Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Aro Modernoa

Aro Modernoan zehar, nekazari-komunitateek eta omunitate hiritarrek "berritasunaren" kontra egin zuten, berezko ohituraren aurka egiten zuen guztiaren kontra, hain zuzen. Komunitatearen edo korporazioaren beraren ekonomia moralaren alde egitera jotzen zuten boteredunen gehiegikerien aurka, kanpotarren aurka, edo lehiakideen aurka. Gatazka asko ondoko herrixka eta bailaren arteko liskarrak izan ziren, edo hiriko talde edo korporazioen arteko borrokak, pribilegioengatik, monopolioengatik edo botere-mailarengatik. Nekazariek ordena morala, lege-ordena eta kultura-ordena berrezarri nahi izaten zituzten, jaun ahaldunek, hirikoek edo errege-administraziokoek ordena horiek aldatzen zituztenean.

Arazo nagusi hauek izan ziren: XVI. eta XVII. mendeetako jauntxoen hedatze prozesu berria, handiki gutxi batzuek pixkanaka udal- eta probintzia-karguen gain izandako kontrola, presio fiskala areagotzea monarkiaren behar militarrei aurre egiteko, edo foru-ordenari erasotzen zien berrikuntzak ezartzeko ahalegina (hala nola, zerbitzu militar jakin batzuk, zerga berriak edo aduanak lekuz aldatzea).

Euskal Herriko gatazka sozialak Europan izandakoen oso antzekoak izan ziren, nahiz eta, oro har, ez izan Europako gerra sozialak bezain luze eta bortitzak. Garrantzitsuenak hauek izan ziren: Komunitateen arteko gerra (1520-21), Nafarroako konplota (1648), Fiteroko matxinadak (1627 eta 1675), Gatz-estankoaren matxinada (1631-34), Tuterako matxinada (1654), Baionako erreboltak (1590, 1641 eta 1665), Lapurdiko erreboltak (1655-59), 1718ko matxinada Bizkaian eta Gipuzkoan, Gasteizko asaldurak (1738) eta 1766ko matxinada.

Bestalde, gatazkak eragin zituzten, XVIII. mendean bereziki, merkatuan jarduera kapitalistak ezartzeak (espekulatuz eta mundu hiritarra nekazarien munduaren gainetik jarriz) eta herrialdeko eliteen sektore berritzaileenak sartutako beste berritasun batzuek ere.

Tradizioz, XVIII. mendeaz aritzean, burgesia merkatari, dinamiko eta "iraultzaile" bat kontrajarri zaio noblezia errentadun, pasibo, kontserbatzaile, eta bere pribilegioei eusteak kezkatzen duen bati. Eredu hori, ordea, ez dator bat Euskal Herrian ikusten denarekin; hemen, nobleziaren sektore bat ilustratua, ekintzailea, merkataria eta, inguruko gizartearen gehiengoarekin alderatuta, aurrerakoi samarra izan zen; burges merkatari handiak, berriz, askotan kontserbatzaile agertu ziren, bizitza eredu errentadunetan eta nobleetan oinarrituta.

Nobleziaren sektore irekiago hura modernotasunarengatik nabarmendu zen. Merkataritza-negozioetan parte hartu zuen, bere lurrei etekina ateratzen saiatu zen, liburutegiak sortu zituen, mende hartako ideiei irekita egon zen (irakurketen, atzerriko ikasketen, bidaien eta gutunen bidez), tertulia kultuetan bildu zen, eta 1766an Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu edo bertan parte hartu zuen; elkarte hartako asko estamentu-maila altuko kide ziren, eta maiorazko askoren jabe, hala nola Peñafloridako kondea, sortzailea bera. Gizon horiek, beren aldetik, herrialdeko berrikuntzen inguruan gogoeta egin zuten, eta gizarteari hobekuntza zehatzak ekarriko zizkion erreformismo praktiko baten alde egin zuten.

Bultzatzaile nagusia Xabier María Munibe izan zen, Peñafloridako kondea. Estatutuak, 1765ean Karlos III.ak ontzat emanak, hezkuntzan eta zientzian oinarritutako gizarte-birsorkuntzaren proiektua ziren. Nekazaritza, industria, merkataritza, arteak eta zientzia sustatu nahi zituzten. Bazkideak izan zituen Euskal Herrian, Espainiako hiri nagusietan, Amerikan eta Filipinetan. Hezkuntzaren gainean zuten kezkak eraginda, letren eskolak sortu zituzten Gasteizen, Loiolan, Bergaran, Donostian eta Bilbon, eta Bergarako Erret Mintegia eratu zuten, nobleen ikastetxe bereziki aurreratua garai hartarako .

XVIII. mendean zehar, nabarmenki areagotu ziren kultura-desberdintasunak biztanleriaren artean, bereziki herrialdeko eliteen artean. Aldaketa horren eragile garrantzitsua izan zen euskal eliteen parte batek Estatuaren gobernuan eta Inperio kolonialean parte hartzea; horrek kultura- eta politika-ondorio handiak ekarriko zituena. Gendulaingo kondeak bere oroitzapenetan adieraziko zuen moduan, lehen karlistadaren garaian Nafarroako familia buruzagiek izandako politika-atxikitze desberdinak oso lotuta egon ziren aurretik egindako ibilbidearekin: estatu- eta inperio-dinamika bat eraiki zutenek -beren semeak Gorteko karrera burokratiko eta militarretan sartu zituzten haiek- oro har koadro liberalak eman zituzten; herrian errotuta egondako noblezia, berriz, kontserbadorea izan zen.

Badirudi, XVIII. mendearen amaieran, ohiturari lotuago zegoen sektore nagusiaren (klase herrikoiak eta nobleziaren sektore tradizionalak, kleroak eta merkataritzak osatzen zuenaren) aurrean, elite ilustratu bat desberdintzen zela, gutxienena, mentalitate liberal, burges eta gutxi gorabehera erreformista zuena, eta ideologikoki nobleziaren sektore aurreratuenek, kleroak eta burgesiak osatzen zuena.