Monarkia eta noblezia

Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa

Pedro Sanchez de Monteagudo erreinuko gobernadore nagusia izendatu ostean, Artoiseko Blanka erreginaordeak Frantziara bidaiatu zuen bere lehengusu Felipe III.a "Ausartari" babesa eskatzeko. Erreginaordeak Frantziako erregeari Champañako dukerriagatik zegokion gorazarrea egin zion eta, ondoren, 1275eko maiatzean Joana eta Felipe III.aren bigarren semearen (aitaren izen bera zuena) arteko ezkontza adostu zuten. Ordutik aurrera Joana Frantziako Gortean hazi zen eta Nafarroako Erreinua frantziarren babespean geratu zen. Erabaki hori ere ez zuten begi onez ikusi nafar guztiek, izan ere, zenbait sektoretan aipatu babesarekin Nafarroa erreinu haren baitako izatera pasa zela ulertu zen.