Nafarroako Erregina (1274-1305 bitartean).
Nafarroako Enrike I.a "Potoloaren" eta Artoiseko Blanka (Luis IX.a Frantziako erregearen iloba) alaba. Bar-sur-Seine (Champaña-Ardenak) izan zen bere sorterria eta Nafarroako tronua eskuratu zuen aita hil zenean, hots, urte eta erdi besterik ez zuela. Bere ama izan zen erreginaordea alabak 1284an 12 urte bete zituen arte, adin horretan ezkondu baitzen.
Erregeordealdian hainbat zailtasun izan ziren. Lehenik eta behin, Nafarroako zenbait noble eta infantzoi Champaña Etxea ezarri aurretik zeuden erregeek (Teobaldo I.a eta Teobaldo II.a) sartu zuten Frantziako administrazioaren aurka zeuden. Bestalde, Aragoi, Gaztela eta Frantziako kantzelaritzetan beren erregegaietako bat erregina gaztearekin ezkontzeko aukera aztertzen ari ziren, modu horretan, Nafarroa haien eraginpean izateko.