Kontzeptua

Euskal literatura

Euskal literaturaren historialariak aurre egin behar dion arazorik zailenetariko bat, inolako zalantzarik gabe, aldikotasunarekikoa da, hau da, literatura sistema baten bilakaera eta garapena osatzen duen denboraren joan-etorrian diren tankerako zatiak bereizi ahal izateaz gain, gizarte-literatura eta estetika-kultura irizpideak aintzat hartuz lanak, egileak, generoak edota joerak, jarraipen kronologiko soiletik at biltzearekikoa. Euskal literatura idatzia abiatzen den XVI. mende-erditik XIX. mendearen amaierara arte, mendebaldeko literaturen historia, Berpizkundea, Barrokoa, Neoklasizismoa, Erromantizismoa, Errealismo-Naturalismoa, etab. bezalako literatura-mugimendu edota -aldietatik azaldu da.

Aipatutako aldietako bakoitzari atxiki diezaiokegun euskal idazlerik aurkitzea, artifizialtasun larregirik gabe, ez litzateke zailegia izango: Leizarraga Berpizkundeko gizona baldin bada, Axular literatura aszetiko barrokoarekin erabat uztartzen da, eta Oihenart, zalantzarik gabe, neoklasiko bat dugu. Are nabarmenagoa dirudi gure XIX. mendeko olerkarien erromantizismoa -Etxahunen garaitik Bilintxen garaira arte Elissamburu edota Iparraguirre-rengandik igaroz-, eta errealismoari dagokionez, hortxe dakusagu XIX. eta XX. mendeen artean lantzen hasitako literatura kostunbrista. Arrapaladan eta zorroztasun larregirik gabe egindako atxikipen hori ontzat emanik ere, euskal literaturaren sistematizaziorik gutxienekoaren aipamen historiko bat azaltzerakoan sor daitezkeen benetako arazoetatik ezer gutxi atonduko genuke. Beharbada honek azaltzen du euskal literaturaren historialaririk gehienen saihesbide antzerako joera hori, literatura-aldaketaren eta oinordetza soila bezalako literatura egokitasun hutsa eta neutroa direnetatik materiala antolatzera mugatzen baitira. Gainera, egungo oldozmen literarioaren ikuspegitik, literaturaz jardutean egileen eta beraien lanen historia bakarrik ezin izan daitekeenaren adigaia geroago eta onartuago dago; literaturaz baino gehiago, irakurleak idazlanenganako duen harreraz eta baita literatura-testuen bitartez egilearengandik irakurlearenganaino literatura-komunikabide zirkuitua osatzen duten gizarte-partaidetzak ere erabat garrantzitsuak diren bizitza literarioaz hitz egin beharko litzateke.

Euskal arloaz, 1545etik aurrera euskaraz idatzitako egile eta lanak ditugu, ohikoak diren literatura genero handietan atxikigarri direnek -XIX. mendean ondo sartu arte- gutxi batzuk izango ez diren arren. Literaturarik badago, aldiz euskal gizarte eta kultura bizitzaren barnean ez da erakundetutako gutxieneko literatura bizitzarik azaltzen. Eta hain zuzen ere, XIX. mendeko azken herenetik aurrera handituz doan instituzionalizatze prozesua izango da euskal literaturaren garapen historikoan kualitatiboki berezia den aro bat ezarriko duena. Prozesu honen baitan, Aitzol eta "olerkarien belaunaldia" izenekoak -Lizardiren olerkigintza, eta batez ere Lauaxetarena- 20 eta 30eko urtaldietan euskal literatura "modernitatea" deitu dezakegunaren atalasean ezarriko du, 60tik aurrerako urteetan Aresti-k olerkigintzan eta Txillardegi-k eta batez ere Saizarbitoriak eleberrigintzan, euskal literaturaren behin betiko forma eta gaikako eraberritzea gauzatuz XIX. mendearen amaieran zabaldutako zikloa itxiko da, ingurune kulturalen gainontzeko literaturekin nahitaezko sintonian, euskal literaturaren aro berri bati, bere heldutasunekoa, hasiera emanez.