Kontzeptua

Kontraiantza

Argi dago kontradantzak Iparralden barneratu eta gutxira Pirinioak zeharkatu zituela. Hala, berehala ezinikusi bikoitza agertu zen haren inguruan: alde batetik, morala, izan ere, genero ezberdineko pertsonen arteko kontaktu fisikoa jazarri egin zuten hala agintari elizkoiek nola agintari zibilek; beste alde batetik, eta lehenengo ezinikusiarekin lotura mantenduz, dantzaren jatorri atzerritarra izatearena, Espainiako eta Euskal Herriko tradizioaren aurkakoa. Bada hirugarren faktore bat, sarritan alde batera uzten dena interpretazio sakonagoak bilatzeko irrikaz, dantzaren estetikaz ari gara, bereziki soka-dantzaren amaieran egiten zenean, izan ere, aipatu dantzak kutsu dionisiakoa zuen nolabait eta horrek dantza lasaiaren ideala apurtzen zuen. Kontuan hartu behar da dantza lasaiaren ezaugarria kohesio sozial hierarkizatuaren eta gorputzaren gaineko kontrolaren adierazle dela Iztuetarentzat eta gaia jorratu zuten autore ugarientzat. Faktore horietan erreparatzen badugu, argi dago dantza beraren gaineko hiru begirada direla: Iztuetaren, Larramendiren eta beste askoren pentsamoldean kontradantza dantza atzerritar eta ezmorala da, antzinako euskal dantza leialak kutsatu behar ez dituena.

Dimako (Bizkaia) seme Juan Antonio de Iza y Zamacolak 1796an Elementos de la ciencia contradanzaria izeneko lan labur bat argitaratu zuen Madrilen. Bertan "eite berriko modazale, okerkeria-zale eta ederzaleak" lotsagarri uzten zituen, tradizioa ahaztuta atzerritik iritsitako edozein berrikuntzarekin bat egiten zutela leporatuz. Kontradantza oihua, zalaparta eta iskanbila baino agertzen ez dituen dantza modura deskribatu izan da sarritan. Are garratzagoak dira egile berak emandako iritzi hauek, Iztuetaren liburu ezagunean txertatzen direnak. Adibide batera:

"El nombre mismo de contradanza está diciendo que es un baile contrario a las antiguas danzas, pero tan innoble y ridículo, que, si un oriental viese por primera vez bailar una contradanza europea, no podría contener la risa, pensando que se habían vuelto todos locos, al verlos mover a un tiempo y a compás como monos de máquina, y especialmente al oír los desaforados gritos y chillidos con que se desgañita el pobre músico para advertir a los contradanzantes la figura que deben ejecutar. (1824: 134)"

Iritzi horretan erreparatuz, badirudi musikariak musika-instrumentua jotzeaz gain (jakina ez oihu-tresna), dantza-pausuak markatzen zituela. Ohitura horren berri Larramendik ere eman zuen. Miguel Angel Sagasetak (1977:151) ere aipatu zuen ohitura hori, Faustin edo Lanyaburu musikariez mintzo zelarik.

Dantzaren aurkako eite hori azpimarratuz, sarritan Iztuetak oker-dantza modura euskaratu zuen, "dantza okertuaren" zentzua nabarmendu nahirik. Are gehiago, uneren batean bere amorrua erakutsiz hau dio garaiko danbor-jotzaileei eta atzerriko doinuekiko haien zaletasun bereziari buruz:

"Alborada jotzera joatean, isilik agertuko dira etxeko atarian: bertan Ingalaterrako minueta jotzen hasiko dira eta Frantziako bals batekin amaituko dute agerraldia. Horiek dira, turkiarren kontradantzako doinuekin batera, egungo danbor-jotzaileek ekartzen dituztenak" (1824: 110).

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Nolanahi ere, agian, kontradantzaren afera horretan ageri dira argien Iztuetak barnean dituen kontraesanak. Hots, doinu berdinak, alde batetik, garden eta garbi iritsi dira gugana milaka urteren ondoren; eta, beste alde batetik, laidogarri eta kirasdunak dira (112. or.). Badirudi izenaren arabera egiten duela bereizketa. Kontradantza izendatzen dituenean lehen deskribapenean barneratzen ditu eta oker-dantza izendatzen dituenean bigarrenean. Izan ere, Iztuetaren esanetan, seminarioetan ( Bergarakoaz mintzo delarik, argi eta garbi) kontradantza ikasi zuten jaun gazteek " brokel-dantzan barneratu dituzte bikain egokituta eta oso era zintzoan" (218. or.); (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Ziur aski hori da Gipuzkoako dantzen inguruan une hartan egin ziren berrikuntzak argiro erakusten dituen testigantza.