Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Aro Modernoa

Antzinako Erregimeneko gizarteak askotariko ezaugarriak zituen. Estamentuzko gizartea zen, estatutuen arabera legez zituzten desberdintasunean oinarritzen zena, eta horren arabera hainbat eskubide eta eginbehar zegozkien. Ekonomiaren aldetik, kontuan hartzekoak dira aberatsen eta pobreen arteko aldeak, edo askotariko kategoria sozioprofesionalak. Gizarte-sare gisa, gizarte zelularra, korporatiboa eta hierarkikoa zen. Gizon-emakumeak talde-izaera handiko komunitate eta korporazioetan antolatzen ziren (tokiko komunitateak, gremioak, erlijio-kofradiak, eta abar), eta hainbat lotura pertsonalek elkartzen zuen jendea: familiak, ahaideek, auzokoek, adiskideek, jaunek edo bezeroek; lotura sendoak ziren eta beren sare ekonomiko, afektibo eta sozialak eratzen zituzten.

  • Nobleak eta plebeioak. Jabetza txikiak eta jaurgoak

Europako erreinuetan hiru estamentu bereizten ziren: noblezia eta kleroa, maila gorenekoak eta legezko pribilegioak zituztenak, eta estatu xehea. Nobleen eta plebeioen arteko bereizketak, ordea, ez zuen baliokidetasun zehatzik izan euskal probintzietan eta Nafarroan; horietan komunitate askok kaparetasun kolektiboa zuten. Bereziki, Bizkaiak eta Gipuzkoak noblezia unibertsala zuten, eta Jaurerriaren kasuan 1526ko Foru Berrian jaso zen. Araban, Aiarako lurrak kapareak ziren. Nafarroan, dozena bat herri eta lekuk eta zortzi bailarak kaparetasun kolektiboa zuten, eta erregeek onartu egiten zuten XV. mendeaz geroztik. Noblezia kolektibo horiek, Europan oro har ezohikoak zirenak, bat etor zitezkeen gizon-emakume eta lur askeko komunitate edo jabetza txikiekin (Baztango bailarak azaltzen duen gisan); ez ziren jaurgo feudalen menpekoak, eta Koroak modu horretan onar zitzan lortu zuten, berant Erdi Aroko erreinuak eratzen ari ziren une jakin hartan.

Edozein modutan, jaurerri-erregimena oso modu desberdinean ezarri zen lur horietan: oso mugatua izan zen Kantauri itsasoko Bizkaiko ertzean, Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Lapurdin; garrantzitsua, berriz, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean eta Araban; azken horietan jaunen lur ugari zeuden eta kapareak gutxi batzuk ziren. Bestalde, noblezia unibertsala zuten probintzietan, hori "auzokoei" soilik zegokien, hau da, komunitateetan eskubide osoa zuten kideei, eta ez "biztanle" maizter arruntei; ondorioz, Bizkaian eta Gipuzkoan 1787an erroldatutako nobleen ehunekoa ez zen iristen biztanleen erdia izatera.

  • Noblezia: familia buruzagiak

Ez zuten zerikusi handirik, noski, noblezia unibertsala zuten nekazari eta artisauek, Europako nobleziari zegozkion hiriko eta herriko aristokraziaren familiekin. Tratatu-idazleen arabera, nobleziari zegozkion funtzio militarrak eta gobernukoak. Beren nagusitasun soziala agerian uzten zuten pribilegio multzoa zeukaten: zerga arrunten salbuespena, zenbait karguren monopolioa erresumako bertako administrazio orokorrean, besterena ez den eskumena eta zuzenbide penal desberdina. Ekonomia- eta gizarte-garrantzia adierazten zuten oinordekoen eta kanpoko sinbolo ugariren bidez; hala nola, jantziak, armak, hilobi pribilegiatuak, tituluak edo "Jaun" tratamendua, nagusitasuna ekitaldi publikoetan, eta abar.

Noblezia oinordetzan hartzen zen, nahiz eta baziren erregeak emandako "kaparetasun pribilegioak" lortzeko bideak ere. Maiorazkoak nobleziaren nagusitasun ekonomiko eta soziala oinarritzen laguntzen zuen. Ondasunak eta eskubideak multzo zatiezin batean lotzean zetzan; normalean, oinordetzari jarraituz helarazten zen, eta horrek ziurtatzen zuen ondasunak, familiaren abizena eta leinuaren ospea babestea.

Nafarroan, erresumako gizartearen aurrean ehunka noble-familia zeuden. Batzuk jatorriz Erdi Arotik zetozen, eta beste batzuk Aro Modernoan zehar eraberrituz joan ziren. Familia horiek zuten ondasunen zati handi baten monopolioa, hiri eta herri nagusien (batez ere hegoaldekoen) tokiko gobernua kontrolatzen zuten, "adar militarreko" kide gisa joaten ziren Gorteetara eta gehiengoa izaten ziren erresumako Aldundian.

Goi-noblezia zen talderik txikiena eta boteretsuena, eta duke, markes, konde, bizkonde edo baroi "tituludun"ek osatzen zuten. Tituluaz gain, lur-eremu handiak eta herri eta lekuetako eskumeneko jaurgoa zituzten. Bizkaian eta Gipuzkoan tituludun gutxi izan ziren, XVIII. mendean gehiago, eta beren ondasunak oso urrun zeuden Gaztelako noble handien aberastasunetatik. Araban eta Nafarroan berant Erdi Aroko aristokraziako familia nagusiak garaiz hasi ziren urruntzen; Aragoiko eta Gaztelako etxe handiekin elkartu ziren, eta beren lurrak herrietan eta herrixketan ezezagunak eta Gortean oso ezagunak ziren familien jaurgo handien parte izatera iritsi ziren. Aldi berean, nobleziaren gailurra berrituz joan zen, erregeek titulu berriak esleitzen zituzten neurrian Koroari egindako zerbitzuak saritzeko; bereziki XVIII. mendean izan zen hori, borboitarrek ia berrogeita hamar titulu berri sortu zituztenean Nafarroan. Tituludun nobleziaren azpitik, Nafarroan "jauregiarrak" edo "jauregiko jaunak" zeuden, Gipuzkoako eta Bizkaiko "ahaide nagusien" parekoak. Bizkaian, "jauntxoak" edo nekazari handikiak ondare batu garrantzitsu baten jabe ziren; errentan utzitako baserriak, errotak, burdinolak, zuhaiztiak eta familiaren dorretxeak zituzten.

Beste alderdi batzuetan bezala, noblezia horren zati bat jatorrizko oinetxe landatarretik herri eta hirietara igaro zen, eta nekazari-komunitatearen buru izatetik monarkiaren enpresetan zerbitzatzera. XV. eta XVI. mendeetan noblezia hori bandotan banatuta eta herrialdean errotuta zegoen erabat; nekazari-komunitateen buru jarduten zuen alkate eta gerrako kapitain moduan. Bere nagusitasunari, ordea, kontra egin zioten, batez ere XVII. mendean, gizartean mailaz igotako auzokideek; garai hartan, tokiko eliteak eraberritzen eta nagusitasuna lortzeko gatazkak gertatzen ari ziren komunitatean.

Aldi berean, monarkiak indartu egin zuen noblezia hori bere egitekoetan eta haren zerbitzura jarri zuen, modu zorrotzagoan kontrolatzen zituelarik. Nafarroan, XV. mendearen amaieratik aurrera kuartel eta kateen eta beste edozein karga militarren salbuespena zuten; XVI. mendetik aurrera, Gorteetan zerbitzatzeagatik "acostamiento" deritzanak edo pentsioak jasotzen zituzten, eta hori osagarri desiragarria zen baliabide nahiko apalak zituen noblezia batentzat. Familia horietako kideek botere- eta eragin-postuak hartzen zituzten. Gorteetako adar militarrean esertzen ziren, herri eta hirietako alkate eta errejidore ziren, edo erregearen funtzionario, ofizial militar, katedraleko kalonje edo monasterio eta komentuetako irakasle ikasketak egiten zituzten. Nafarroan, XVI. mendearen hasieran eta XVIII.aren amaieran bikoiztu egin zen Gorteetan esertzeko eskubidea zuten eta salbuetsita zeuden "armagintzako kaboen jauregi" kopurua.

Mende horietan zehar, elite horiek berritze garrantzitsua izan zuten, batez ere familia berriak sartu zirelako monarkiaren eta inperio kolonialaren egituretan. Euskaldun askok Gortean, erret administrazioan, eliza-hierarkian, Armadan eta Itsas Armadan, edo merkataritza kolonialean egindako karrerak diru- eta botere-iturri izan ziren beren familientzat, baina baita ideia berrien, kultura-aldaketen eta modernizazioaren eragile ere.

  • Kleroa eta Eliza

Hemen aipatuko ditugun lurraldeak elizbarruti ezberdinetako parte ziren: Iruñeako, Kalagorri - La Calzadako eta Tuterako elizbarrutiak. Eliza indar handiz ezarri zen eta biztanleriaren antolamendura egokitu zen. Iruñeako elizbarrutiaren kleroak, esaterako, Nafarroako biztanleriaren % 2 ordezkatzen zuen eta mila parrokia inguru zituen; parrokia ugari, txikiak eta pobreak ziren mendialdean (bailara txikiko eskualdea), eta gutxi, handiak eta aberatsak Erriberako herri jendetsuetan.

Kleroan sartzen ziren eliza-koroa jaso edo erlijio-botoak egin zituzten guztiak. Gizarte-talde desberdinetakoak ziren, eta klero altuan edo baxuan kokatzen ziren jatorri sozialaren arabera; modu hartan sortzen ziren gizarte hartako hierarkiak eta desberdintasunak.

Parrokietako klero sekularra hiru talde handitan banatzen zen: laurdena parrokiatan zegoen erretore edo bikario, erantzukizun pastoralekin; beste laurdena "onuradun" arrunta zen, hau da, koruan zenbait otoitz egitera soilik behartzen zituen eliz onura edo errenta zutenak, eta horrek onurak neurriz gain pilatzea zekarren; gutxi batzuk familia-kapilautza baten errentatik bizi ziren; eta gehienek, ia kleroaren erdiak, ordena txikiak soilik jaso zituzten eta, ondorioz, estudiatu egiten zuten edo akolito edo sakristau gisa zebiltzan.

Parrokiako kleroaren izendapenak agindutako "hornidura-sistemari" zegokionez, Nafarroako mendialdeko eta erdialdeko parrokiarik gehienak auzoko patronatuarenak ziren (komunitateko auzotarrek aukeratzen zituzten); ondorioz, kleroaren zatirik handiena eskualdean egokitutako nekazari-familien jatorrikoa zen. Baziren, neurri txikiagoan, abade-, apezpiku- eta jaun-patronatuak ere. Bizkaian eta Gipuzkoan patronatu laikoak ugari ziren, eta haietan "jauntxoek", zaindari gisa, hamarrenen zati bat jasotzen zuten eta beren "ondorengoak" kokatzen zituzten.

Klero erregeladuna ordena erlijiosoetako fraideek eta mojek osatzen zuten. Monasterioak mendian kokatuta zeuden, eta berant Erdi Aroan eta Aro Modernoan sortutako komentuak hiri eta herri nagusietan biltzen ziren. Nafarroan, XVIII. mendearen amaieran, bederatzi monasterio, berrogeita hiru gizonezkoen erlijioso-komentu eta hogei emakumezkoenak zeuden. Erreforma katolikoaren eraginez, Trentoko Kontzilioaren (1545-1563) ondoren, ordena-fundazioak ugaritu egin ziren. Batzuk berriak ziren (jesuitak adibidez; horiek eragin handia zuten, eskolen bidez), eta beste batzuk erreformatuak (frantziskotar kaputxinoak edo Santa Teresako karmeldar oinutsak).

Oro har, Eliza ez zen izan beste herrialde batzuetan bezain jabe handia. Nafarroan, adibidez, elizaren desamortizazioaren garaian, Elizak erein zitezkeen lurren % 4 soilik metatu zuen.

  • Merkataritza eta merkatari handiak: merkataritzako burgesia eta noblezia merkataria

Jarduera garrantzitsua izan zen merkataritza euskal hirietan, bereziki portu nagusietan, eta goren une berezia izan zuen XVIII. mendean. Merkataritza handian parte hartu zuten negozio-gizonak merkatari-familietatik (tratu horietan aberastu zirenak) edo nobleziaren familietatik etor zitezkeen. Merkataritza handiaren aberastasunak merkataritza-elite boteretsua jaso zuen hiri nagusienetan. Gizarte-sektore aurreratua zen, baina ez dirudi euskal "burgesia iraultzaile" batez hitz egin daitekeenik XVIII. mendearen bukaeran, tradiziozko dinamika batean jarraitzen baitzuen merkataritzaren sektore zabalak; familiaz eta beren interes partikular eta korporatiboez arduratzen ziren, eta errenten segurtasuna eta maiorazkoak osatzeko eta nobleziarekin ahaidetzeko aukera bilatzen zuten.

Bilbon, XVI. mendetik aurrera garrantzi berezia izan zuten merkatariek; 1511n Kontsulatua eta Kontratazio Etxea sortu zituzten, eta bertan bildu ziren hiriko merkatariak XIX. mendera arte. Merkataritzaren maila gorenean hogeita hamar bat merkatari handi zeuden, atzerritarrak asko, Bizkaiko burdina Europara eta Amerikara, eta Gaztelako artilea Europara esportatzen aritzen zirenak. Beste euskal hiri batzuetan ez bezala, Bilboko merkatariak kapitalismo komertzialaren politika moderno bategatik nabarmendu ziren, Jaurerriko manufaktura-sektore nagusietan inbertituz: arreta berezia jarri zien olagizonei eta artile-ekoizleei, burdingintzaren zati bat kontrolatuz, eta beren finantza-partaidetza larruen zurraketara eta irin-lantegietara hedatu zuten. Badirudi XVIII. mendean merkatari goraipatuenak noble-familia nagusiekin ahaidetu zirela.

Donostiako merkatariek ere beren Kontsulatua sortu zuten 1682an. 1728an sortu zen Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarra, Peñafloridako kondea buru zela eta Gipuzkoako handiki talde batek bultzatuta: ansorenatarrak, Zuaznabar, Garaioa, Vildosola, Aierdi, eta abar. Nabarienek karguak zituzten herrietan eta Gortean; aldi berean ziren noble aberats eta ondo zaindutako ezkontza-endogamia bidez ahaideturiko merkatari.

Nafarroan, XVIII. mendean, distantzia luzeko merkataritza garrantzitsua garatu zen Bordelerekin eta Baionarekin, artilearen esportazioaren eta ehun eta elikagaien inportazioaren inguruan. Iruñean bizitzen jarritako negozio-gizonen dozena bat familia izan ziren protagonista. Horiek ere nobleen ereduak hartu zituzten mendean; funts-ondasunetan, noblezia-tituluetan eta maiorazkoak eratzen inbertitu zuten. Ez zuten lortu Kontsulatua sortzerik (Gasteizko merkatariek ere ez zuten lortu 1780an), Iruñeak eta Gorteek egindako oposizio indartsua zela-eta.

Baionan, merkataritza-hiria, burgesia merkataria nagusi izan zen XVIII. mendean, nahiz eta nobleen ereduak ere indarrean jarraitzen zuen.

Eliteen familiak zabalduta zeuden herrixkako edo hiriko taldeen gainetik monarkiaren, Elizaren, finantzen edo merkataritza handiaren aukera zabalagoetara; gehienen bizitza, ordea, etxe-inguruan, herrixka txikietan, herrietan, gremioen inguruan, parrokiaren inguruan, kofradien inguruan eta gizarte hura osatzen zuten gainerako taldeen inguruan antolatzen zen.

  • txea eta familia

Familia zen lehenengo gizarte-taldea. Egiturari zegokionez, bi eredu zeuden: enborreko familia, Kantauriko euskal nekazarien munduan, eta familia nuklearra, Ebroren sakonuneetako lurretan. Tronkalitateak adierazten zuen herentzia seme-alabetako batentzat izango zela, eta ondareak zatitu gabe iraungo zuela. Ondasunak oinordearen ezkontzan eskualdatzen ziren. Lurralde horietako gehienetan aukeraketa librea zen, baina semeetan zaharrena aukeratzeko joera nagusitzen zen. Etxeko parte ziren jabe gazteak, jabe zaharrak, belaunaldi bakoitzeko ezkongabeak, morroiak eta baita "etxeko hilak" ere. Sistema horrek berekin zekarren etxe bakoitzeko pertsona gehiago izatea (sei, batez beste), eraikuntza berriak zailtzen zituen, eta mesede egiten zien berandueneko ezkontzei eta behin betiko ezkongabeen ehuneko handiagoei. Ebroko sakonuneko lurretan, aldiz, familiak "nuklearrak" ziren, gurasoek eta seme-alaba gazteek osatzen zituzten, familiako lau pertsona batez beste, eta ezkontzak garaizago eta modu orokorragoan izaten ziren, ondasunak banatzeagatik, bizitzen jartzeko eta auzotasuna lortzeko erraztasunengatik, eta soldatapeko lan ugari zegoelako.

  • Nekazarien komunitateak

Euskal nekazarien munduan, hamar familiatik bederatzi nekazariak ziren eta nekazarien komunitateetan kokatzen ziren; "herri" asko harresiz inguratutako herrixkak besterik ez ziren. Hemen, Nafarroa iparraldeko, Gipuzkoako eta Bizkaiko isurialde kantauriarreko komunitateei buruz arituko gara bereziki.

Nekazarien komunitatea ohitura eta legeria berak gobernaturiko antolaketa-sistema bat zuen gizartea zen. Mugarriek mugatutako lurralde-unitatea osatzen zuen, "herri-lur" ugari eta bere gobernua zituena, auzokoen kontzeju irekien bitartez. Herrixka bakoitzak parrokia-eliza bat izaten zuen, eta auzoko etxeek hilobiak izaten zituzten haren nabeetan.

Komunitatea ohiturazko zuzenbidearen eta udal-ordenantzen arabera (horiek arautzen zuten gobernua, bizitza ekonomikoa, herri-lurren erabilerak, eta abar, jokabide-ereduak ezarriz; eta, ondorioz, partikularra zen oro komunitate-ereduaren menpe geratzen zen) eta auzokoen kontzejuko erabakien bitartez gobernatzen zen. "Auzokoek", komunitatean eskubide osoa zuten kideek, soilik zeukaten "auzotasuna", eskubideen (kontzejuetan parte hartzea, kargu publikoetan aritzea edo herri-lurrak erabiltzea) eta eginbeharren (auzoko lanak, kontzejuko hainbanatzeak, armak ikuskatzean ilarak eratzea eta udal-barrutiaren defentsan eta zaintzan parte hartzea) iturria.

Kantauriko bailaretan, herrixka auzoko etxeen multzoa izaten zen. Auzotasuna auzoko etxeari zegokion (belaunaldi bakoitzeko "etxekoei" izaera hori ematen zien subjektu sozial iraunkorra) eta bertako nagusiek ordezkatzen zuten. Komunitate horietan ez zen erraza auzotasuna lortzea, mundu saturatua eta baliabide mugatuak zituena baitzen, eta beren ekonomia auzotarren artean herri-ondasunak banatzearen baitan baitzegoen. Zenbait bailaretan auzoko etxe hutsak erosten zituzten, edo odol-garbitzea edo kaparetasuna frogatzeko eskatzen zuten, kanpotarrak sar ez zitezen. Erriberako herrietan, aldiz, auzotarrak familiari lotuago zeuden eta nahikoa zen bizitzeko eraikin bat, senar-emazteak, eta abar, oztopo handirik gabe auzokotzat onartua izateko; mundu irekiagoa zen, eta artean biztanle gehiago behar zituena.

XVII. mendean, Kantauri isurialdeko auzotarren komunitateek auzotartasuna ukatu zieten familia berriei; izan ere, "artoaren iraultzak" eragindako demografia-hazkundearen eta herri-baliabideak banatzea arriskuan jartzen zuten familia berriak sortzearen beldur ziren. Orduz geroztik, familia horiek "biztanle" edo "egoiliar" arruntak izan ziren, auzotartasunik gabe, eta etxe nagusietako maizter gisa soilik biziraun ahal izan zuten. XVII. mendearen hasieratik XVIII.aren amaierara arte, laborari jabeak % 75 izatetik % 30 izatera igaro ziren. Familia horiek handitzea nekazari-gizarteko eraldaketa nagusien eragile izan zen, eta komunitateko tentsio eta liskarren faktore garrantzitsua ere bai. Denboraren joanean, bi abiaduratako komunitateak eratu ziren, auzotar jabeen klasea eta maizterren klasea, auzokoen menpe baztertu samar zeudenak. Komunitate horietan, bazterketa muturrekoa izatera iritsi zen agoteak baztertu zituztenean, Baztanen, Erronkarin eta Zaraitzun.

Ekonomikoki, nekazari-familiak jabe, maizter edo jornalari izan zitezkeen, eta egoera mistoak ere izaten ziren. Era berean, herrietako artisauak, beren ofizioan aritzeaz gain, laborantzan ere aritzen ziren. Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako ipar eta erdialdean jabetza txikiak eta nolabaiteko homogeneotasuna zen nagusi; Nafarroako Erriberan, berriz, desberdintasun handiak zeuden jabe gutxi batzuen eta jornalari masa handien artean.

Aberats eta pobreen artean desberdintasun handia zegoen, nahiz eta beste zenbait tokitan baino txikiagoa izan. Nekazari aberats gutxi batzuk lasai bizi ziren, soberakinak merkaturatzen zituzten, animaliak hazten zituzten, nekazaritzarako morroiak zituzten, kaparetasuna izatera irits zitezkeen, eta beren seme-alabak eliza- edo zuzenbide-ikasketetara bideratzen saiatzen ziren. Beste muturrean, nekazari txiroen bizi-baldintzak gogorrak eta egoeraren baitakoak ziren. Beren lur urriak lantzearekin ez zuten nahikoa, eta burdinoletako peoi, eguneko soldatapeko, egurgile, eta abar aritzen ziren. Seme-alabak gazterik irteten ziren etxetik nekazaritzako morroi, artzain edo neskame aritzeko. Komunitateko kide izatea oinarrizko laguntza zuten bizirauteko, kontzejuko abereei, "errukizko kutxei" eta herri-baliabideei esker (herri-baliabide horiek gaztainak, egurra, zura, garoa eta abereentzako bazka ematen zien).

Jauregiek edo etxe nagusiek nagusitasunezko lekua zuten komunitatean eta beren gobernua zuzentzen zuten. Denbora pasatu ahala, ahaide nagusien antzinako nagusitasuna familia berrien eskuetara igaro zen, monarkiaren egituretan aberastuz gora egin zutenen eskuetara, hain zuzen. Familia horien kokapena beren jabetzen, ezkontzen, errege-administrazioaren karguetan, Elizan edo Amerikan seme-alabak izatearen, eta komunitateko gainerakoekin zuten harremanaren araberakoa zen, politika prestigiodun eta paternalista baten bidez.

  • Hiriak eta hiriko korporazioak

Askotariko gizarte-zati edo talde-erakundeen bilgunea zen hiria: aristokraten etxeak, merkatari-etxeak, tailerrak, nekazari-familiak, auzokoak, merkatari-kontsulatuak, artisauen gremioak, kofradiak, parrokiak, komentuak... Erakunde bakoitzak bazituen bere arauak, jarduerak, gizarte-kontrol moduak eta hierarkiak. Gizarte-erakunde haietatik kanpo geratzen zirenak deserrotuak, baztertuak ziren; bizirauteko, eskean edo alderrai ibiltzen ziren edo hiriko "ospitaleetara" joaten ziren.

Hiri handienak, artean, herri handien antzeko ziren, baina mende hartan zehar ekonomia- eta administrazio-funtzio nagusiagoak biltzen joan ziren. 1787an, Bilbok 9.611 biztanle zituen, Donostiak 11.494, Gasteizek 6.302 eta Iruñea, Lizarra eta Tutera ere 5.000 eta 10.000 artean zebiltzan. Hiri eta herri bakoitzaren osaera sozioprofesionalak elementu bereziak zituen. Bilbon, Baionan eta Donostian merkatari-sektorea nabarmentzen zen; Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritan (Eibar, Arrasate, Tolosa, Soraluze, Hernani...) garrantzitsuak ziren metalurgia-tailer espezializatuak; kostaldeko herrietan, itsasoko jarduerak; Gasteiz artisau-hirian, beren aduanarekin loturiko merkataritza-jarduerek zuten garrantzia; Iruñean, erresumako hiriburu eta elizbarrutiko hiri zenez, administrazio-funtzioak ziren nagusi.

Hiriak modu desberdinetan zeuden osatuta, baina bazituzten ezaugarri berdinak. Gailurrean aristokrazia hiritarra zegoen, nobleziako familia multzo batek eta merkataritza handiak osatzen zutena. Parrokiek eta komentuek klero oparoa osatzen zuten -behintzat, gorenekoa- familia horietako semeekin. Merkatari handien pean merkatari eta dendari txiki askoz gehiago ahalegintzen ziren. Gizarte-sektorerik ugariena artisauena zen, biztanleriaren heren batetik erdira bitarte osatzen baitzuten. Hirietan nekazari sail bat ere bizi zen, gehienak maizterrak eta inguruko baratzak eta lursailak lantzen zituzten jornalariak. Morroi eta neskameak ere ugari ziren eta, soldadu taldeak zeudenean, hala nola Donostian edo Iruñean, soldaduak. Azkenik, hezkuntza- eta laguntza-erakundeek hirietara erakartzen zituzten ikasleak eta baztertuak.

  1. Hirietako oligarkiek gobernatzen zituzten hiriak; noble-aristokraten familiek osatzen zituzten eta, horiez gain, merkataririk laudatuenak ere ager zitezkeen. Iruñean edo Gasteizen nobleen familiak ziren nagusi; merkatari handiek, berriz, Bilboko, Donostiako edo Baionako portuak kontrolatzen zituzten. Udaleko karguak, ekonomiaren sektore zabalen norabidea, baliabideen banaketa edo beren mezenasgo-politika kontrolatuz, familia horiek menpekotasun-harremana zuten biztanleen arteko sektore askorekin.
  2. Artisauak familia-tailerretan biltzen ziren eta, ofiziorik jendetsuenen kasuan, kofradietan elkartzen ziren. Artisauaren etxea maisuaren etxe zen aldi berean, eta bere gidaritzapean egiten zuen lan familiak, baita ofizialek, ikastunek eta morroiek ere. Eskuarki, ikastunak maisuaren semeak, suhiak edo ilobak izaten ziren, baina izan zitezkeen hiriko edo eskualdeko herrixketako gazteak ere. Laneko hierarkiak bereizi egiten zituen ikastun, ofizial eta maisu graduak; maila batetik bestera igarotzeko denbora eta baldintzak zehazten zituen eta, mundu endogamikoa zenez, maisuen semeak aitaren ondorengo izaten ziren tailerrean; gainerakoak ofizial gisa geratzen ziren, edo beren herrixkara itzultzen ziren hirian ikasitako lanbidean aritzeko. Artisauen artean desberdintasun sozial eta ekonomiko garrantzitsuak zeuden. Baziren lanbide aberatsak (kandelagileak edo gozogileak Gasteizen) eta lanbide pobreak (oinetako-konpontzaileak, esaterako).
    Euskal hirietan, artisauen kofradiek ez zuten izan Gaztelako eta Europako hiri handietako gremioek izandako garrantzirik. Erlijio-, jai-, elkartasun- eta laguntza-jardueretan oinarritzen ziren kofradia horiek. Ordenantza bidez zuzentzen ziren, beren gobernua eta berariazko elkartasun-jarduerak zituzten. Tailerrean hierarkia sortzen zuen hierarkia-egitura zuten, eta maisuek beste inork ezin zuen gobernuko kargurik izan.
  3. Arrantzaleak ez ziren asko biztanleriaren artean (% 4 Bizkaian, 1794an), baina bai funtsezko elementu itsasertzeko herrietan. Eskuarki, baxurako arrantzan aritzen ziren, eta askotan batera egiten zituzten arrantza eta nekazaritzako zereginak. Herri bakoitzean ofizioaren monopolioa zuten marinelen kofradietan antolatzen ziren. Erdi Aroko kofradiei (Plentzia, Bermeo, Lekeitio, Deba, Donostia, Hondarribia) beste asko gehitu zitzaizkien Aro Modernoan zehar. Kofradia horiek arautzen zituzten portu bakoitzean arraina ateratzea, komertzializatzea, garraiatzea eta saltzea, portua zaintzea eta garbitzea, eta abar. Hiru mailatan sendo hierarkizatuta zeuden: txaluparen maisuak edo jabeak (kofradia gobernatzen zutenak), marinelak edo arrantzale arruntak, eta itsasmutilak.
  4. Behartsuak. Gizarte hura, oro har, nahiko pobrea zen. Gehienak justukoarekin bizi ziren eta, beraz, uzta txar batek, lan-uzteak, heriotzak edo gaixotasun luze batek pobreziara eramaten zuen familia. Miseriaren edo baliogabetasunaren aurrean, gertukoengandik soilik irits zitekeen laguntza: etxea, senideak, gremio-kofradiak, auzokoak, komentu edo parrokien laguntza, eta ongintzako erakundeak. XVIII. mendean, udal-laguntza arrazionalizatzen joan zen. Bereizi egiten ziren pobre faltsuak ("alferrak, alprojak eta nagiak") eta "benetako auzoko pobreak" (lanerako ezinduak eta laguntza merezi zutenak). 1780an babes-etxeak sortu ziren (Gasteizen, esaterako); agintari ilustratuek egindako ahalegina izan zen pobreak biltzeko eta haiei lana emateko, modu hartara haien mantenua finantzatuz.
  5. Baztertuak bi taldetan bana daitezke: egoera pertsonalak edo familia-egoerak eraginda gizartean alde batera geratzen zirenak (eskaleak eta alderraiak), eta gizarteak baztertzen zituen taldeak (judutarrak, moriskoak edo agoteak, adibidez).

Euskal probintzietan, esanahi berezia izan zuen talde horiek banantzeak, oinetxeko ideologia eratzearen eta kapare gisa baskongadoen odolaren kalitatea eta garbitasuna babestearen testuinguruan. Nafarroako mendialdean, bazterketa modu berezia izan zen Baztango, Erronkariko eta Zaraitzuko "agoteena". Bozaten, Arizkungo auzoan, agote asko bizi ziren, Ursuako jauregian kolono; XIX. mendearen amaierara arte baztertuak izaten jarraitu zuten.