Monarkia eta noblezia

Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa

1284ko abuztuaren 16an Joana erregina Felipe III.aren semea zen Felipe "Ederrarekin" ezkondu zen. Urtebete beranduago, Frantziako monarka hil egin zen eta Felipe "Ederrak" hartu zuen haren lekua Frantziako koroan. Une horretatik aurrera, Felipe IV.a izan zen. Modu horretan, Nafarroako erregina eta Champaña eta Brieko kondesa palatinoa izateaz aparte, Frantziako erregina izatera pasa zen Joana.

Joana Parisen bizi izan zen eta sekula ez zen Nafarroara hurbildu bere erreinuaren egoera ezagutzera. Nafarroa gobernatzeko hainbat gobernadore, teniente, ordezkari militar eta merio baliatu zituen, gehienak frantziarrak, eta funtzionario horiek gauzatutako administrazio-kontuak erregeak gainbegiratzen zituen Parisetik. Felipe IV.ak, halaber, monarkari helarazitako eskaera edo eskabideak ebazten zituen. Ebazpen horiek gobernadoreen eskutik aplikatzen ziren erreinuan.