuratu zuenean. Ondorioz, 1821eko abuztuaren 31an Donostiatik deitu zioten, garai hartan ospea zuen, Sagastiren Misa de Réquiem konposaketaren sopranoaren zatia abestu zezan.

Mateo Perez de Albeniz, Donostiako Santa Maria elizako kapera-maisuarekin, zazpi urtez pianoa, harmonia, kontrapuntu eta fuga ikasi zituen. Bere zuzendaritzapean eta aholkularitzapenean bere lehen bi obrak idatzi zituen: Eskoriatzan estreinatuko zituen Miserere eta Meza bat. Bitarte hortan, Donostiako San Vicente parrokiako organista karguan jardun zuen.

Bi txaranga baziren ere, Santestebanek "Los Gambaros" izendatu zuen beste bat sortu zuen, Juan Bautista Gambaro frantsez klarinetista ospetsuaren homenez. Zuzentzeaz gain, bertako tronboia jotzen zuen. Honek guztiak, egurrezko eta metalezko instrumentuen inguruko ezagutza teoriko eta praktikoak eman zizkion. Ikasle nekaezina, biolina, biolontxelo, kontrabaxua eta gitarra jotzen ikasi zuen. 1835 inguruan orkestra handirako bost Meza eta organoaren akonpainamendurako beste bat konposatu zituen.

Kanturako teknika ikasi nahian 1840an Madrilera joan zen; Saldoni eta Basiliren heziketa jaso zuen. Carnicerren kontrapuntu eta fuga klaseetara, Pedro Albenizen piano klaseetara eta Errege Kaperara joan zen, Nicolas Ledesmak sortu eta zuzendutako Mezak entzutera. Ondoren, Donostiara itzuli zen. Parisko "Aldizkari musikala" irakurrita, Frantziako hiriburuak zuen musika giro izugarriak erakarri zuen eta 1844 urtean bertara joan zen. Bertan, Manuel Garciarekin kantua ikasi zuen (Manuel Vicente Garcia tenore ospetsuaren semea) eta orkestra zuzendaritza Habeneck-ekin. Aldi berean, Konserbatorioa, Italiar Antzokia eta Opera Handia sarritan bisitatu zituen. Italiara joan zen; 1844ko Erramu-igandean joan zen lehen aldiz Kapera Sixtinara eta ez zuen hutsik egin Aste Santu eta Pazko funtzio erlijiosoetara. Palestrina eta Miserere de Allegriren produkzioak entzun zituen. Baini abadearekin, Sixtina kaperaren maisuarekin, erlazionatu zen. Erromatik Napolira joan zen; Mercadante eta Fiorimio, kontrapuntu irakasleekin harremanak izan zituen; Liorna eta Florentzian musikari nabarmentsuenekin elkarrizketatu zen; Bolonian Rossinik hartu zuen, zortziko bat oparitu eta eskeini ziolarik. Milan eta Bergamo ere bisitatu zituen donostiar musikariak; lehenengo hiriburuan, Donizetti eta Pedrotti ezagutu zituen, eta bigarrenean aldiz, Simon Mayer o Mayr alemaniarra ezagutu zuen, La Favorita-ren konpositorearen maisua eta Medea-ren egilea.

Italiatik abiatu eta Parisera joan zen berriro ere, bertan Berliozekin elkarrizkatatu zelarik.

1844ko abuztuaren 31ean Donostiara itzuli zen eta Santa Maria basilikaren kapera maisuaren karguaz jabetu zen. Jotzaile, konpositore, irakasle eta zuzendari gisa ekintza handia garatu zuen eta lehen musika instrumentu eta partitura-denda sortu zuen Donostian. Ikastetxeetan Solfeo irakaskuntza barneratu zuen eta bi banda eta Easoko Orfeoiak sortu zituen. Obra erlijioso eta profano ugari konposatu zituen eta Kantu laua ikasteko metodo teoriko praktikoa idatzi zuen. La tapada-ren partitura, ekitaldi bateko zarzuela, idatzi eta estreinatu zuen. Era berean, bere lagun zen Ramon Fernandez Garayaldek lehen karlistadan idatzitako Himno Oriamendi-rena ere estreinatu zuen. Azken hau, Esparteroren, Lacyren, Evansen eta Sarsfielden gobernuko tropa ingelesak Hernanin bilduta zeuden tropa karlistei bigarren garaipenaren ospakizunak aurreratzeko asmoz idatzitako obra dugu. Baina tropa haiek, irabazi beharrean, Sebastian Gabriel infanteak zuzentzen zituen tradizionalistegaitik zapalduak izan ziren, 1837ko martxoxoaren 15ean Oriamendi Garaiko bataila ospetsuan. Santestebanen orrialdeak topatu eta gustokoak aurkitu eta gero, bereak egin zituzten batailaren omenezko Oriamendi izena eman ziotelarik. Idazle batzuek, Sebastian infantea Oriamendi-ren ustezko egiletzat hartzen badute ere, Santestebanek sinaturiko original bat badago. Garayalderekin ere arrakasta handia izan zuen La Tapada-ren musika idatzi zuen. Isabel erreginak Donostian egindako egonaldia bat zela eta, gure musikariak bederatzi talde batu zituen, guztira hirurehun jotzaileei bildu zituelarik. Hauek guztiak, Gernikako Arbola, Iru Damatxo-aren aparteko bertsioak eta berak konposaturiko pasodoble bat interpretatu zituzten bere zuzendaritzapean.

AS