Kontzeptua

Igarkuntza Euskal Mitologian

Igarkuntza, etorkizunak zer ekarri behar duen aurrez jakiteko ahalegina da. Zein aldetik begiratzen zaion, era askotako motak daude.

Esate baterako, igarri nahi den helburuari erreparatu ezkero, aipa genitzake eguraldiaren zer nolakoa, hurrengo uztaren zer moduzkoa, norbaiten heriotzaren noizkoa, bikote baten ugalkortasuna, gatazka baten emaitza, e.a. Etorkizuna igartzeko teknikari begiratuz berriz, igarleak hainbat harri jaurtiki ditzake eta erori diren formari erreparatu, hegaztien hegaldiari begiratu, su garren itxurak behatu, sakrifikaturiko animaliaren baten gibel-erraiak arakatu, izarrak eta zeruko agerkariak aztertu, eta beste hainbat ikur eta seinale ikertu. Igarlearen estatusaren eta bere gizartearekiko harremanen ikuspuntutik berriz, igarlea etxez etxe ibili daiteke, nork deitu herengana joanez, edota leku jakin batean egon daiteke, hura ikusi nahi duenak oro bisitan dihoakiolarik. Ikasketaz eta oinordekotzaz etor dakioke dohaina, edota zoriz, besterik gabe. Igarle klase edo talde bateko kide profesionala izan daiteke, ala igarkuntza lanbide ez duen auzokide arrunta. Igarlearen jarduna, bere horretan gara daiteke, ala zenbait sustantzia kontsumituz (edabe edo ke psikotropikoak, etc). Kontsumitzen diren sustantziak tartean badabiltza, igarkuntza eta magiaren arteko muga lausotu egiten da.

Aurrekotik espero daitekeenez, igarkuntzaren agerkariak izugarri ugariak dira gure planetaren bazter guztietan, eta bertako kultura guztietan. Arlo zail eta labainkorra da oso, haien artean loturak eta eratortasunak aztertzen saiatzeko, noiznahi gerta daitekeelako batere loturarik gabeko bi kulturetan antzeko igarpen agerkariak topatzea. Nabartasun horretan tentuz ibili behar da, munduan zehar dauden igargarrien ezaguera ahalik eta zabalena izan eta batik bat igergarri bitxienei erreparatu, zenbat eta bitxiago izaki, orduan eta nekezago gertatuko baita antzekotasuna loturaren adierazle ez izatea.

Igarkuntzaren ikerketak badu, bereziki zail bihurtzen duen patu gaizto bat. Izan ere, igarpenen praktika bereziki gaitzetsia, jazarria eta zigortua izan da, gutxienik Erromatar Inperioaren azken garaietatik aurrera, eta honek noski ondorio larriak izan ditu igarkuntza bizirik iraun ahal izateko. Paganismoaren beste praktika batzuk ez bezala, igarkuntza arrunt eragilea izan daiteke entzuleri fededuna izan ezkero, eta beraz arrunt arriskutsu izan daiteke bai botere politikorako, bai eta botere erlijiosorako ere. Herriak sinesten badu igarleen errebelazioz, errege berriak kalteak baino ez dituela ekarriko, edo etsaiaren aurkako gatazka galdu egingo duela, edota obispoa deabruarekin biltzen dela gauero, gizartearen egonkortasuna kinka larrian jar daiteke. Ez da harritzeko beraz, IV eta VII mende bitartean, bi botereok,- zibilak eta erlijiosoak-, igarleak eta igarpenak zigortzeko hainbat lege indarrean jarri izana. Erromatar Inperioko azken agintariek, gero errege bisigodoek, eta aldi oso berberean zehar, kristau Elizak ere. Lege hauen arabera, igarpen kasuetan bi aldeek jasotzen zuten zigorra, hots, igarleak eta baita hura deitu edo bisitatu zuenak ere. Eta ez nolanahikoak gainera. Heriotzaraino irits zitekeen igarlearentzat eta atzerriratzea eta ondasun guztiak kentzeraino, igarpena eskatu zuenarentzat.

Jazarpena berezi honen ondorioz, igarkuntzak nabarmen egin zuen behera hurrengo mendeetan, nahiz eta ohi den bezala, leku bazterretan luzaroago iraun ahal izan zuen. Aipatu arrisku politikoak tarteko, jazarpena askoz ere bortitzagoa izan baitzen gortearen inguruan, boterearen egoitzatik urrun zeuden lurraldeetan baino.

Badirudi Erromatar eta bisigodoen garaiko euskaldunak hainbat igarpen motaren arrunt zaleak zirela, joan den mendeko etnografoek beren lana egin zutenerako, zaletasun horien arrasto handirik geratzen ez bazen ere. Garaiko idazleen testuak tamalez nahiko ilunak dira, eta gehienetan gaitzespenaren ikuspuntutik idatziak daudenez, sarritan argibide jator gutxi eta topiko errepikapen ugari dagoela susma daiteke. Beraz, haien igarpen motei buruzko taxuzko ezer gutxi irakats badiezagukete ere, zaletasunaren tamainaz dioskutena aintzat hartu beharrekoa da.

Ez da harritzekoa sustrai sendoz erroturik noizbait egondakoak, nola edo hala luzaro irauten duen seinaleren bat uztea. Errepresioa handia izan bada, seinale horiek zeharo kamuflaturik egon daitezke, inork ez ezagutzeko moduan, baina egon hor daude zain, eta datu berriren bat testuingurua aberastera datorrenean ohartzen gara ordura arte mozorropean egondakoaren esanahiaz. Garai bateko euskaldunen igarpen-zaletasunari buruz ere, antzeko zerbait gertatzen da: egundaino horrekiko lotura gorde ez duten hainbat agerkarik, aspaldiko esanahiaren zantzua berreskuratzen dutela kanpotik datozkigun argibideei esker. Hauetako lau aipatuko ditugu: bi, hiztegian gorde direnak eta beste bi, mitologian.