Kontzeptua

Euskal literaturaren kritika gay eta lesbiarra

Harreman lesbiarrak irudikatu dituen literaturan ohikoa izan da emakume gazte baten eta hura limurtzen duen emakume helduaren arteko harremanaz diharduen narratiba (Alvarez Uria 2010). Ildo horretan kokatzen dira euskarazko lehen narrazio lesbiarra, hots, Arantxa Urretabizkaiaren Aspaldian kontakizuna (Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik, 1984), Xabier Montoiaren Emakume biboteduna (1992) laneko Barregilea ipuina edo Eider Rodriguez-en Apur bat zoroa narrazioa (Haragia, 2007). Uxue Apaolazaren Mea culpa (2011) eleberrian, bestalde, senarra hil ostean, lesbiana gisa bere burua aitortuta bizimodu berri bati ekiten dion emakume adinekoa da pertsonaia nagusietakoa.

Ohikoak izan dira, orobat, harreman lesbiarren irudikapenetan, gizon heterosexualaren begiradatik egindako irudikapen erotikoak (Alvarez Uria 2010). Voyeur heterosexualaren ikuspegitik kontatzen da emakumeen arteko sexua, esaterako, Edorta Jimenezen Speed gauak (1991) eleberrian. Txanogorritxoren ipuineko otsoa bihurtu zuen voyeur, bestalde, Jasone Osorok Txanogorritxuren inozentzia ipuinean (Tentazioak, 1998). Harreman lesbiarra kanpotik behatzen duena haur bat da, aldiz, Katixa Agirreren Festa-gonbidatuak narrazioan (Sua falta zaigu, 2007).

Detektibe lesbianarena da mendebaldeko nobelagintzan ohikoa den beste irudikapenetakoa. Itxaro Bordak sortutako Amaia Ezpeldoi detektibea eta haren inguruko pentalogia tradizio horren baitan kokatzen da. Bakean ützi arte (1994), Bizi nizano munduan (1996), Amorezko pena baño (1996), Jalgi hadi plazara (2007) eta Boga boga (2012) nobelek osatzen dute saila, eta bertako eleberri guztietan Amaia Ezpeldoi detektibeak desagerpen-kasu bana ikertu beharko du, hainbat gizarte-arazoren oihartzunak jasoz. Eleberri horien bidez, euskal naziotasun hegemonikoari kritika egiten die Bordak, eta periferiatik bestelako naziotasun bat proposatzen du, begirada lesbikoa erdigunean jarrita (Gabilondo 2006, Retolaza 2010, Lasarte 2010b). Dena den, Itxaro Bordaren narraziogintzan zein poesian zehar etengabea da begirada lesbiarra, 1986an Maiatz aldizkarian argitaratutako Klara eta biok ipuinetik hasita.

Harreman lesbikoak irudikatu dituzten nobelagile eta ipuingileek maiz Euskal Herritik kanpoko espazio diasporikoak hautatu dituzte harreman horiek kokatzeko (Lasarte, 2010b). Laura Mintegiren Nerea eta biok (1994) nobelan, hala, unibertsitateko irakasle baten eta Parisen preso dagoen Nerea ikaslearen arteko gutun-harremanaren bidez irudikatzen da harreman lesbiko anbiguoa. Julen Gabiriaren Connemara gure bihotzetan (2000) nobelan, mutil batek hil berri zaion neskak Irlandan izandako amodio lesbiarraren berri jakiten du haren egunerokoaren bidez. Renoko lesbianen club bat du kokaleku, bestalde, Javi Cillero-ren Ero hiria (2006) bildumako ipuin batek.

Patu tragikoa eta tremendismoa dituzte ezaugarri komun gay pertsonaiez diharduten lehen euskal eleberri eta kontakizunek (Arregi 2010). Iñaki Mendigurenen Haltzak badu bihotzik (1990) eleberrian irakasle baten eta bere ikasle nerabearen arteko ezinezko amodio istorioa da ardatza. Barne-homofobiak eta soldaduskak ezarritako kanpo-indarkeriak, maskulinotasunaren arauak bortxaz ezarri eta protagonistaren heriotza dakarte.

Askotariko biolentziaren pairatzaile eta eragile da, era berean, Bernardo Atxagaren Itzultzaile bat Parisen narrazioko protagonista homosexuala. 1996an zuzeneko emanaldietan irakurritako narrazioa da, euskaraz argitaratu ez zena (bai, ordea, katalanez eta gaztelaniaz). Gabilondok aztertu duenez, "bestea"rekiko desira eta biolentzia ardatz berean konbinatzen ditu narrazioak, eta subjektu maskulino nazionalista legitimatzen (Gabilondo 2006: 194). Bestearekiko desira eta indarkeria batera doaz berriro Xabier Montoiaren 1997ko Gasteizko hondartzak bildumako lehen ipuinean. 1937an Gernika bonbardatuko zuen gazte alemaniar batekin maitemindutako mutikoa du, izan ere, protagonista Ikatza bezain beltz kontakizunak.

Gizonezko homosexualen inguruko narratibak, bestalde, tradizioaren eta modernitatearen arteko talkak irudikatu ditu sarritan, eta baita hiriaren eta landa-eremuaren artekoak ere. Daniel Landarten Batita Haundia (1994) nobelak Ipar Euskal Herriko nekazari-giroko testuinguruan arakatzen ditu gizarteko tabuak, adulterioa eta homosexualitatea, nagusiki (Olasagarre, 2010). Pako Aristik Urregilearen orduak (1998) nobelan, bestalde, landa-giroko herri baten historia bildu zuen. Modernotasunaren eta tradizioaren arteko gatazken ispilu da bikote homosexual batek herrira dakarren haustura.

Aitzitik, uztarketa horren aukera ukatzen du Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak nobelak (2004), protagonista herritik atzerriko hirira eramanaz. Gay pertsonaia nobelaren erdigunean kokatuz, nazio- eta gay- identitateen gaineko hausnarketa sakona proposatzen du eleberriak, 1980ko hamarkadako Euskal Herria eta Londres garaikidea kontrajarriz. Gay identitatea posizio politiko gisa hartzen da eleberrian eta bertatik egiten zaio kritika nazio identitate hegemonikoari (Egaña, 2010).

Beste hainbat narraziok ere atzerrian eta testuinguru globalean kokatu dituzte gay pertsonaiak: estreinakoz 1992an argitaratutako Joseba Gabilondoren Madril New York Tokyo ipuinak (Apokalipsia guztioi erakutsia, 2009) hiru hiri horien artean kokatzen du kutsu futuristako kontakizun globala. Irati Jimenezen Bat, bi, Manchester (2006) nobelak, bestalde, ezinezko maitasun homosexuala irudikatzen du, Manchesterren bizi diren bi mutil euskaldunen artean (Ayerbe, 2010; Arregi, 2010).

Narratiba-lan zenbaitetan pertsonaien homosexualitatea kontakizunak deskubrituko duen egia enigmatikoa da (Ayerbe, 2010). Hainbat polizi eleberrik ustiatu dute bide hori: ikerketa polizialak argitzen dituen egien arteko bat da pertsonaien gay izaera. Aingeru Epaltzaren Rock'n'roll (2000), Hasier Etxeberriaren Mutuaren hitzak (2005) edo Jon Arretxeren Morto Vivace (2007) nobela dira horren erakusgarri. Ur Apalategiren Gure gauzak S.A. (2004) eleberrian testuinguru akademikoko ikerketa batek ematen du parada pertsonaia baten ezkutuko sexualitatea bistaratzeko.

Azken urteetako zenbait eleberrik, pertsonaien balizko homosexualitatearekin jolasten dute, hura inplizituki iradokiz baina azken hitza irakurlearen esku utziz, Mikel Ayerbek ikertu duenez (2010). Jokin Muñozen Antzararen bidea (2007), Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori (2009) edo Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian (2009) nobeletan, esaterako. Ipuingileek ere baliatu dute narratiboki pertsonaien homosexualitatea ustekabeko amaierak sortzeko eta irakurlea harritzeko. Iban Zaldua, Patxi Iturregi edo Katixa Agirreren ipuinak dira joera horren lekuko.

Bakanagoa izan da gayei buruzko euskal narratiban erotismorako joera, nahiz eta euskarazko gay narratibako lehen lanetarikoa Karlos Santiestebanen kontakizun erotiko-pornografiko bat den, Uda baten amodio zoroa liburuan jasoa (1986). Aitor Aranak jorratu ditu gehien gay erotismoaren eta pornografiaren bideak, Onan (2000) edo Dorian Grayren egiazko erretratua (2011) nobeletan, besteak beste.

Isidro Rikarteren Rakel Beaumont narrazio luzea da pertsonaia transexual baten gainean eraikitako euskal kontakizun bakanetakoa, kutsu enigmatiko eta tragikoduna, Desioaren hiria bilduman jasoa (1998). Emakume "osoa" izateko Rakel transexualak daraman borroka kontatzen du liburuak; amets hori lortzear dela sortuko zaizkio arazoak. Amaiera bi eskaintzen ditu Rikartek nobelan: batean, naturak berak gain hartzen dio Rakeli, "egiazko" emakume izatea oztopatuz; bestean, emakumetasun beteagatiko lehiak berak hiltzen du pertsonaia.

Karlos Gorrindoren Ni naizen hori (1994) eleberriak Bilboko gaueko giroan kokatzen du Marilin pertsonaia transgeneroa eta haren emakume bilakatzeko prozesua. Nazio borroka eta beste identitate-borrokak uztartzeko ahalegina da eleberria, izan ere, Marilinek etakide bati emango dio aterbe, emakume bihurtu ostean zaintzaile-rola bereganatuta.