Kontzeptua

Euskal Herriko zuhaitz sakratuak

Caroren hitzetan, "Bizkaiko Jaurerriko lehenengo armarria zuhaitz berde bat zen, zilar-koloreko hondo baten gainean, eta zuhaitz hori Gernikako arbola zen" (ikus: 365) (gaztelaniatik moldatutako itzulpena). Batzar-etxearen aurrean kokaturik, arbola gizarte-bizitzaren goi mailako sinboloa da, ezbairik gabe. "Zuhaitzari begira zin egin behar da jaun izateko, legeak zuhaitzari begira egiten dira, eta zuhaitzari begira salatu eta legez kondenatu edo libre uzten dira gizonak. Leinuz osatutako eta bandoetan banatutako gizarte hartan, modu horretara transmititzen zen boterea. Azken finean, modu horretara eman eta aplikatzen ditu legeak gizarteak" adierazi zuen Carok (ikus:360) (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).

Euskal Herrian, haritzak esanahi berezia du sinbolo politiko gisa, baina hori ez da gure kulturan soilik gertatzen. Aurrekariak eta antzekotasunak daude lehengo eta oraingo beste erkidego batzuekin, horietan ere antzeko erabilerak dituzten zuhaitz sakratuak agertzen baitira. Adibidez, aequo-en herria -erromatarren herri garaikidea- eta Auverniako "Pinon" leinua (XVIII. mendea). Azken horiek ehun urteko haritz handi baten azpian hautatzen zuten maison de village-ko buruzagia (ikus: 387). Hala ere, sinbolo hori ez da inon Euskal Herrian bezain aktibo egon politikoki, eta ez da beste inon hemen bezain luze mantendu eta irudikatu ere. Erdi Aroan, Gernikako haritzak bizkaitarrek jauntxoen aurrean zituzten askatasunak sinbolizatzen zituen. XIX. mendean, berriz, Iparragirreren bertsoek -karlisten ideien eraginpean- Gernikako haritzari buruz diote: "arbola santua, Jainkoak duela mila urte bertan landatua eta euskaldunontzat bedeinkatua" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena). Arbolak, ordea, ez du zerikusirik Picassok izen horrekin bataiatu zuen koadroarekin, gerra zibilaren izugarrikeria irudikatzen baitu margoak.