Zinekoak

Tasio

Elías Querejetaren produkzio-etxeak produzitu zuen filma, 1984an, eta Montxo Armendarizek zuzendu. La muerte de Mikel-ekin batera, bera da laurogeigarren hamarkadako euskal zinemako filmik garrantzitsuena.

Proiektua, egia esan, lehenago jaio zen. 1981ean, izan ere, Armendarizek Nafarroako Ikazkinak zuzendu zuen, Nafarroako azken ikazkinei buruzko dokumental bat, eta hantxe ezagutu zuen Anastasio Ochoa. Zoraturik gelditu zen haren nortasunarekin.

Gidoi bat idatzi zuen gizon harrigarri hartaz, eta urtebete ibili zen produkzio-etxe baten bila. Azkenean, Querejetak onartu zuen ideia. Berak finantzatu zuen Armendarizen proiektua. Filmak Tasioren bizitza kontatzen du. Tasiok izugarri maite du askatasuna, eta naturarekin bat eginda bizi da. Kontakizuna naturaren zikloetara egokitzen da; bazterren itxurak eta gertakariek bat egiten dute zeharo. Harrigarria da, zinemagile hasi berri baten obra izaki, zer etekin handia atera zaien zinemagintza-hizkuntzaren baliabideei. Iraungipen kateatuek markatzen dituzte Tasioren bizitzako etapa nagusiak, eta panoramikek lirismoz integratzen dute gizona naturan. Filmean zehar, gainera, oso era dotorean kentzen dira denbora hilak, elipsia zuhurki erabilita. Armendarizek oso gogoko du Yasujiro Ozu-ren zinema. Maisuki darabil zinemagile japoniarraren baliabideetako bat, hots, eremutik at deritzana. Horrela, dimentsio tragiko berezia ematen die filmeko pasarte batzuei. Poesiaz betetako obra baten aitzinean gaude, bada; hastetik amaieraraino zintzotasuna darion obra baten aitzinean. Teknikoki, ia biribila da. Ez da harrigarria Armendarizen proposamenak sugar handia sortu izana kritikarien eta ikusleen artean. Zinema-aretoetan jasotako erantzun bikainari, sari andana bat gehitu behar zaio: 1984ko Donostiako Zinemaldiko 2. Saria, Fipresci Saria, Gipuzkoar Ateneoa Saria, Biarritzeko Zinemaldiko Lehen Saria -Urrezko Makila-, Chicagoko Zinemaldiko Urrezko Plaka Berezia, Georges Sadoul Saria Frantzian, Zuzendari Onenaren Saria Cartagena de Indiasen, Fotogramas aldizkariaren Film Onenaren Saria, Melillako Nazioarteko Asteko Lehen Saria -Urrezko Anfora- eta Antena 3-en Film Onenaren Saria.

Filmaketaren 25. urteurrenarekin batera Zinema eta Ikusentzunezko Arteetako Nafarroako Institutuak euskal zinemagintzan eredu bilakatu den luzemetrai honi omenaldi beroa egin zion. Horrela, 2009ko irailean Lizarran erakusketa berezia antolatu zen, omenaldi ekitaldia ere burutu zen eta azkenean Bakedano herri bazkaria ospatu zen, filmaketa gehiena bertan burutu baitzen. Lizarra aldeko herrixka horretan, mahai ondoan hantxe bildu ziren teknikari eta artista gehienak. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak Tasio 25 liburua argitara eman zuen, besteak beste Montxo Armendariz, Elias Querejeta edota Jose Luis López Linares testuak bilduz. Alea horretan, testuaz gain, beste hauek ere eskaini ziren: Tasio filmaren DVDa, Nafarroako Ikazkinak DVDa, gidoi osoa aparteko materialaz gain, story board delakoa, filmaketan zehar hartutako argazkiak eta ekoizpenari buruzko hainbat dokumentu.