Kontzeptua

Euskal Herriko zuhaitz sakratuak

Arbol

Montxo Armendarizen Tasio filmean ikus daitekeen moduan, Lizarrako herri batzuetan, antzina gaztainondo edo haritz baten azpian egiten zen dantza. Legardan (Nafarroan), Jasokundearen elizaren atariaren alboan, aspaldi hilerria zegoen tokian, zuhaitz bat eta harrizko eserleku-begiratoki bat dago; herritarrak bertan biltzen dira oraindik ere, ziertzotik babesteko. Buñuelgo herrigunean, berriz, pinu erraldoi bat dago oraindik ere, Gabonetan apaindu eta zaindariaren jaietan edertzen dena. Adibide horien bidez ikus daitekeen moduan, zuhaitz nagusiak, adaburu handiko ale zaharrak, egunerokoan topagune dira eta baita festa-sinbolo ere.

Garai zaharretan, zuhaitza mugarritzat edo mugatzat erabili ohi zen. Zuhaitz horiek lurralde baten amaiera edo hasiera eta herrigunearen amaiera adierazten zuten. Gaur egun, zenbaitetan bidegurutzeak daude, antzinako zuhaitz-mugarrien ordez. Halaber, aipatu behar da Erdi Aroan Bizkaian haritzak lurraldeko mugak markatzeko erabiltzen zirela (Aretxabalagakoa, Lujaondoko Malato zuhaitza, eta abar).

Mugarri-rol horrekin eta lehen aipatutako izaera magiko-erlijiosoarekin lotura zuzena dago Euskal Herriko zuhaitz batzuk izan duten esanahi juridiko-politikoarekin. Hori da, besteak beste, Gernikako haritzaren kasua. Caro Barojak (op.cit.:355) dioen bezala,

"Bizkaiko Jaurerriko batzar nagusiak haritz baten gerizpean egiten ziren. Durangaldean ere zuhaitz baten babesean egiten zituzten: Gerediagakoa"

(gaztelaniatik moldatutako itzulpena).