Monarkia eta noblezia

Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa

Hiribilduetako gizon onen artean sortutako Ermandadeak bilerak egiten jarraitu zuen eta, beste alde batetik, noblezietako bilkurak ere berriro hasi ziren. 1281ean infantzoien bilkura egin zen berriro, orduko hartan Obanosen. Guerin de Amplepuis erregearen gobernadorea bilkura horiek saihesten saiatu zen, izan ere, gobernadoreen esanetan, bilkura horiek oztopo ziren erregeak bere agintea modu askean aplika zezan. Urte hartan gobernadoreak informazio-inkesta eskatu zuen asanblada horiek legez kanpokoak zirela erakusteko xedez, eta 1289an gutxienez 21 noble bilkura haietara ez joatera behartu zituzten, ondasun guztiak galtzeko mehatxupean. 1289ko bilkura horretan kide berriak sartu ziren. Beste zaldun batzuek, ordea, asanbladak utzi zituzten eta erregearen edo gobernadorearen baimenik gabe zin-egiterik ez zutela egingo ziurtatu zuten, horien artean ziren, Sancho Aznarez de Murguia, Sancho Sanchez de Leoz, Semen Periz de Ilurdoz eta Pedro Periz d'Oarritz.

1283an beste bilkura bat egin zen Erriberrin. Bertan izan ziren Iruñea, Lizarra, Zangoza, Erriberri, Gares, Biasteri, Urantzia eta Orreagako diputatuak. Bilera horretan zera erabaki zen, bilkurara deitu eta agertzen ez zirenek gainerakoen gastuak ordainduko zituztela. 1294an hiribilduetako hainbat kontzejuk monarkei erreinuko gobernadoreari buruzko kexak helarazi zizkieten, esate baterako, Iruñea, Lizarra, Tutera eta Zangozak. Gobernadoreak justizia arloan zuen jarrera salatzen zuten eta, zehazki esatera, pertsonak atxilotu eta ezarritako bermerik gabe preso sartzen zituela, foruei, pribilegioei eta askatasunei muzin eginez.

1289. urterako hiribildu guztiek Ermandade bakarra osatu zuten eta 1297an batasuna formalizatu zuten. Urte hartan hiribilduetako gizonak eta Obanoseko infantzoiak batu egin ziren eta elkarri laguntzeko zin-egitea egin zuten, erreinua ahaltsuen erasoetatik defendatzeko. Hurrengo urtean berriz elkartu ziren Iruñean. Orduko hartan elizako hainbat kargu bertaratu ziren, esate baterako, hiriko gotzaina, Kalagorriko gotzaina, Orreagako priorea eta Iratxeko apaiza. Batzartuen artean zera erabaki zuten, haien erabilera, foru eta usadioei buruz monarkei egindako eskariaren aurrean atxikimendua adierazi ez zutenei laguntza ukatzea.