Kontzeptua

Euskal literatura

Literatura jarduera eta bizitza dinamika berri honek XX. mendearen lehenbiziko herenean, eta zehatzagoak izate aldera 36ko guda zibila hasi arte, eta olerkigintza mailan bereziki, batez ere euskal bizitza literarioan 20 eta 30. inguruko urteetan autokritika eta oldozmen maila bideratu eta bertan parte hartzen duten sortzaile eta teorikoen ohizkanpoko garrantziagatik bultzada erabakigarri bat ezagutzen du.

Ezinbestekoa da Jose de Aristimuño-k ("Aitzol"), eta berak sortu izandako -Euskaltzaleak- elkarteak, El Dia egunkariak eta Jakintza aldizkariak euskal literatura eta kulturaren benetako "berpizkunde" honetan duten betebehar erabakigarria. Hemen ere helburu nagusia hizkuntza da, euskal aberriaren eraikuntzarako muina. Hizkuntzatik aberrira doan bidea, -Aitzolen hitzetan "bide salbatzailea"- literatura da hain zuzen. Segurutik oraindik hizkuntza-aberriaren inguruko helburuekiko gehiegizko menpekotasuna azaltzen du literaturak, bestalde Euskalerriaren kultura eta politika egoeragatik ulergarria dena. Baina Europar literaturan sartzea, hau da, kulturaren eta literaturaren bidetik modernitatean sartzea helburu serioa da eta, arinagoko planteamenduekiko, jakina, berria. "Euskal Olerti Egunak" (Euskal Olertiaren Eguna) eta ondorioz Eusko Olerkiak izeneko aleen argitalpenarekin, bertsolaritzari eta antzerkiari eskainitako "Bertsolari" edo "Antzerki Eguna", eta baita hitz lauz idatzitako idazlanetarako "Kirikiño Eguna"-ren sorkuntza, etab. ospatzeak alde batetik D'Abbadie edo Manterolak arinagoko mendean Lore Jokoekin hasitako literatura jarduera suspertu eta jarraitzeko bide baldin badira, bestetik euskal literaturaren, olertiaren, dekantazio bat suposatzen du, zehatzagoak izateko, modernoagoak, hau da, konbentzio poetiko garaikideen ildo berean dauden zainduago eta zorrotzagoak diren sorkuntza eta teoria oldozmenerako jarrerekiko jarduerak.

Urte horietan sortzen diren idazle edo olerkari sorta ugari batetik zalantza izpirik gabe Jose Maria Agirre -"Xabier Lizardi"-, Esteban Urkiaga -"Lauaxeta" eta Nicolás Ormaetxea -"Orixe"- nabarmentzen dira, eta ez beraien lanaren barneko literatura kalitateagatik bakarrik, XX. mendean euskal literaturaren garapen eta bilakaeran ordezkatu eta adierazten dutenaz gain euskal olerkigintzari modernitaterako sarrera erabakigarriaren ekarpena egin ziotelako baino. Hiruretatik, Orixe da segurutik euskarazko lan mardul eta ugariaren bitartez hizkuntza eta literatura hats zabal eta indartsuena erakusten duena; Lizardi, lirikotasunaren bizitasunik aratzenekoa, batez ere naturaren olerti? sentiberatasunaren adierazpenean; Lauaxeta, euskal olertiaren modernizazio eta berrikuntzarako beharrezko ereduak aurkitzean artegatuena. Euskal olerkigintzan agian beste inoiz eman ez den gailurra ordezkatzen duten hiru izenoi Juan Arana -"Loramendi"-rena erantsi beharko litzateke. Beste batzuekin batera, "Olerkariak" taldea sortzen dute. "Olerkari" neologismoa Sabino Aranaren garaitik aurrera euskal literatura zeharkatzen duen korronte garbizalearen inguruan sortzen da. Bestalde olerkiaren beraren betekizun eta kontzeptuan? "Lore Jokuak"-eko olerkaririk gehienen lana, ez bertsolariena, oinarritzen zen gako herrikoiekiko bertsogintzarako teknika eta estetika konbentzioei dagokienez, distantziamendu jakin bat suposatzen du. Euskal literaturak, euskararen beraren egoeragatik herrikoitasunaren eta garbizaletasunaren arteko oreka egongaitza bizi du. Egoera horrekiko erantzuna ez da gorago aipatutako hiru olerkariengan berdina. Baina hirurengan den erantzuna planteamendu orokor baten ondorioa da eta ez hitzaren xede bezala poetika berbaren ikuspegi linguistikotik emandakoa. Beraien arazo poetikoak olerkariek atondu behar eta nahi dituztenak dira: abiaraztean dituzten datuak ez dira euskararen eta bere egoerarekikoak soilik, poetika hitzak aditz-xede autonomo eta existentzia eta errealitatearen adierazpen lirikoaren ohiko forma bezala duen berezitasuna baino.

Lizardiren olerki-lana Biotz Begietan (1932) liburuan bilduta dago. Zalantzarik gabe gehien irakurritako euskal olerki lana dugu, ondorengo olerkariek neurri baten gehien jarraitu eta maite izan dutena. Lizardi euskal olerkigintza modernoaren nagusietan klasikoena da. Olerki unibertsotik, olerki gaietatik eta baita dagozkien tratamendutik haratago doa eta Lizardiren lirikan geroztiko euskal poesiaren garapenerako izatez eredugarri egiten duten elementu batzuk azaltzen dira. Garrantzitsuenak bi izan daitezke: olerki testuaren autonomiarekiko bilaketa kontzientea eta, horretarako, hizkuntza materialaren forma berrikuntza eta lanketa garbi, zorrotz eta zehatza egitea. Aurreko olerkiaren lirika-sentiberatze berotasunaren aurrean Lizardirengan sendo agertzen dira: erretorika orotatik biluztutako adierazpen formetara bideratutako olerki-hitza, kondentsazio formal eta semantikoduna, batzuetan kontzeptutasunaren mugakide izanik. Baina ez kontzeptismo zerebral eta hotza, errealtasunaren arrazoibidezko abstrakzio prozesu batetik abiatutakoa, lirikotasun nabarmenagoz kasu bakoitzean esan daitekeen olerki-formularen bilaketa egoki batetik ondorioztatu daitekeena baino; hau da, sujerentzia eta sinbolizazioaren ahalmen handiago batez, olerkariaren esperientzia edota sentiberatasuna. Horretan datza Lizardiren olerkien irakurketak batzuetan eskaini dezaken nolabaiteko zailtasuna. Lauaxetarekin eta Orixerekin ere gauza bera gertatzen da. Olerki zail baten errealitatea ote da? Erantzuna, hiru olerkari handion olerki sorkuntzaren lanean kokatzen den ingurua zehazten duten elementu nagusi batzuk gogoan hartuz besterik ezin eman daiteke. Horrek hiru olerkariak olerki kode bertsuari erantzun behar diotena ez du esan nahi eta ezta euskal olerkigintzaren beharrezko berrikuntza era berean egin behar dela ikusten dutenik ere.

Hiruretan da euskal olerkigintza berritzearen borondate argi bat, modernitatearen haize berrietara zabalduz. Horretarako, hiru idazleotan ere, aditz-jokoa hizkuntza- eta olerki- tratamendu zorrotz eta serioaren menpe jartzen dutela nabarmen dago. Aurreko olertiaren hitz-jario errazaren eta batzuetan ea kontzeptutasunera arteko olerki-aditz neurridun eta zorrotzaren artean azkar igarotako olerki ibilbide bat dago. Eta hemen egon daiteke olerki honen aurrean irakurle ohartu gabea nolabait zurtuta gelditu izanaren zioetariko bat. Segurutik, Lizardi, Lauaxeta eta Orixeren olerkigintza dibertsifikatzen duena, ereduen hautaketa da. Orixek, humanismo klasiko eta ortodoxotasun eskolastikoaren pentsaerako arkitekturaren heziketa sakonetik eredu klasikoan ikusten du euskal olertiak bere burua ikusi behar duen tokia. Lauaxetak, "ordoxotasun" gutxiagoz, ideologiaz gutxiago finkatuta, bere olerkian -zehatzago esateko Bide barrijak (1931) bere lehenbiziko liburuan- Alemaniako erromantiko eta Frantziako sinbolistetatik hasi eta 27ko belaunaldiko espainiarrera arte, modernismotik eta olerki garbitik igaroz, ereduen bilaketa artegatsu bat adierazten du. Sakon-sakonean, Orixeren eta Lauaxetaren, eta baina Lizardirena ere, bilaketa komun honetan Dechepare eta Oihenart-en garaitik datorren euskal olerkari guztiak aurre ekin dien erronka hau azaltzen da? tradizioaren edo sorkuntza berriaren arteko hautaketa. Euskal kasuan, herrikoitasun olerki tradizioaren eragina eta garrantziarekiko berezitasuna izanez. Horrek edozein olerkigintza baztertzaile bideratu ezin egiten du, idazlea mutur bien bateratasunerako olerki-espazioak aurkitzera behartuz: tradizionala eta berria.

Olertiaren "hirugarren bide" antzeko horretatik abiarazten zaigu Lauaxeta bere bigarren Arrats Beran deritzon liburuarekin, eta bitartean Orixe, 1931tik 1935era euskal nazio poema handi batetan -Euskaldunak- lanean dabilela, klasizismo poetiko beharrezko eta berri baten haize berritzailearen eta tradizioaren bultzada historiko eutsiezina ezinbestean bateratuko dituen olerki gai bat egon dagoela esan nahi omen du. "Euskaldunak" idazlanak izate asmoa duen nazio epopeia hori, atzean paradigma bezala Federiko Mistral-en Mireio, Orixek berak euskarara itzulia, euskal literaturak erantzute ahalegina egin behar duen erronkaren gauzatze nabarmen eta handinahirik goren bezala jardun lezake: gai bezala, olerki trataeran eta baita hizkuntza bezala ere, historia kolektiboaren esperientziaren olerki adierazpenaren eta kalitate estetikoaren mailarik gorenera euskal literatura jasotzeko gai den nazio epopeia bat. Baina Orixerentzako, aurretik ohitura-narratzaileentzako izan zen bezala, ez dago baserrian lan, bizi, otoi, maite eta abesten duen Euskalerria baino besterik. "Beste" Euskalerriak, hiritarrak, industrigunedunak, heterodoxoak F. Krutwig, J. Mirande, G. Aresti bezalako olerkarien etorrerari itxaron behar dio. Bitartean, "olerkariak" belaunaldikoek gogotsu egiten dituzten izatez eta borondatez euskal literatura modernoaren eraikuntza jaioberri hori zutik jartzeko ahalegin adoretsuak birrintzen guda zibila arduratuko da: Lizardi 33an hil zen, Orixe-k atzerriratu beharra du, eta Aitzol-ek eta Lauaxeta-k pelotoi frankisten iskilupean amaitzen dituzte beraien azken egunak.