Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Aro Modernoa

Euskal probintziek, probintziako 60.000 biztanle inguru zituztenek, 30 bizt./km² zuten batez besteko dentsitatea, garai hartarako altu samarra. Nafarroak 12 bizt./km² inguruan zituen, eta 145.000 biztanle inguru 1553an. XVI. mendearen lehenengo bi herenetan, aurreko mendeko demografiaren zabaltzeak jarraitu egin zuen, nekazaritza, industria, merkataritza eta arrantza ekonomikoki goren-mailan zeuden testuinguru batean.

Biztanle gehienak nekazaritzatik bizi ziren, baina oso ezaugarri desberdinak zituen Kantauriko isurialdean eta isurialde mediterraneoan. Kantauriko isurialdearen ezaugarria ekonomia mistoa zen (nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintza), eta baita garia inportatzea beharrezko egiten zuen bizigaien eskasia kroniko bat ere, batez ere hiriko biztanleei jaten emateko. Nekazaritza hori trantsizio-aroan zegoen: laborantzak aurrera egiten zuen ganaduen eta basoaren gainetik; gero eta baso, larre eta sagasti gehiago luberritzen ziren; artatxikia zabaltzen ari zen; eta sagarraren eta txakolinaren produkzioa atzera egiten ari zen.

Isurialde mediterraneoak, eskuarki, nahikoa bizigai ekoizten zuen. Araban nekazaritza pobre samarra zen, baina Lautada zerealetan nabarmentzen zen eta Arabar Errioxa mahatsondo eta zerealetan. Nafarroan garia, garagarra, oloa, artatxikia eta, hegoaldean, mahatsa eta oliba ekoizten zen. Ebroko lurrek nekazaritza eboluzionatua zuten, kanalizazioekin, eta soberakinak izaten zituen garitan, ardotan eta oliotan. Nafarroak ere artilea esportatzen zuen Donostia ingurura. Oro har, XVI. mendean euskal probintzien nekazaritzako ekoizpena % 30 hazi zen.

Bizkaia eta Gipuzkoako industria nagusia burdinolak ziren. Burdina esportatuz bizigaiak inporta zitzaketen, eta horrela arinduko zuten, neurri batean, probintzietako nekazaritza-defizita. Burdinolak ez ziren iristen dozena bat pertsonari lana ematera, baina makina bat jarduera mugitzen zituzten. Horrela, nekazariek beren diru-sarrerak osatzen zituzten baso-mozketako lanak eginez, egur-ikatza eginez, burdina erauziz, garraio bidez, edo errementari eta burdin lantzaile gisa. Burdin meatze asko zegoen sakabanatuta, baina garrantzitsuenak Somorrostrokoak izan ziren. XVI. mendean asko zabaldu ziren, lanabes, arma eta ontziola eskaria hazi egin baitzen. Bizkaian 1.550 eta Gipuzkoan 300 burdinola inguru zirela balioesten da.

Euskal Herria merkataritza-zirkuitu askoren igarobide zen. Garrantzitsuena Gaztelako artilearena zen, Kantauriko portuetatik Flandes, Frantzia eta Ingalaterrara ateratzen zena. Itzuleran flandestar oihalak eta beste manufaktura-produktu batzuk ekartzen zituzten. Antzekoa zen Donostiatik ateratzen zen artile nafarraren zirkuitua ere. Artilearekin batera, burdinoletako burdina eramaten zuten euskal itsasontziek Europaren iparraldera. Laster nabarmendu ziren Bilboko eta Donostiako portuak, salerosketarik gehiena kanalizatzeagatik. Artilearen merkataritza Burgosko merkatari handiek kontrolatzen zuten eta euskaldunak bitartekari aritzen ziren. 1511n, ordea, Bilboko Kontsulatua eta Kontratazio Etxea sortu zen, Burgosko Kontsulatuaren eskumenetik alde egin nahian. Artile-trafikoak gizartean geroz eta pisu handiagoa hartzen ari zen burgesia bat agertzea eragin zuen.

Kostaldean arrantzak zuen garrantzi ekonomikoa, bi jarduerekin: itsasertzekoa, bisiguz, itsas aingiraz eta legatzez hornitzen zuena; eta balea eta Ternuako bakailaoarena, 1540ko hamarkadatik aurrera, inbertsio eta irabazi handiak eman zituen negozioa, esportaziora bideratuta.

XVI. mendearen azken hamarkadetatik aurrera ekonomia-krisia izan zen, eta horrek XVII. mendearen zati handi bati eragingo zion. Araban eta Nafarroan beheraldia Gaztelakoaren antzekoa izan zen; biztanleria % 25 inguru jaitsi zen eta nekazaritza-produkzioa % 35 murriztu zen. Izurriterik ikaragarriena 1596-1601 artekoa izan zen.

Kostako probintziek oso bestelako ekonomia-dinamika jarraitu zuten. Burdinolen eta merkataritzaren krisiari nekazaritzaren indarberritzearekin erantzun zitzaion, eta biztanleria artoari esker mantendu zen. XVII. mendean artoa orokortzeak, lehenengo kostaldean eta gero barnealdean, produktibitatea eta landutako lurrak ugaritzea eragin zuen; ordura arte bazka-lurrak izandako haranetan landatu zuten, eta ekoizpena bikoiztu egin zen. Arabar Errioxan laukoiztu egin zen ardoaren produkzioa.

1570eko hamarkadatik aurrera, Atlantikoko merkataritza aztoratu egin zuten Koroak itsas potentziekin izan zituen ondoz ondoko gerrek eta kortsarioen erasoek. Burdinaren esportazioak atzera egin zuen Suediako eta Liejako siderurgia-zentroen lehiak eraginda. 1580rako gutxitu egin zen burdinolen kopurua.

Europako merkatari handiek lekua kendu zieten burgostarrei, eta merkataritza-trukearen kontrolaren jabe egin ziren, Bilbon finkatuz. Artilea alokatzeko zentroa Burgosetik Bilbora aldatu zen; Bilbok bideratzen zuen, XVII. mende erdialdera, Kantauri itsasotik ateratzen zen Gaztelako artile guztia. Bilboko merkatariek bitartekari izaten jarraitu zuten, nahiz eta atzerriko koloniei aurre egin eta merkataritza hura kontrolatzen saiatu ziren.

Bere aldetik, krisia ondoen saihestu zuten negozio-gizon donostiar eta gipuzkoarrak berriz ere Amerikarekiko kolonia-merkatuari, itsaslapurretei eta Indietako ontzidiarentzako eta Armadarentzako itsasontzigintzari begira jarri ziren.

Ekonomia-krisiaren testuinguru horretan, monarkiaren presio fiskalak "gatzaren matxinada" eragin zuen Bizkaian, 1631 eta 1634 artean; gatzaren monopolioa ezartzearen kontra egin zuen, prezioa garestitzen zuelako.

XVIII. mendea oparoa izan zen ekonomian eta demografian. 1720 eta 1790 artean biztanleria % 50 inguru hazi zela jotzen da, merkataritzaren goraldiari, nekazaritza hazteari, eta burdinolak berreskuratzeari esker.

Merkataritza-sektorea izan zen dinamikoena. Nazioarteko merkataritza zabaltzeak Bilbori egin zion mesede batez ere, hark baitzuen artile-merkataritzaren monopolioa. Hiriko merkatariek ordezkatu egin zituzten atzerrikoak, eta merkataritza hura kontrolatzera iritsi ziren.

Komertzioa dibertsifikatu egin zen eta irabazi handiak ekarri zituen kontrabandoari esker. Bilbon eta Donostian produktu kolonialak (azukrea, tabakoa eta kakaoa) sartzen ziren, Gaztelara bidaltzeko. Erret Haziendaren muga-zergak Ebroko aduanan ordaintzen ziren eta, ondorioz, euskal probintziak presio fiskal baxuko eta prezio baxuagoko eremu ziren. Horrek kontrabandoa interesgarriago bihurtzen zuen, eta indar handia hartu zuen mendean zehar.

1718an, Koroak kostaldera eraman zituen aduanak, eta horrek, foruen aurka egiteaz gain, larriki egiten zien mehatxu merkataritza-negozioei eta kontrabando-aukerari; kalte egiten zien nekazariei eta artisauei ere, produktuak garestitzean. Erregearen tropek gogor zapaldu zuten orduan sorturiko matxinada; 1723an, ordea, aduanak barnealdera itzuli ziren.

Bestalde, 1728an sortu zen Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarra, eta horrek Gipuzkoa eta Amerikako koloniak lotzen zituen zirkuitu bat sortu zuen. Donostiako eta Gipuzkoako enpresari talde batek sustatu zuen; talde hori merkataritza kolonialean oso sartuta zeuden merkatari eta nobleek osatzen zuten, gortean oso barruan zeudenak. Bi kontzesio zituen: kakaoaren merkataritza eta itsaslapurraren atzetik ibiltzeko eskubidea; beraz, konfiskatzen zuena Konpainiarentzat izango zen. Akzio-harpidetzaren bidez bildu zen Konpainia sortzeko kapitala. 1728 eta 1740 bitartean konpainia errentagarri izan zen eta inbertitutako kapitalaren % 160ari zegozkion ondasunak banatu zituen. 1740 inguruan okerrera egin zuen. 1751n egoitza Madrilera aldatu zuen, baina harrezkero ez zen suspertu; 1778an, Filipinetako konpainiarekin bat egin eta desagertu egin zen. Hala eta guztiz ere, Konpainia ekonomia-eragile garrantzitsua izan zen Pasaiako portuarentzat eta probintziako olagizon- eta arma-industriarentzat.

Nekazaritza baliatu egin zen mende hartako goranzko joera orokorraz. Hedapen horrek luzatu egin zuen aurreko garapena Arabar Errioxan, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zerealaren eremuetan susperraldi garrantzitsua gertatu zen eta ekoizpena % 40 inguru hazi zen. Lugorriak luberritu egin ziren, laboreak areagotu egin ziren, artoa orokortu egin zen. Hazkunde horretan moneta-ekonomia garatu egin zen, trukeak eta barne-merkatua orokortu ziren, eta azoka eta asteroko merkatu ugari sortu ziren.

Nekazaritzaren hazkunde horrek, ordea, ez zituen nekazarien bizi-baldintzak hobetu; alderantziz, kasu askotan lur-jabeengan zuten menpekotasuna areagotu egin zen. XVII. mendearen erdialdetik aurrera, alokairuak nabarmen egin zuen gora; izan ere, nekazari-komunitateek auzoan sartzea ukatu zieten presio demografikoagatik bere baitan sortzen ari ziren familia berriei, eta horiek maizter gisa jarri ziren bizitzen. XVII. mendearen lehen erdiaren eta XVIII.aren azkenaren artean, familia jabeen proportzioa % 75 izatetik % 35 izatera igaro zen. Liberalismo ekonomikoa, espekulazioa eta gariaren garestitzea zela eta, hazi egin ziren nekazarien zorrak eta horrek jabetza galtzea eragin zuen, mailegu-emailearen mesedetan. Udalen zorrak zirela-eta herri-ondasunak ere saldu egin ziren eta, ondorioz, laborariek beren errenten osagarri garrantzitsua galdu zuten. Tentsio larriak bizi izan ziren; hala erakusten du Gipuzkoan 1766an izan zen matxinadak, gariaren prezioa igotzearen, espekulazioaren eta beste gehiegikeria batzuen aurka.