Kontzeptua

Igarkuntza Euskal Mitologian

Jentilen akabera deritzan legendaren hainbat bertsiotan, jentilek haien arteko zahar bat ekartzen dute eta igargarriari begira jartzen dute (izar edo laino den igargarriari), honek haren esanahia argituko dielakoan. Jentila hain da zaharra, betazalak balenkaz edo urkuluz jaso behar izaten dizkiotela lagunek, ezer ikusiko badu. Mito honen azterketak eta Europan zehar aurkitutako legenda berberaren inguruko aztarna-apurrek erakutsi dute, jentil zaharraren jardun hau igarkuntza mota baten oroitzapen fosildua dela. Izan ere, betazal jasoera hori ez dago jentilaren adina edo itsutasunarekin lotuta, igarkuntza trantzearekin baizik. Igarpen hauen oroitzapena Euskal Herrian aspaldidanik zeharo galdurik dagoela, betazal tentetuen motiboak zahartasuna eta itsutasunaren aitzakiaz baliatuz lortu du jendearen oroimenean bizirik irautea. XVII. mendearen hondarrean Eskoziako irletako bazterrik ezkutuenetan bisitari ibili zen ingeles bati zor diogu Euskal Herrian jentilen legendetan oraindik gorderik dagoen keinu bitxi horren ulerbidea.

"Bigarren ikusmena", normalean ikus ezin diren gauzak ikusteko gaitasun bitxia da, horretarako "ikusleak" inolako antolaketarik erabiltzen ez duelarik; ikuskizunak inpresio izugarria egiten die "ikusleei", eta hauek ez dute, ikuskizuna ez den beste ezer ikusten edo pentsatzen hark iraun bitartean: eta orduan, goibel edo alai azaltzen dira, agertu zaienaren arabera.

Ikuskizun bat agertzerakoan, gizaseme horren betazalak tentetu egiten dira eta begiak fijo geratu ikuskizuna suntsitu arte. Norbaiti ikuskizun bat agertzen zaionean berehala ohartzen dira ingurukoak, eta honela gertatu zen behin baino gehiagotan neroni eta nirekin zeudenak ohartzea.

Bada bat, Skye-n, -bere ezagunek diotenez-, ikuskizunen bat ikusten duen bakoitzean, betazaletako barruko aldea hain gora bihurritzen zaiolarik, gero ikuskizuna aienatu denean, bere behatzez baliatuz eraitsi behar dituena, eta zenbait aldiz besteen laguntza erabiltzen du hauek eraisteko, era askoz errazagoa baiteritzo honi" (Hartsuaga, 2004).

Eskoziako albiste honek betazal tentetzearen errito-keinu balioa adierazten digu. Eta Eskoziatik ez oso urruti, Irlandan hain zuzen, topatzen dugu berriro Jentilen akabera gogora ekarriko digun beste albistea.

"Lainoen bidezko igarkuntzaren berri honi zera gaineratu behar diogu, "neladoir" (nailadore) hitzaren izana irlanderaz, astrologo edo igarle bat izendatzeko: eta "neladoracht-ek" piromantzia adierazten du (suaren bidezko igarkuntza) latindar deklinabideko irlandar idazlan zahar batean. Baina "neladoir"-en lehen esanahia "laino-igarle" da; eta "neladoracht"-ena, "lainoen bidezko igarkuntza"; zeren "nel, neul, nell", "lainoa" baita gaur egun oraindik ere, eta ez "izarra" edo "sua"" (Hartsuaga, 2004).

Irlandan nahiko aspaldian jada, berez "lainoen bidezko igarkuntza" esan nahi duen hitza, piromantzia adierazteko erabiltzen zen, bada. Lainoen bidezko igarkuntza hori beraz, oraindik aspaldikoagoa izango da noski. Jentilen garai berekoa. Irlandako berri honek, Eskoziako aurrekoarekin batera, Jentilen akaberako jentil zaharraren benetako esanahia ulertzeko bidea zabaltzen digu: jentila igarpen-trantzean erortzen da betazalak tentetzen dizkiotenean, laino behaketaren bidezko igarpen motan diharduelarik. Idazle klasikoek horren berri ematen ez badute ere, etnografia konparatuari esker jakin dezakegu euskaldunek aspaldian lainoen bidezko igarpenak egin ohi zituztela, eta betazalen tentetzea izan zela igarle haien trantzearen keinu erakusgarria.