Kontzeptua

Matxinadak

Nahiz eta Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu, Matxinada hau kontestu orokorrago batean kokatu behar da ondo ulertzeko, Esquilacheren aurkako eta probintzietako motinekin batera gertatu baitzen. Adituen arabera, Esquilache ministroa gidari zuen erreformismoaren aurkako taldeek Madrilgo herri xehea manipulatu eta asaldarazi zuten 1766ko martxoaren 23tik 25era. Dena dela, arrazoiak ugariak izan ziren, bai epe luzekoak bai epe motzekoak, egiturazkoak zein koiunturazkoak. Lehenen artean, Borbon etxearen neurri erreformatzaileak, nekazaritza estentsibo eta teknologikoki atzeratu baten mugak, ale merkatuaren mugak, jabegoaren besterentzea, nekazalgoaren proletarizazioa eta pobretzea, burgesiaren indartzea eta librekanbismoaren hedatzea aurki ditzakegu. Bigarrenen artean, 1763tik aurrera gertaturiko uzta txarrak, eskasia, salneurrien inflazioa, espekulazioa eta ondorioz horniketa zailtasunak bideratu zituztenak, 1765ko uztailaren 11ean alearen tasa kendu eta salerosketa librearen aldeko erret dekretua, eta Karlos III.aren atzerriko ministroen aurkako etsaitasuna, batez ere Esquilacheren pertsonaren inguruan, aipatu behar ditugu. Adituen esanetan, nahiz eta matxinatuak zenbait eskakizun lortu, Karlos III.ak bere erreformak azkartzeko erabili zuen gertakaria. Baina gertakariaren biktima nagusiena -Esquilache eta ministro italiarrak aparte- Jesusen konpainia izan zen, mugimenduaren instigatzailea izatea leporatu baizitzaion, eta horren ondorioz 1767an kanporatua izan zen Espainiako erregearen ondasunetik: Espainiatik, Napolitik, Parmatik eta Amerikatik.

Madrilgo matxinada bukatu eta probintzietakoak piztu ziren. Probintzietan gertaturiko liskarretan, berriz, beste arrazoiak zeuden atzetik. Madrilen helburu politikoa nagusia izan bazen ere, probintzietan biziraute matxinadak izan ziren. Haietan XVIII. mendean zehar gizarte mailen arteko ezberdintasunak eta gizartearen polarizazioa areagotzen joan ziren. Lurrak gero eta esku gutxiagoetan zeuden, mendeen zehar jabegoaren besterentze nabarmena gertatu baitzen; nekazalgoaren gehiengoa maizterra zen eta gutxi ziren abereak zituztenak beren lurrak lantzeko. Bizirauteko nekazari askok etxetik kanpo lan egitera behartuak ikusi zituzten euren buruak, nekazalgoaren proletarizazioa eta lan baldintzen okertze bat gertatuz. Kontuan izan behar dugu garai honetan nekazari batek ekoiztutakoaren ia % 80a edo gehiago errentak eta zergak ordaintzeko erabiltzen zuela; horien artean zamatsuena elizari ordaindu beharreko hamarrena zen: % 80aren % 90a zen. Garai honetan gainera presio fiskala areagotu egin zen: estatuek beren kanpoko politika militarra mantentzearren, elizak eta jauntxoek beren maila ekonomikoa bermatzearren. Azkenik, ordura arte eremu osagarria izan zena, udal mendiak eta komunalak astiro astiro pribatizazio prozesuan sartu ziren eta tokian tokiko bizitza eta udal boterea kontrolatzen zuten jauntxoen eskuetan eroitzen joango ziren. Beraz, jende xehearen egoera okerrera egin zuen XVIII. mendearen zehar, bere egoneza areagotuz. Dena dela, probintzietako motinetan bi talde kontrajarriak sortu ziren. Alde batetik, nekazari ekoizleak, jauntxoak, bitartekariak, espekulatzaileak, errotariak eta okinak ditugu eta bestetik kontsumitzaileak. Kasu honetan asaldatuak herrietako zein hirietako artisauak eta kontsumitzaileak izan ziren, eurek pairatu baitzuten zuzen zuzenean ale salneurrien inflazioa eta praktika espekulatiboak. Beren haserre guztia beste taldearen aurka zuzendu zuten, bera baitzen inflazioaren erruduna. Aipatutako lehen taldearen partehartzaileak ahal zuten etekin eta irabazi handiena lortzen saiatu ziren kontsumitzaileak kaltetuz. Arazo horiek aspalditik bazetozten ere, 1765ko dekretuarekin zeharo okertu ziren. Erregearen eta bere ministroen ustez, neurriak kontsumitzaileak babestuko zituen, eskaria eta eskaintza legeei esker eta konpetentziari esker, aleen prezioak jaitsiaraziko zituztelakoan. Baina justu kontrakoa gertatu zen eta espekultzaileen mesedetan izan zen. Horrelako neurria eraginkorra izan zitekeen penintsulako bide sistema aurreratuagoa egon bazen. Leku batean aleak faltatuz gero, ingurutik zein urrutitik -itsasotik- ekarri zitezkeen prezio duinetan, baina arazoa errepideak ziren. Espainiak XVIII. mendearen erdia arte erromatarren garaiko bide-sistema berbera zeukan: bideak oso txarrak ziren -hemeretzigarren mendea arte Espainiak ez du sistema erradial bat izango, Madril 0 kilometroa izanda, gaur egun bezala-, garraio sistemak oso motelak -Donostiatik Madrilera hamabost egun ematen zituzten garrailariek-, bide-sare pilo bat zeuden, prozesua garestituz. Beraz, gauzak horrela, benetazko konpetentzia ezinezkoa zen eta, aldiz, sistemak askatasuna ematen zien espekulazioa eta kontrabandoari.

Euskal lurraldeetako matxinadak ezaugarri bereziak izan zituen. Dena dela, arazo nagusia hemen ere espekulazioa izan zen. Egia da 1763, 1764 eta 1765eko uztak ez zirela aurreko urteak bezain onak izan, baina ezta hain txarrak ere. Garai hartan nekazaritza ekoizpen nagusienak garia eta artoa ziren. Artoak gainera, XVII. Mendean zabaldu zenetik, sistema osagarria eta intentsiboa baliatu zuen, lugorria baztertuz. Nekazariek urtean zehar hiru edo lau uzta lortzen zituzten (gari, artoa, lekaleak eta arbia), horrela gizakien eta abereen beharrak asetuz. Gipuzkoan zein Bizkaian ekoiztutako gariak eta artoak jauntxoen eskuetara ailegatzen ziren errenten bidez, nekazalgoaren gehiengoa maiterra zelako. Baina jauntxo horiek arazo bat zuten: bi eskualdeko foruek elikagaien esportazioa debekatzen zuten, horregatik soberakinen legez kanpoko esportazioa aukeratu zuten. 1765eko dekretua aprobetxatuta Donostiako merkatariek, elikagaiak atzerritik ekarri ohi zituztenek, Kantauriko beste lekuetarako ordu arte debekatuta zegoen elikagaien biresportazioa areagotu zuten. Hori aprobetxatuta Koroak berrindartu egin zituen bere erasoak eta ahaleginak aduanak itsasora eramateko. 1766. urteko hasieran Koroak elikagaien biresportazioa Gipuzkoatik debekatu zuen, itsasoan aduanak ez zeudela aitzakia erabiliz. Donostiako Kontsulatua erregearen baimena eskuratzen saiatu zen, garien esportazioa lortzearren, 1770an lortu arte. Zentzu horretan matxinoen aldarrikapenak oso argigarriak dira: herri bakoitzeko pisuak eta neurriak berdintzea, kleroak hasikinaren bidez eskuratutako nekazaritza soberakinen kudeaketa udalaren eskuetan egotea eta ez errentari partikularren eskuetan, edota bertako soberakinak herriz kanpo ateratzeko debekua.

1765eko dekretuak ordura arte indarrean egon zen udalek aleen hornidura publikoaren alorrean zuten eskuhartze sistema aldatu egin zuen: bertako produkzioaren bultzatzea, pisuak eta neurriak kontrolatzea, alea udalerritik kanpo ateratzeko debekua harik eta bertako hornidura bete arte, eta oinarrizko gaien prezioen tasazioa; historiografiak "ekonomia morala" bezala ezagutzen duena. Burgesiak eta oligarkia lurjabeak, berriz, gustora hartu zuten dekretua. Hori aprobetxatuta oligarkia lurjabeak eta Donostiako burgesiak espekulazioari ekin zioten: lurjabeek errentaren edo hamarrenen zati handi bat salgaiz kobratzen zuten, merkatariek aleak merke erosi, biltegietan gorde eta eskaria eta salneurriak noiz igoko zain gelditzen ziren. Hori gertatzen zenean, gutxinaka-gutxinaka saldu eta irabazi pottoloak eskuratzen zituzten, kontsumitzaileen poltsikoen kalterako, kontutan izanda horrexegatik eurek ez zituztela merkatuaren gorabeherak nozitzen. Espekulazio jarduera horiek gosea eragiten zuten kontsumiltzaileen artean, hornidura gabetzagatik, eta sabelak hutsik buruak segituan berotzen ziren. 1766. urtean espekulatzaileek Nafarroa, Asturias eta Galizia aldera atera zituzten euskal lurraldeetan ekoizten ziren aleak, diru gehiago irabazteko helburuarekin. Hain zuzen ere, horixe bera gertatu zen Azkoitian matxinada sortu zenean: Loiolako Santutegian zegoen langile talde batek jauntxo baten gurdia bertako aleekin herritik ateratzen ikusi zuen Donostiako biderantz, bertatik esportatzeko. Azkoititik abiatuta mugimendua hedatzen joan zen, bai ekialderantz bai meendebalderantz. Asaldatuen artean tasak kentzea eta merkatuen liberalizazioaren ondorioz kaltetuak gertatu ziren nekazariak, eskulangileak eta arrantzaleak, hau da, herri xehea eta kontsumitzaileak aurki ditzakegu. Oro har, iparsartaldean izan zuen matxinadak indar handiena, Bizkaiko ekialdera arte. Azkoitian eta Azpeitian hasi eta segituan zabaldu zen Deba arroko herrietatik: Elgoibar, Eibar, Arrasate eta Soraluze. Gero bi adarretan banandu zen: bata kostalderantz, Deba, Mutriku, Zumaia, Zestoa, Getaria eta Zarautz, eta bestea barrualderantz, Goiherri eta Tolosalde aldera, non Asteasu, Alkiza, Zizurkil, Aia, Errezil, Goiatz eta Beizama, 1766ko apirilaren 15 eta 19 bitartean, zenbait iskanbila egon ziren. Bizkaian matxinadak Ondarrun, Markinan eta Berriatuan izan zuen indar gehiena, eta Araban, Aramaion, nahiz eta Agurainen eta Gasteizen zantzu batzuk eman.

Errebindikazioek tokian-tokiko kasuistika izan bazuten ere, gai nagusi bat egon zen: aleen, edarien eta haragien salneurria eta merkataritza askearen kontrako aurkako sutsua. Horiekin batera herri lurrak askatasunez ustiatzeko baimena zabaltzea, hamarrenak eta elizaren errentak arautzea, moral publikoa berriz ezartzea eta herriak gobernu erakundeetan parte hartzea eskatzen zen. Liskarretan ez zen hildakorik gertatu, baina jauntxoen ondasunetan txikizio handiak egin zituzten. Udaletxeak okupatu eta udal ofizialak beren baldintzak eta kapitulazioak sinatzea eta betetzea behartu, kasu batzuetan zenbait jauntxo mehatxatu, makurrarazi eta publikoki iraindu, eta beren jauregiak eta ondasunak erre edo deuseztu egin zituzten.

Ordenaren defendatzaileak merkataritza gune nagusietan zeuden. Alde batetik, Donostian eta bere inguruan (Hernani, Urnieta, Andoain, Amasa-Villabona, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia), eta bestetik barrualdeko merkatu eta azoketan, alegia, Tolosa eta Bergaran, hauek baitziren merkataritza eta bitartekaritza jardueretan aritzen zirenak, hau da, espekulazioaren irabaziak jasotzen zituztenak. 1718an eta 1755ean gertatutakoarekin eskarmentua hartuta zuten eta berehala erreakzionatu zuten. Apirilean eta maiatzean, matxinada hasi orduko, garia eta artoa merke banatu zituzten asaldatutako herrietan, 1718an bezala Hiribilduen Batasuna berrezarri zuten, bat Deba Garaian eta bestea Donostialdean, eta errepresio militarra burutzeko indar armatu bat osatu zuten. Manuel Antonio Arriola, Donostiako alkatearen, eta Urgulleko gazteluaren irlandar goarnizioaren Kindelan koronelaren gidaritzapean, Donostian eta bere inguruko herrietan 300 soldaduz hornitutako gudaroste bat osatu zuten, herriz herri joateko. Beraiekin batera Gipuzkoako leinuen ordezkari nagusienak zeuden: Peñafloridako Kondea, San Millan eta Narroseko Markesak, e.a. Beste matxinadetan ez bezala, matxinoek ez zituzten beren errebindikazioak lortu eta zigor gogorrak jasan zituzten: heriotza sententzia batzuk eman arren, azkenean ez ziren bete, eta bakarrik atxiloketak, ondasun bahiketak, isunak, gartzelaratzeak, erbesteratzeak, galeretako zigorrak, e.a. Herri matxino bakoitzeko partehartzaileek auzi kriminala pairatu zuten eta kasu gehienetan kondenatuak izan ziren. Akusatuen artean askok ihes egin zuten Bizkaia, Frantzia edo Ameriketara. Gainera Aldundiak zenbait neurri hartu zituen, gauzak bere onera buelta zedin: aleen gaineko tasa kendu, indarrez sinatutako hitzarmen guztiak ukatuak izan ziren, udal nagusiak debekatu eta errejimenduak eta udal itxiak berrezarri ziren. Asaldadura erreprimitu ondoren, Donostiak zenbait ale kopuru banatu zituen prezio duinetan eta herri bakoitzak behar zuen kopurua jaso zuen. Matxinatuei eman zitzaien gauza bakarra jende xehearen ordezkaria izan zen "komunaren diputatua" karguaren ezartzea izan zen, batik bat kontsumoa eta hornidura zaintzeko ardura zuenak. Noski aginpidea inoiz baino gehiago oligarkiaren eskuetan jarraitu zuen. Hau izan zen jende xehearen eta ahaldunen arteko haustura ekarri zuen lehen gertakaria, gero gerra karlistetan gorpuztuko zena.