Lapurdiko Hermandat-a. Hermandatek, erakunde militar gisa eta herri-jatorrikoak, 1396an du jatorria. Lapurtarrek Penintsulako ermandadeen antzera antolatu zuten. Hermandatek 1400 eta 1403an jaso zuen errege onespena. Elkarrekiko zin eginez elkartu ziren gaizkile, erreboltari eta gerra-bultzatzaileen aurka borrokatzeko, kapareak izan ala ez. Hermandatek epaitzen zuen, bailea (erregearen ordezkaria, haren kontuez ardura zuena) bertan egon ala ez, eta azken honek epaia betearazi behar zuen. Arauek zuzenean, oinarrian eta hiztegian, hegoaldekoen araudietan hartzen zuten ideia. Joan Gantekok, Akitaniako dukeak, onartu zuen Hermandat hau, eta 1403an, Ingalaterrako Enrike IV.a erregeak.
Hermandata lapurtar guztien konpromisotik jaio zen. Baile berri orok, bere kargua bete baino lehen, parrokietako ordezkarien aurrean araudiaren arabera gobernatuko zuela zin egin behar zuen eta orduan bakarrik beraien mendekotasuna zin egiten zioten. Baileak zin egiteari uko egiten zionean, lapurtarrek ez zuten onartzen. Hermandaten oinarriak hauexek ziren:
1) Edozein egoeratan gaizkile guztien eta laguntzaileren aurka;
2) Hermandatek, kapare izan ala ez, delitua edo krimena egiten zuen edozein jazartzen eta epaitzen zuen.
3) Hermandatekk kapare baten etxe gotortuan babesten zen gaizkilea jazartzen zuen, eta, aurkako jarrera egonez gero, erasotzeraino helduko zen.
4) Bailearen edo haren laguntzailearen laguntza eskatuz gero, jardun egin behar zuten, baina Hermandatek bere laguntzarik gabe jarduteko ahalmena zuen, baita kapareen aurka ere.
5) Parrokien artean elkartasuna eta erantzukizuna zegoen, bi probi homines-ek gaizkilearen berri baileari eta beste parrokiei eman behar zieten.
6) Baileak urtean hiru aldiz bildu behar zituen parrokia bakoitzeko delako bi probi homines eta, zin egin ondoren, Hermandateko araudiak betearazteaz arduratuko ziren: badirudi hau dela Hermandatearen auzitegiaren eta Biltzarraren ohiko bileren jatorria.
7) Urteko bilera horretan, probi homines hauek edo alkateek ondo gobernatuko zutela zin egiten zuten, eta bailearen zina ere jasotzen zuten. Gainera, beren parrokietan polizia-botereak zituzten.
8) Inork ezin zion atzerriari irtenbiderik eman bost ezkuturen zigorpean.
9) Egiten zen delitu oro biktimak salatu behar zuen parrokiako alkatearen aurrean. Hark justiziarik ematen ez bazuen, orduan Hermandaten batzarra auziaz arduratzen zen.
10) Delituen eta zigorren zerrenda bat zegoen
11) Berme judizialak kontuan hartzen ziren, hala nola, fidantza.
12) Lapurtar guztiek, 14 urtetik aurrera, Hermandati zin egin behar zioten.
