Monarkia eta noblezia

Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa

Nafarroako Erreinuan ondoeza nabarmena zen Joana eta Felipe IV.aren gobernuaren aurrean. Dena den, erregearen agintaritza mantendu egin zen. Nafarroan antolatu ziren bilkuren helburua Joana erreginak foruak zin-egin zitzala zen. Berez, prokuradoreak Parisera bidaltzeko prest zeuden zin-egite hori jaso eta leialtasuna erakusteko.

Bestalde, bilkura horietan formula jakin bat idatzi zuten ekitaldi horretarako. Horren arabera, Felipe erregeak Luis Hutin printzea aitortzen zuen Nafarroako koroaren ondorengo lez. Joana eta Frantziako erregeak seme bat izan zuten urte batzuk lehenago, Luis izenekoa. Errege ezkontideak koroa harengan utzi zuen eta ez aitarengan. Hori ikusita, Frantziako monarkiak Nafarroako Erreinua bere koroaren baitako lurralde gisa baitaratuko ez zuelako itxaropena zuten nafarrek. Formula horri jarraiki, Felipe IV.ak lehenik eta behin, Joana hil ostean, Nafarroako Erreinuko gobernua Luisi emateko konpromisoa hartu behar zuen, semeak 21 urte betetzen zituenean. Halaber, Joana bizirik zela amak hala eskatuko balu, koroa semeari emango zitzaion. Erregina haren oinordekorik utzi gabe hilko balitz, Frantziako monarkak koroa "Hiru Estatuen" eskuetan uzteko konpromisoa hartu behar zuen, tronuaren legezko oinordekoa nor izan behar zuen erabaki zezaten.

Yanguasen arabera, erregeek foruen zin-egitea burutu zuten Iruñea, Acx, Baiona, Kalagorri eta Tarazonako gotzainen aurrean. Aipatu gotzainak Parisera mugitu ziren ekitaldian izateko. Egile berak adierazitakoari jarraiki, Felipe erregeak Luis Hutin Nafarroako oinordeko gisa aitortzea onartu zuen. Aitzitik, Lacarraren iritziz ez da ziurra erregeek bilkuran erabakitzako modu eta baldintzetan burutu zutenik zin-egitea.

Joana erregina 1305eko apirilean hil zen, Vincennesen, 33 urte inguru zituela. 1304ko martxoko data zuen Joanaren testamentuan erreginak Parisen orube bat ezarri zuen "Colegio de Navarra" (Nafarroako Ikastetxe) izena izango zuen ikastetxea sortzera bideratua. Luis Hutin semeak hartu zuen haren tokia Nafarroako tronuan, Luis I.a tituluarekin. Gerora, Frantziako tronua ere eskuratu zuen aitaren lekua hartuz, Luis X.a tituluarekin.