Kontzeptua

Euskal Herriko Historia. Aro Modernoa

Herrialdeak ez dira esentzia, baizik eta historia-eraikuntzak, bilakaerak. Europa osoan bezala, euskaldunek eta nafarrek Aro Modernoan zehar izandako historia politikoa ez dago ulertzerik Nazio edo Estatu kontzeptuen bidez; garai hartako komunitateei atxikita zeuden, tokiko komunitate edo erresuma eta probintzia gisa, horiek eratzen joan ziren neurrian. Aro Garaikidera iristean, euskal probintziek edo Nafarroako Erresumak komunitate politiko ezberdinak osatu zituzten; Erdi Aroan eta Aro Modernoan eratu ziren modu hartara, Europako monarkien eremuan. Modu hartara antolatutako probintzietara egokitzeko prozesu luzea behar izan zuten izaera oso desberdineko tokiko komunitateek, goreneko unitate politikoen baitan; Aro Modernoko prozesu politikorik esanguratsuena izan zen.

Erresuma edo probintzia bakoitza ez zen itxuratu unitate politiko homogeneo modura, baizik eta elkarri erantsitako herri, bailara, herrixka eta modu guztietako korporazio modura; eta bakoitzak bere eraketa bereziari eusten zion, eskumen, lege partikular eta bildutako botere ugarirekin.

Erdi Arotik aurrera, hiribilduak, jaurerriak eta Eliza gainjarri zitzaien, beren eskumen eta erakundeekin, "lur lauko" komunitate primitiboei. Hiribilduek, sortzez erregearenak edo jaun batenak, berezko eskubide bati jarraitzen zioten eta erregearen edo jaunaren eskumenaren eremuan zeuden. Arabako eta Nafarroako jaurerrietan, jaunak eskubidea zuen justizia erabiltzeko eta alkateak aukeratzen esku hartzen zuen. Elizak bere eskumena erabiltzen zuen elizbarruti eta bikariotzetan. Korporazioek ere (gremioek, kofradiek) kontuan hartzeko eraginez arautzen zituzten botere-eremuak, hala nola Bilboko merkatarien kontsulatua edo Donostiako Santa Katalinako kofradia.

Egitura horri gainjarri zitzaizkion probintziako erakundeak, jaurerriarenak edo erresumarenak eta, horien gainetik, Gaztelako koroarenak, ordezkari hauekin: erregeordea Nafarroan, korrejidoreak Gipuzkoan eta Bizkaian, eta ahaldun nagusia Araban. Komunitate horiek kontratuzko harremana zuten erregearekin, bi aldeak lotzen zituena: komunitateek onartzen zuten erregearen ebazpen bidezko boterea, eta erregeak komunitate bakoitzaren foruak errespetatzen zituen. Komunitate horiek "foru-baimena" erabiltzen zuten errege-xedapenek foruen aurka egiten ez zutela kontrolatzeko.

Erdi Aroan zehar, bertako komunitateak unitate politiko handiagoetan antolatu ziren, lurraldeak garaituz edo galduz, maiorazkoaren bidez lurraldeak erakunde politiko batekin elkartuz, eremua herrien (foruak eta eskumenak zituzten guneen) inguruan berrantolatuz, boteredunen arteko itunen bidez, komunitateetako Ermandadeen bidez, eta abar.

Foru-erakunde politikoak oso modu desberdinean eratu ziren, bai erritmoari bai emaitzei dagokienez. Nafarroako Erresumak oso garaiz lortu zuen erreinu izaera; erakunde-antolaketa konplexua eta handia zuen. Gipuzkoa eta Araba probintziak beren hiribildu eta udalerrietako Ermandadeen inguruan eratu ziren, gaizkile eta bandokideengandik babesteko elkartuz; XIV. edo XV. mendean hasi ziren gauzatzen politikoki eta lurraldeari dagokionez. Bizkaiko Jaurerrian prozesua motela eta nahasia izan zen, gizarte-biolentziak eta lurralde-zatiketak eragindako giroaren ondorioz.

Probintzien politika- eta lurralde-antolaketa bi elementu garrantzitsutan oinarritu zen: foru-eskubide bat eratzean eta lurralde-batzordeetan.

Prozesu hartan, funtsezko elementua izan zen pixkanaka foru-egitura juridiko bat eratzea. Probintzia bakoitzeko foruek askotariko corpus juridikoa biltzen zuten, eta honako hauek osatzen zuten: ohiturazko zuzenbideko elementuek, erregeak emandako foru eta pribilegioek, Ermandadeen koaderno eta ordenantzek, adiskidetasun-hitzarmenek, Batzar eta Gorteen akordioek, errege-zedulek edo foru-antolamenduari zegozkion hornidurek, auzitegien eta kantzelaritzen jurisprudentziek, eta abarrek. Testu horiek guztiak foru-eskubidearen eremu pribatua eta publikoa zabaltzen eta zehazten joan ziren, lurralde bakoitzari zegokiona, eta horietan gehitzen ziren eguneroko bizitzaren eta instituzio-eremuaren hainbat alderdi arautzen zituzten erabilerak eta ohiturak.

Batzar eta junta korporatiboen sistemak osatzen zuen instituzio-sarea. Herri eta herrixketako gobernua modu esanguratsuan garatu zen mende horietan zehar; auzotarren kontzeju ireki izatetik kontzeju itxi edo errejimentu bidezko gobernu izatera igaro zen. Herri handietan gertatu zen hori lehenik, Erdi Aroaren amaieratik aurrera; pixkanaka, herri ertain eta txikietara zabaldu zen; eta, azkenik, herrixketan ezarri zen, XVIII. mendearen azken herenean. Herriak beren foru eta ordenantzen bidez gobernatzen ziren, eskumeneko autonomia zuten, beren agintariak aukeratzen zituzten eta alkateak gauzatzen zuen bertako justizia arrunta. Aldiz, Kantauriko bailaretako herrixka edo elizate gehienak ohiturazko zuzenbidearen bidez eta auzo-etxeetako jabeen batzar bidez gobernatzen ziren.

Herrietan, batzar bidez bideratzen zituzten beren jarduerak merkatarien, marinelen, arrantzaleen, olagizonen eta artisauen hainbat korporaziok; hala nola, merkatarien kontsulatuak, marinelen eta arrantzaleen kofradiak, artisauen kofradiak edo burdinola handien jabeak.

Eskala handiagoan, antzinatik izan ziren beren batzarrak zituzten lurralde-erakunde jakin batzuk, eta aldi hartan autonomia handia izan zuten probintzien barruan. Bizkaiko Jaurerrian sartzen ziren, Bizkaiaren erdiguneko herri eta elizateez gain, Durangaldea -Merindadeko Batzarra izan zuen 1876 arte- eta Enkarterriak -Avellanedako Batzarra izan zuen XIX. mendearen hasierara arte-. Araban, Ermandadeak sei taldetan multzokatzen ziren. Nafarroan, Zaraitzu, Aezkoa, Erronkari eta Baztan Pirinioetako bailaretan, bakoitzak bere Batzar Nagusiaren bidez gobernatzen zuen.

Probintzia bakoitzeko Batzar Nagusien eta Nafarroako Erresumako Gorteen garapenean oinarritu zen, bereziki, probintzien edo erresumaren eraketa politikoa. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Batzarretan kontzejuka edo lurraldeka egiten zen ordezkaritza; Nafarroako Gorteetan, berriz, estamentuka.

Probintzia horiek elkartze bidez osatzea, batzar bidezko gobernuaren bidez zehaztu zen, hau da, bertako hainbat komunitateetako ordezkarien batzarren bidez. Aro Modernoan garrantzi handiagoa hartu zuten erakunde horiek. Hasieran, kasu askotan, batzar bakoitzak bere prokuradorea bidaltzen zuen; aginduak ematen zizkieten erabakiak hartzea mugatzeko, eta ezin izaten zuten agindu horietatik urrundu, kontzejuari berriz kontsultarik egin gabe. Pixkanaka, probintziako erakundeek gero eta nagusitasun handiagoa lortu zuten, "agindu inperatiboaren" ezezkoaren bidez, lurralde guztirako Batzarraren akordioek zuten izaera loteslearen bidez, eta foru-arauak gehiago babestuz eta zainduz; hala ere, neurri handi batean eutsi egin zitzaion tokiko komunitateen antzinako antolaketari.

XVI. mendetik aurrera, probintziak aldundien eraginez ere indartu egin ziren; organo iraunkor horiek aldizkako Batzarren esku zeuden, eta gobernua eraginkor bihurtzen zuten azken horiek, bilkuratik bilkurako tarteetan. mendearen amaieran, eta batez ere XIX. mendearen lehen zatian, Aldundia ezarri zen, behin betiko, probintziako benetako gobernu gisa; langile espezializatuak eta iraunkorrak, zerga-sistema indartua eta zenbait funtzio nagusi zituen, eta bertan pilatzen ziren tradizioz tokiko komunitateen esku egondako funtzioen zati handi bat.

Errealitatean, konplexua zen lurralde-, gizarte- eta korporazio-elementu hain desberdinak probintzia bakoitzaren baitan antolatzea, eta hainbat komunitate eta korporaziorekin harremanak izateko eremu malgua eskatzen zuen. Hasiera batean, elementu horiek probintziako erakundeetan antolatzen baziren ere, eskuarki, elkar ulertzeko, korporazio-instantziek negoziazioak eta akordioak egiten zituzten, edo partaide ziren "aldeen" arteko konferentziak; helburua, desberdintasunak gainditzea edo guztien intereseko gaiak lantzea zen.

Eskumen aniztasun hura etengabeko liskarren iturri izan zen eta, askotan, auzibidez konpondu behar izaten ziren erakundeen arteko desadostasunak eta lehiak. Jaun- eta eliza-auzitegiez gain, probintziek eta erresumek beren auzitegi nagusiak ere bazituzten. Nafarroako Erresuman, Kontuetako Ganbera, Gorte Nagusia eta, apelazioan, Nafarroako Errege Kontseilua, maila goreneko auzitegia. Gipuzkoan eta Bizkaian, korrejidorearen auzitegiak edo korrejidorearena eta ahaldunenak. Araban, Ermandadeen kasuetarako auzitegia, ahaldun nagusiak eta aholkulariek osatua. Apelazioetarako, hiru probintziek Valladolideko Kantzelaritzara jotzen zuten (han, Bizkaiko Jaurerriak bere auzi-gela berezia eta epaile nagusia zeuzkan, eta hark Bizkaiko foruaren arabera epaitzen zuen) eta, besterik ezean, erregearengana eta haren kontseiluengana, bereziki Gaztelako Kontseilua. Auzitegi horien epaiak foru-ordenamenduen elementu garrantzitsu izan ziren.

Probintziek eta herri nagusiek negozio-agenteak zituzten Valladolideko Kantzelaritzan, eta agente mandatariak Gortean, beren gaiak mugitzeko. Hala ere, negoziazioen arrakasta, askotan, herrialdean bertan Gortean itzal handiko pertsonaiak izatearen esku egoten zen. Mende horietan zehar, eta bereziki XVIII. mendean, Gortean nafarren, bizkaitarren, enkarterriarren edo gipuzkoarren lobby boteretsuak egon ziren; oso goretsiak ziren monarkiaren gobernuan, eta beren komunitateen babesle gisa aritzen ziren pribilegioak lortzeko edo defendatzeko.

XVIII. mendetik aurrera eta batez ere XIX. mendearen lehen hamarkadetan, sendotu egin ziren probintziaren eremua eta erakundeak. Erakundeak haziz eta funtzioak beren gain hartuz joan ziren, administrazio bat eta probintziarako zerga-sistema bat finkatu ziren, bide-sarea garatu zen, eta tokiko edo korporazioko leialtasunen gainetik probintzia-eremua antolatu nahi zuen elite bat ezarri zen. Halaber, XIX. mendean areagotu egin ziren probintziarteko harremanak, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako prokuradoreen hitzaldien bidez; helburua probintzien arteko gatazkak konpontzea zen, edo elkarrekin batean zituzten gaiez jardutea, hala nola foruei eustea.